Zergatik igo da Gipuzkoan turismoa?
Gipuzkoak turisten marka hautsi du 2013an. 2012ko datu txarrak Bilduri egozten zizkionak, zer esango du orain? Zenbateko eragina dute unean uneko agintari politikoek bisitariak etortzearekin?
Ia milioi bat lagunek igaro dute gaua Gipuzkoako hotel edo nekazal etxeren batean, 2013 urtean zehar. Inoizko markarik onena lurraldearentzat. Ez hori bakarrik: Bizkaia eta Arabaren aldean —han turistek behera egin dute— datu onak dauzka Gipuzkoak, %1eko igoera lortu baitu 2013 urtean.
“Gauzak ondo egiten ari gara, Aldundiaren, eskualdeen eta Donostiaren arteko koordinazioa landuz”, diote Foru Aldundian, baina “ahoz ahokoa da kanpainarik onena. Gipuzkoarrek turismoaren onura ikusi dute eta bisitariek herritarren adeitasuna”. Eusko Jaurlaritzako Turismo sailean ere Gipuzkoako datuak goretsi dituzte, batik bat, EAEko beherakadari izkin egin dion lurralde bakarra delako.
Gauzak ez ziren hain politak izan iturri beretik 2012ko datuak argitaratu zirenean. 2012an Gipuzkoak beherakada izan zuen, %6,4 Espainiako estatuko bisitarietan. Urtetako gorakadatik zetorren lurraldeak atzera egin zuen abuztutik abendura, nabarmen egin ere. Orduko hartan, labanak zorroztu zituen Patxi Lopezen gobernuak, eta errua ekainean Diputazioko makila hartu zuen Bildu koalizioari. Pilar Zorrilla Jaurlaritzako Turismo zuzendariordeak 2013ko urtarrilean inuzenteki aipatu zuenez, “bat egiten du aldaketa politikoak bisiten jaitsierarekin”. Hori gutxi ez turismoaren arazoa errotik konpontzera deitu zuen PSEko gobernukideak.
Zenbat telebista solasaldi bete ote ziren turismo datu eskasak Martin Garitano eta Juan Karlos Izagirreren balizko kudeaketa txarrari buruz. Donostiako alkateak datuak harritu zuen, ez baitzen udalak jasotakoarekin bateragarria. Adierazpen bat eta bestea kateatu, eta “iskanbila piztu zen”. Horrela zioen kritiken bozgorailu lanak egin zituen Diario Vascok.
Estatistika berriak, 2013koak, webgunera zituen Vocentoren egunkariak: “Gipuzkoa, 2013an turistak irabazi zituen lurralde bakarra”. Ez da inongo alderdi politikoren baloraziorik ageri, ezta, jakina, Bilduren kontrako ahotsik ere. Non gelditu dira 2013 hasierako kritika zorrotzak? Non turismo datuen gaineko ardura politikoak?
Agintariei esker igo da 2013an?
Gipuzkoako politikarien esku ote dago turismoaren bilakaera? Hein batean badago. Baina, badu zentzurik indar politiko bati egoztea unean uneko datu zehatz baten ardura? Ez dirudi propaganda merkea besterik.
Bilakaera luze bat da eskualde baten erakarpen turistikoa. Instituzioek asko jarri dezakete, baina eta ostalariek? ostatuek? herritarrek beraiek? Merituaren handia horiena da. Komeni da hori kontuan hartzea, gauzak txarto ala ondo joan.
Gipuzkoan agintea nork izan, edo Araban, Nafarroan, Cuencan edo Piamonten, ez da turistaren erabakiaren muina. Instituzioek sektorea bultza dezakete, baina lehengaiak betikoak dira gehienetan. Zenbakietan gora beherak daude, mila baldintzaren arabera.
Zenbat turista ekarriko ditu CNNren 2014ko gomendioak? zenbat 2016ko Europako Hiriburu Kultural izateak? zenbat surf egiteko 20 herri hoberenetakoa izateak? zenbat MyDestination bideoaren saria irabazteak? (…)
Instituzioek ezin dute haien burua zuritu, eguraldia aitzaki jarriz. Haien lana sektorearen plan estrategikoa gauzatzea da. Ardurari uko egin gabe, erru guztia ere ezin dute sorbalda gainean hartu. Ezta meritu dena ere. Momentu horretan oposizioan dagoenak, 2013an Jaurlaritzak egin ez zuen bezala, hobe luke kritikak tamainan jarri alferrikako iskanbilak sortu baino. Zenbat ordu galdu genituen Bildu eta turismoaren beherakadaren lotura analizatzen? Gipuzkoarrak despistatzen…
Eta, azken galdera eta zailena, zergatik igo da turismoa Gipuzkoan 2013an?
Eguneratuta:
Radio Vitoria: “Gasteizko Udalak (PP) Jaurlaritzari (EAJ) laguntza gehiago eskatu dio turismoarentzako”
ETAren borroka armatuaren amaierak ba al du zerikusirk? ETAk Euskadiri ematen zion fama eskasak ba al du zerikusirik?