Planetako biztanleria jaisten hasiko da 2050. urtetik aurrera

8.000 milioi biztanleko langa ez du gaindituko. NBEren hipotesietako bat da hori, eta zientzialari espainiar batzuek berretsi dute. 2100 urterako planetan gaur baino gizon-emakume gutxiago biziko direla diote. Hipotesiak goitik behera suntsitu du biztanleriaren etengabeko hedatzea aurreikusten duen pentsamendua.

Hong Kong
Hong Kong

Zoriontzeko moduan al gaude? “Biztanleria milioi bat gehiagok denoi bizitza zailtzen digu. Hori bezain sinplea da”, zioen argi demografian aditu batek, Nazio Batuen Erakundeak 2100 urterako arteko proiekzio demografikoak argitaratu zituenean. New York Times egunkariak jaso zuenez, NBEk XXII. menderako 10.000 milioi biztanle izan zitezkeela kalkulatu zuen. Halere, koska zabala jarri zuten -biztanleriaren beherakada ere aintzat hartuz- etorkizuneko jaiotza eta heriotza tasen aldaera ezberdinen arabera. “Munduaren amaiera al da? Ez. 10.000 milioi pertsona elikatu ditzakegu? Ziur aski bai, baina agerikoa da hobeto ginatekeela populazio txikiago batekin”, azaldu zuen aditu berak NYT egunkariko erreportajean.

World Population Prospects (2010 Revision)
NBEren biztanleria proiekzioak (2010)

Ondorioz, albiste ona da Madrilgo Unibertsitate Autonomoko zientzialari talde batek lortu duen emaitzak [PDF]. Iragarri dute 2050 urtetik aurrera populazioak behera egingo duela; NBEren proiekzio muturrenetako bat bere egin dute. 2100 urtean 6.000 milioi biztanle izango dira haien kalkuluen arabera, 2000garren urteko datuetara itzuliz. “Gainpopulazioa 1960ko eta 1970eko hamarkadako mamua izan zen”, nabarmendu du ikerlarietako batek. 1980ko hamarkadan mendebaldeko herrialdeetan jaiotza tasak behera egin zuen, bizi itxaropenak hazten segi zuen bitartean. Ikerketaren laburpenak gainpopulaziorantz jo duten ikerketen okerra azpimarratu du, besteak beste, 1992 urtean esaten zelkoa 2010 urterako 7.170 milioi lagun izango zirela planetan, baina zenbakia 6.800 milioira besterik ez zelako heldu.

Lehen munduko deitu ohi diren herrialdeetan populazioaren beherakada saihestezin bihurtzen ari den heinean, Afrikako kontinenteak igoera ikusgarria izango duela diote ikerketek (1.000 milioira heldu da dagoeneko). 2050 urterako Espainiako Estatua munduko hirugarren zaharrena ere izango dela iragarri dute. Are gehiago Euskal Herria, 42 urteko bataz bestekoa baitu egun. Euskal Herria Europako hirugarren gizarte zaharrena da Alemania, Italia eta Bulgariaren atzetik.

Biztanleriaren %70 hiri handietan biziko dela uste du NBEk.

Informazio gehiago:

Could Earth’s Population Peak in 2050?, The Atlantic Cities

U.N.: World Population Increasingly Urban, CBS News

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra