Zergatik dugun ezinbestekoa independentzia

Zergatik dugun ezinbestekoa independentzia –

Herri edo Nazio bat dagoen lekuan, gaurko Mundu honetan, Estatu propioa ezinbestekoa da, Nazio horren biziraupena ziurtatzeko, besterik gabe. Euskaldunok Historian dugun ibilbideak hori frogatu digu, eta une honetan bizi dugun garaiak are argiago agertzen digu Estatu independentea izatearen premia.

Zergatik dugun ezinbestekoa independentzia

Zergatik dugu ezinbestekoa Estatu independentea? Estatu orok sistema  propioa osatzen duelako, Nazio edo Herri zehatz baten nortasun ezaugarri nagusietan ardatz hartuta. Hizkuntza, Kultura, Lurraldetasuna, Historia partekatua, Komunitate kontzientzia, hauek izan ohi dira ezaugarriak.  Euskal Herria Nazioa da ezaugarri hauek partekatzen dituen neurrian, baina gaur egun ez du ezaugarri horiek babesteko sistema propiorik, eta ez dabil bide horretan. Are okerragoa dena, Euskal Herriaren nortasun ezaugarri propioak ahultzen ari dira eta guztiz galtzeko zorian ere egon daitezke, okerreko bide honetan.

Zergatik diogu okerreko bidea dela gaurko hau? Euskal Herrian ez dugulako gaur egun proposamen politiko sinesgarririk Estatu independente bat osatzeko bide egingarria eskaintzen digunik. Izan ere, indar politiko abertzale kontsideratuak oso bestelako dinamika politikoetan  integraturik agertzen zaizkigu. Begira dezagun Ipar zein Hego Euskal Herrira: kasu batean zein bestean, Parisen edo Madrilen zein gobernu mota eratzen den eta txandakako gobernu horiekin nolako harreman mota antolatu, horra hor alderdi horien kezka politiko nagusia azkenaldian. Jarrera horien justifikazioa beti izaten da aurrera pausuak eman beharra, eta hori lortzeko bide bakartzat, norbere boto kopuruan gora egiteko premia. Zer gertatzen da, baina, ondorioz? Balizko helburu taktiko horietara bidean, indarrean diren Estatu espainiarraren eta frantziarraren sistemak indartu egiten direla, biak ala biak, eta euskaldunok sistema propioa lortzeko bidea lausotu, ilundu eta, azkenean, ezabatu.

Estatu espainiarra eta frantziarra sistema egituratu eta itxiak dira, eta horien funtzio nagusia da bere baitan beste sistema independenterik sortzeko edozein bide ezabatzea

Kontua da Estatu espainiarra eta frantziarra, biak ere, sistema egituratu eta itxiak direla, eta horien funtzio nagusia dela bere baitan beste sistema independenterik sortzeko edozein bide ezabatzea. Orduan, sistema horietan integraturik jokatzen duten euskal alderdiek azken finean Estatu bi horiek indartu egiten dituzte, eta euskal Estatu baten aukera baztertu (hitzez noizbehinka bestelakorik esan arren). Adibideak argiak dira: “elebitasun” faltsuak euskara zulora darama, espainiera konstituzioz derrigortzen delako (hau da, unibertsala bihurtzen delako) euskaldunon artean, eta euskara aldiz ez. Botere exekutibo edota legegilearen antolaketan, euskal alderdiak konpartsa bihurtzen dituzte, sistema politiko nagusia Estatu mailakoa delako (eta euskal alderdiek horrela izatea onartu dutelako). Botere judiziala deituan, beste horrenbeste.

Aldaketa kualitatiboa gertatzen ari da euskal naziotasunaren kontzientzia subjektiboan, euskal alderdien jokabide horren ondorioz. Dinamika horretan harrapaturik, belaunaldi berriek batez ere, nazio kontzientzia propioa galdu eta naturaltzat hartzen ari dira sistema espainiarra edo frantziarra, sistema bakoitzaren arlo nagusi guztietan: espainieraz edo frantsesez mintzatzen dira naturaltasun osoz, metropoliaren kultura adierazpen guztiak bereganatzen dituzte, eroso sentitzen dira nortasun horiek inposatuak direla sentitu gabe.

Euskal subjektibitate berritua sortzea da gaur egungo premia, naziogintza berrituaren bitartez. Gaur egungo krisi egoeratik prozesu berritzailera abiatu beharra.

ARGIArentzat egindako kolaborazioa

[#EztabaidaNazionala] Naziogintzaren oinarrietan

Zergatik dugun ezinbestekoa independentzia Zergatik dugun ezinbestekoa independentzia

9 pentsamendu “Zergatik dugun ezinbestekoa independentzia”-ri buruz

  • Benat Castorene 2022-09-26 09:10

    Artikulu hau biziki orokorra da, erran nahi dut hitz gutitan EHa goitik ikusita bere osotasunean hartzen du. Baina den bezala, merzimendua dauka zeren egoera sakonki, sinpleki, argiki eta erralismo askorekinz esplikatzen baitu. Espero dut artikulu honek jarrapena izanen duela.

  • Eta zein dugu prozesu berritzailera edo naziogintza berritura iristeko bidea?

  • Beñat Castorene 2022-09-26 16:16

    Hau da egiatan galdera. Baina ez dezake artikulu bakar batek erantzun ezta gizon bakar batek ere. Hemen orokortasunetan geratzen da baina orokortsasun horiek erran behar ziren bide okerretan ez abiatzeko.

  • Beñat Castorene 2022-09-26 18:13

    Irakurri dut aurreko artikulu hori. Egia da piskat esplizituagoa dela bideari buruz baina ez naiz segur dena ondo konprenitzea.
    “Euskal Herriari nazio antolaketa demokratikoa eskaini behar diogu. Hau da, Estatu independente moduan antolatu behar dugu”
    Zer erran nahi duzu?Gaurtik beretik dauden estatuen aldean borroka moduan? ala balizko egun zoriontsuren batean? Ezda gauza bera eta
    Gero diozularik “Euskara da naziogintza positiboaren ardatza” ados niz zurekin (nahiz euskaltasuna nahiago nukeen) zeren bestenaz Iparraldeko asko, ni barru, ez lbaiirateke mugituko ere. Kontziente naiz ekarriko gintuzkeela lurralde asko abandonatzera batez ere Iparraldearen parte jakin bat.
    Ene uste apalez lehen ezinbesteko urratsa litzateke Erresistentzia Kontseil Nazional bat ( frente bezalako zerbait) eratzea zure diagnostikoa partekatzen dutenekin.
    Ezin gara urrunago joan artikulu honen markoan.

  • Ez da kontu erraza era honetako gune txikian erantzuteko. Naziogintza eta estatugintza bereizi behar ditugu erritmoetan. Naziogintza une honetatik aurrera garatu behar dugu modu gero eta indartsuenean, krisi larrian gaudelako. Baina bestalde naziogintza ezin da izan besterik gabe “urratsak aurrera emate” hutsa. Zergatik? Aurrera egiten ditugun pausuek, garrantzia izanda ere, ezin dutelako gure nazioa, Euskal Herria, gainbeheratik salbatu. Pausu horiek bere horretan soilik ezin dute sistema propio oso bat antolatu, beste sistema oso eta indartsuagoen mende gaudelako, eta urrats partzialak asimilatu egiten dituzte eta gure naziogintza gradual hori integratu eta disolbatu. Horregatik lortu behar dugu sistema edo polisistema integral eta osoa, ahal den dimentsioan edo lurraldean, eta hobetsiz Euskal Herri osoan lortzea. Hau da, Estatu propioa. Prozesu dialektikoa da. Une honetan, estrategia koherentea adostu behar dugu Euskal Herri mailan, Ipar zein Hego, eta praktikara abiatu. Hori prestatzeko urratsak eman nahian gabiltza. Animatu zu eta ingurukoak ere @naziogintza -n lan egitera

  • Benat Castorene 2022-09-27 10:20

    Bai hemen batez ere inbasioa eta printzipiorik gabeko kolaborazio politikagatik euskal identitatearen eta euskararen desintegrazio prozezua hain zalua da nun naziogintza hil ala bizikoa baita. Desintegrazio prozezu hori borrokatu ezean estatugintzak ez du zentzurik ezta justifikaziorik ere. Nola eta zergatik asmatu bada euskal estatua asimilatuz beteriko lurralde batean?Zozokeria da. Gainera horregatik estatugintza ez litzateke egingarria izanen naziogintza aurreratuko den lurraldeetan baizik. Besteetarako beste soluzio bat asmatu behar liteke bertan bizi diren azken euskaldunak abandonatzeko.
    Baina egia da naziogintza eta estatugintza arteko dialektika hausnartu behar dela aitzineko ilusioak ez errepikatzeko.
    Nik errango nuke animatu behar garela, @naziogintza barru, frente batean lan egitera gure talde sektarioen arteko ohiko konkurrentzia atabikoa kontrolatzeko eta ez suspertzeko.

  • Beñat Castorene 2022-09-27 10:59

    (…azken euskaldunak ez abandonatzeko…) erran nahi nuen.

  • Ados, joan gaitezen orduan praktikara, bildu eta abiatu @naziogintza