Zergatik ikasi neban euskara
Lagun batek eskau eustan lerro batzuk idazteko ea zergaitik hasi nintzan euskera ikasten, bai eta zein izan zan ikasteko bide hori labur azaltzeko be. Gainera, berak eskau eustan legez, ‘motu proprio’ idatziko ditut lerro honeek, inork eskau barik.
Jaurlaritzako langile euskaltzalez osatutako Tiraka taldeak euskaldun berriei bereziki zuzendutako kontaketa pertsonalen bilduma egin du. Hamar istorio pertsonal jaso ditu taldeak, eta ZuZeun argitaratuko ditu. Euskararekin bizi izandako pozak, tristurak…nahi adina nahastuz, pasadizoak, frustrazioak, ilusioak…
Euskararen strip-tease bat (XII): Zergatik ikasi neban euskara
Nik ekin neutsan euskera ikasteari andrazko baten maitasunagaitik, gaur egun andra dodanaren maitasunagaitik. Ikusi zeinkie maitasunaren indarra guztiaren gainetik jarten dala.
Euskera ikasten liburuetatik hasi nintzan. ‘Euskalduntzen’ metodoaren 3 liburuak buruz ikasi nituan etxean, eta orduko nobiagaz, egun andra dodanagaz, mintzapraktikak egiten. Orduko denboran uste neban guztia egoala liburuetan. Eta oker nengoan, jakina! Ondiño gogoan daukat “ni naiz, hi haiz, hura da…” leloa, eta orduko berba barriak. Sasoi haretan ez egoan diru-laguntasunik ez ezer, euskera ikasteko, baina gogoak dana ahal izan eban. Franco hil barri zan, eta nik etxean jardun neroan liburu hareek buruz ikasten.
Haretan-horretan erabagi neban euskeraz egiten eben herri batera joan behar nebala hango barri jakiteko, eta horretaraxe egin neban, gure andragaiak topautako baserri baten. Berehalaxe konturau nintzan liburuetako euskerak eta han egiten ebenak baeukiela zer edo zer alkarregaz, baina belarriak ez eban emoten begiak beste.
Horren pasadizo bat kontauko deutzuet: gau baten gonbidau ninduen afaltzera, eta bapo eginda nengoan postreetara heldu aurretik. Orduan etxekoandrak eskaini eustan arrozesnea hartzeko. Nik ez neutsan ezer ulertu, baina… ea nor ausartzen zan barriro esateko gonbita; halandaze, ez bat eta ez bi, baietz erantzun neutsan… eta arrozesnez betetako katilu handia ekarri eustan mahaira. Eta jan egin behar! Eta jan egin neban, baina neure artean esan neban: “Lobera, hemendik atzera adiago egon behar dok, horrelakorik barriro jazo ez dakian”.
Beste pasadizo bat be polita izan zan: herri horretako auzo bateko jaiak ziran, eta nik neure burua eskaini neban txanda hartzeko, eta hara non esan neutsan tabernariari: “Mesedez, hiru garagardo”, eta ez dot sekula ahaztuko haren erantzuna: “Ze garagardo eta garagardondo, hemen zerbeza esaten dogu”. Zenbat ordu emon ete neban ‘garagardo’ berba eta beraren moduko beste asko buruz ikasten!
Urteak garrenean, gure maiorazkoa umea zala, gure andraren baserrian, uda baten, ezpada batek haginka egin eutsan gure semeari bekokian, eta larrialdietara eroan behar izan genduan gure semea. Osagilea euskalduna zan, eta bere herriko euskeran esan eutsan gure semeari: “Agarra fuerte”, baina gure semeak ulertu ez, eta ez jat ahaztuko osagile haren erantzuna: “Ez dakixu euskeraz ala?”. Gure etxeko (orduko neure egindako) euskeraz esan geuntsan gure semeari gogor eusteko oihalari. Gure andraren herritik osagilearen herrira 15 kilometro exkax dagoz.
Beste hamaika pasadizo daukadaz gogoan, baina ale batzuetarako nahikoa dozue honeekin. Ez neuke amaitu nahiko hau esan barik: euskaldun barri edadetua nozue, ondiño euskera ikasten segitzen dauena, eta maitasunaren indarrak zabaldutako ateak poztasunaz gozatzen segitzen dauena.
Ez ete jatzuen hau aspergarri suertauko!
Euskaldunbarri bilbotarra
“Agarra fuerte” euskara da… Ondarrun do Eibarren izango da hori… 😉