Debekatzeko modukoa da kalean biluzik ibiltzea?
Gorputz ia biluziak egunero ikus ditzakegu autobus markesinetako publizitate posterretan. Beti lirainak, gihartsuak, bulartsuak. Aldiz, benetako gorputzak biluzik paseatzea zigortzen dute gure hirietako araudiek.
- Iruñea, 2006 urtea. Udal araudia urratzearren 700 euroko isuna jaso du Luis Maria Perez. “Hiritarren lasaitasuna” apurtzea leporatu diote, larru gorritan zebilelako paseoan. (Diario de Navarra)
- Gasteiz, 2010. Udaltzaingoak gizon gazte bat atzeman du Prado kalean. “Erakuskeria” edo “iskanbila publikoa” praktikatzeagatik salatzeko mehatxu egiten dio. Mutilak eskaera onartu eta jantzi egiten da. (El Correo)
Debekua
Gizakiak mundura berdin gatoz, amaren barrutik eta biluzik. Nerabezarotik aurrera, ordea, gehienetan biluziak esfera intimorako besterik ez dira gelditzen, familia-lagun girorako ere bai batzutan. Hortik haratago, bada biluztasun publikoaren adibiderik. Nudistek hondartzetan larru gorritan egoteko hautua egiten dute, eta horretarako baimena luzatzen dute Udalek. Badira munduan zehar hainbat kanpin eta hotel ere non nudismoa den ezaugarri nagusi. Aldiz, eremu itxi batzuetatik kanpo legez kontrakoa da biluztasuna. Berdin du imintzio sexualik ez egiteak, genitaleak bistan eramatea nahikoa da poliziaren arreta jasotzeko, eta zigor mehatxua. Normalean biluziak arropa janztea nahikoa du bere bideari besterik gabe aurrera egiteko.
San Frantziskon, askatasun indibidualen Mekan, debekatzear daude kaleko nudismoa. Eztabaida puri-purian dago, bi polotan banatuta: morala legez arautzearen aldekoak eta askatasun indibiduala ezer baino gehiago desiratzen dutenak. “Nik ere nahiago nuke ez ikusi laurogeitaka urteko gizen biluzi bat eguzkia hartzen Golden Gate parkean. Baina, zoriontsu egiten badu gainditu dezaket nire azaleko gustu estetikoa”. Conor Friedersdorf blogariak The Atlantic hedabidean idatzitakoa da, ‘We Need More Relatively Unattractive People to Be Naked on the Street’ artikuluan. (Erakargarria ez den jende biluzi gehiago behar dugu kaleetan). “Victoria Secret supermerkatuan dagoen aroan, non biluzi ia absolutua primetime-n agertzen den, non YouPorn edono dagoen, absurdua da kaleko biluzi ez-sexuala debekatzea”. Artikuluak 44 iruzkin izan ditu, eta badira AEBtako moralaren zentzugabekeria agerian uzten duten eslogan bikainak: Dick Bad, Gun Good (zakila gaizki, pistola ondo).
Sexuari dagokionean kontserbadore den euskal gizartean gutxitan jartzen da nudismoaren gaia mahai gainean, are gutxiagotan kalekoa. Ez bada Donostian Irwin atxilo hartzen dutela, inor gutxiri axola zaio auzia, Euskal Naturisten Elkarteari ez bada.
Gizon-emakume biluzi bat ikustea, besterik gabe, ibilian, ez kanpaia jotzen edo autobusean izerditan, “eskandalu publiko” sortzaile da gaur egun, beraz, zigorgarri. Pornoa, biluztasuna eta jarrera sexual publikoak eguneroko ogi bihurtu diren gizartean, kale nudismoaren debekuak hipokrisia moraletik du asko. Gehiago da araudietan jarritako marra gorri aleatorio bat, ezer babesteko neurria izan ordez.
Inoiz gurean ez bada kale biluztasunarekin arazorik izan, ez bada zimur eta mitxelinek sortzen diguten errefusa kulturala, zergatik debekatu? zergatik zigortu?
(Gaiari buruzko artikulua Garan: Aska ditzagun gorputzak!)
Milurteak dira erlijioen nahi eta eraginez, gizarteari sexualitatearen erakusgai den edozer debekatzen saiatu direla.
Izaki bizidun orok sentitzen dugun ugalketaren bulkada gaitzetsi digute gizakioi, zikindu eta lizundu.
Hori horrela izanik, sexualitatea errespetatu beharrean iraindu egiten du gizarteak, eta gizakiok harreman sexualik izaten ez dugunaren plantak egiten ditugu, sexualitateaz hitz egiteari beldur izateraino.
Sexualitatea, sexua eta, anatomia diren gorputz biluzien gain, zuzentasunaren aurkako gurutzea marraztu dugu, kontzeptu ezberdinak izan arren, badaezpada guztia baita bekatu.
Baina Emil Coué zientzialari frantziarraren teoremak dioenaren arabera, gure garuna ondorio alderantzizkoek menderatzen dute. Hau da, borrokan dihardugun horren aurka egiten dugu talka, bera delako gure kontzientziaren arreta guztiaren jabe. Horra hor, besteak beste, telebista, aldizkari eta autobus geltokietako gorputz biluzien, eta kastitate-botoa egiten duten haien parafilien arrazoia.
Sexualitatea desagerraraztearen saiakera honetan nahastu eta obsesionatu egiten gaituzte, gure bizitzako bazter guztietan gorputz biluziak ipiniz, baina gure gorputza ezkutatzera behartuz.
Erabat ados, Peru.