Zerbitzu publikoetako langileen elkarretaratzeak deitu ditugu grebaren atarian

Zerbitzu publikoetako langileen elkarretaratzeak  – 

Abenduaren 12an egingo dira kontzentrazioak. Urriko grebak aurrerapen txikiak ahalbideratu dituen arren, sindikatuok ziurtatu dugu mobilizatzen jarraitu behar dela enplegua, soldatak eta zerbitzu publikoen egituraketa hemen erabakitzeko. LAB, ELA, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuok dei egiten diegu EAE-ko sektore publikoko langileei abenduaren 12an lantokietan Zerbitzu publikoak indartzeko, soldata eta enplegua hemen adostu lelopean elkarretaratzeak aurrera eramatera.

Elkarretaratze horiek abenduaren 19rako deitutako grebaren atarikoak izango dira, eta joan den urriaren 25eko grebari jarraipena emango diete. Greben helburua da Euskal Herriko erakunde eta alderdi politikoek politika publikoak aldatzea zerbitzu publikoen alde, eta bertako langile publikoen enplegua, soldatak eta lan baldintzak hemen erabakitzea.

Urriko greba arrakastatsua egin eta hilabetera, sindikatuek uste dute helburu horiek lortzeko aurrerapauso txikiak eman direla, hala nola, hainbat esparruetan mahai negoziatzaileak deitu dira,eta EAJk PSOErekin lortutako inbestidura akordioan jasotzen da euskal langileen enplegua eta soldata igoerari buruzko atal bat.

Deitutako mahaiei dagokionez, ez dituzte oraindik barneratzen greban plazaratutako aldarrikapenak. EAJ eta PSOEren akordio testuari zehaztasuna falta zaio, eta ez du bermatzen enplegua eta soldatak hemen erabaki ahal izatea. Hala ere, sindikatuek uste dute greben eta mobilizazioen jarraipen zabalak lortu duela hamarkada baino gehiagotik itxita zegoen bidea zabaltzea. Denbora horretan, Estatuak, Euskal Herriko erakunde eta alderdi politiko batzuen bermearekin, bertako langile publikoen lan baldintzak inposatu ditu, eta horrek ondorio larriak izan ditu bai langileentzat, bai euskal zerbitzu publikoen kalitatearentzat. Behin eta berriz sindikatuek adierazi bezala, borondate kontua da zerbitzu publikoen egituraketa eta nondik norakoak hemen erabakitzea, eta hori lortzeko unea iritsi da.

Hori honela, sindikatuek dei egiten diete langileei kontzentrazioetan eta grebetan parte hartzeko, erakunde eta alderdi politikoek negoziatu behar dituzten aurrekontuetan eta EAJ eta PSOE akordioaren balizko garapenean Estatutik datozen mugak eta beto guztiak kentzeko eta negoziazio mahaietan irailean aurkeztutako aldarrikapenak errealitate bilakatzeko. Zehazki, honako hauek:

  • %10eko soldata-igoera eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa.
  • Pribatizazioei atea ixtea eta publifikazio planak adostea.
  • Enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea , behin-behinekotasuna %8ra jaitsiz.
  • Lan-kargak arintzea, plantillen osasuna bermatuz.
  • Politika feministak, berdintasunerako plan erreal eta eraginkorrak adostea.
  • Administrazioak eta langileak euskaraz, iruzurrik gabe.
  • Jardunaldiaren murrizketa 32 orduko lan astearen norabidean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude