Zer izan behar du Euskaltzaindiak datozen urteetan, zein da haren egitekoa?
Zer izan behar du Euskaltzaindiak datozen urteetan, zein da haren egitekoa? –
Bihar beteko dira ehun urte Euskaltzaindiak lehen bilkura egin zuela. Mendeurrena etorri berritan, Euskaltzaindiak hemendik aurrera dituen errokei buruz, Berria egunkariak, Euskaltzaindiko bost kideen iritziarekin, atzo, 2019-10-06, argitaratu duen erreportajea hezurmamitzeko Garikoitz Goikoetxea kazetariak joan den irailaren hasmentan egin zizkidan galderei emandako erantzunak oso-osorik dituzue hemen:
Ehun urte bete ditu Euskaltzaindiak. Urteotan bide bat egin du araugintzaren esparruan. Zure ustez, zein izan beharko lirateke datozen urteetako ardatz nagusiak, lehentasunak?
Joandako aldiak bezalaxe, Euskaltzaindiaren etorkizunekoak ere eraikitzailea izan behar du euskararentzat. Azken ehun urteotan gizateriaren inoizko iraultza zientifiko eta teknologikorik handiena bizi izan dugu. Iraultza horrek gure pentsatzeko, komunikatzeko eta errealitateaz jabetzeko moduak aldatu ditu. Iraultza horren haritik hizkuntzak ere gizakiaren pentsaera, bizimolde eta premia berrietara egokitu dira. Euskara ere bai. Gizakiaren komunikazio premia berrietara moldatu eta egokitzetik datorkie hizkuntzei etengabeko aldaketa eta garapena, hitz bakarrean esanda, modernizazioa. Euskarak ere, euskaldunon komunikazio beharretarako tresna eraginkorra den neurrian iraungo du bizirik eta osasuntsu. Orain arteko iraultza teknologiko horrek ondorengo urteetan zein gizarte aldaketa ekarriko dizkigun ez dakigu baina, dakarrena dakarrela, euskararentzat ondorengo urteetako lehentasunek orain artekoen ildotik jarraitu behar dute. Komunikaziorako euskara ardatz izango duen gizartea eraiki behar dugu. Barre eta negar euskaraz egingo duten euskaldunekin osatutako gizartea eraiki behar dugu. Oroimenean gordetako bizipenak euskaraz dituzten euskaldunekin osatutako gizartea. Atsekabean barrua euskaraz hustuko duten euskaldunekin osatutako gizartea eta, atsegin betean, pozak eta alaitasunak euskaraz biziko dituen gizarte euskalduna izan behar dugu jomuga.
Orain urte batzuk proposamen bat egin zenion Euskaltzaindiari; besteak beste, adierazi zenuen Euskaltzaindiak lan esparrua “zabaldu eta berritu” egin behar duela. Zertan zabaldu eta berritu?
Euskara Batua da Euskaltzaindiak azken berrogeita hamar urteotan egin duen lanik garrantzitsuena eta erraldoiena. Orain berrogeita hamar urte euskara euskalki eta azpi euskalkitan zatikatuta egoteak ezinezkoa egiten zuen euskarazko irakaskuntzari heltzea, izan ere, eskolako liburuak horrenbeste euskalkitan argitaratzeko ikaragarrizko dirutza behar baitzen, eta hori ez zen inolaz ere egingarria. Irakasleak ere euskara bakarrean irakasteko prestatu behar ziren eta ez Euskal Herriko euskara guztietan, hori ezinezkoa baitzen. Administrazioarentzat ere euskara bakar bat behar zen, ezinezkoa baitzen herri erakunde eta udal bakoitza bere euskaran aritzea. Prentsa idatzian ere euskara bakarra behar zen euskalkitan sakabanatutako irakurlegoa biltzeko eta euskarazko prentsa sendoa eraikitzeko. Hizkuntza galbidetik garabidera ekartzeko ezinbestekoa zen euskararen estandarizazioa. Izan ere, estandarizazioarekin euskara gizartearen behar berrietara egokitu baitzen eta egokitzapen hori nahitaezkoa izan zuen euskarak bizirik irauteko. Aldatu ala hil, hori da hizkuntza ororen bizilegea.
Azken berrogeita hamar urteotan, batik bat eskolaren bidez, berebiziko zabalkundea izan du euskararen ezagutzak. Gaur egungo belaunaldi berriek euskaraz ikasi dute eta euskaraz ikasitakoarekin laneratzen dira. Gaur egungo lan munduak, ordea, salbuespenak salbuespen, erabat baztertzen du euskara. Belaunaldi berriak euskalduntzeko euskal gizarteak egiten duen ahalegina zapuztu egiten du lan munduak. Gizakiak historiaren sokan eratu dituen gizarte antolaketa guztiak lanean ardaztu ditu, bizidun den aldetik hortik lortu baitu asetzea elikatzeko duen beharrik funtsezkoena. Lana edo beharra du gizakiak bizirik irauteko funtsezko jardunbide edo bizibide. Gaur egungo gizartea lanean ardaztuta dago. Lanaren garrantzia gaur egungo estatu moderno guztietako legedietan aitortzen da, oinarrizko eta funtsezko giza-eskubide gisa. Gizakiak berezkoa du lana eta bere izanari, bere gizatasunari lotuta dago. Gizakiak, bere garapen pertsonalerako, duintasunez bizi ahal izateko, funtsezko jarduera du lana. Lanaren garrantzi soziala ukaezina da, toki bat ematen baitio gizakiari txertatuta dagoen gizartean eta, kasu askotan, gizarteko kideek balio sozial eta aitormen handiagoa edo txikiagoa dute betetzen duten lanaren arabera.
Azken berrogeita hamar urteotan euskara eskolan sartzea izan da euskalgintzaren erronka nagusia eta zalantza izpirik gabe ondorengo urteetako eginkizun nagusia euskara laneratzea izango da, ezinezkoa baita euskaldunez osatutako gizartean euskara gizarte horretako hizkuntza nagusi bihurtzea lanerako baliorik ez duen bitartean. Datozen bi hamarraldietako euskalgintzaren ekinbide nagusia bihurtu behar du lana euskaraz egiteak euskal gizarteko lan arlo guztietan. Horixe izan behar du euskalgintzaren apustu estrategikoa eta horretan Euskaltzaindiak bultzada eta laguntza handia eman dezake Jagon Sailetik, euskararen sustapenerako duen egituratik.
Euskaltzaindiak Iker eta Jagon arloak izan ditu. Jagon-ek izan beharko luke ardatza datozen urteetan?
Euskararen azken berrogeita hamar urteko premiarik handienak Iker Sailean zeuden, Euskara Batua eraikitzen. Eta horretan egin du Euskaltzaindiak ahaleginik handiena. Funtsezko premia hori gaur-gaurkoz aserik dagoenez eta ondorengo urteetako jarraipena ere neurri handi batean bideratuta dagoenez, Jagon Sailetik egin beharreko hizkuntzaren sustapen lanei indar handiagoz heltzeko garaia heldu zaio Akademiari. Euskaltzaindia horretaz jabetuta dago, eta hala adierazi du Andres Urrutia euskaltzainburuak mendeurreneko ekitaldietan, alegia, ondorengo urteetan Jagon Sailak gaur egun baino indar handiagoa izan behar duela. Euskaltzaindiak ekin dio bide horri eta horren erakusgarri da aurtengo azaroaren 14an eta 15ean antolatu behar duen Jagon Jardunaldia, osoki lan arloari bideratua. Jagon Jardunaldia bi egunetan egiteak Euskaltzaindiak gaiari ematen dion garrantziaren berri ematen du.
Euskalgintzan badira sustapen arloan ari diren eragile ugari (euskara elkarteak, Kontseiluan bilduta dauden erakundeak…), eta erakundeek dituzte eskumenak. Beraz, zein da Euskaltzaindiaren zeregin zehatza arlo horretan?
Euskaltzaindiak beti adierazi du gizarte zibiletik sortu dela eta gizarte zibilarekin batera lan egin nahi duela, gizarte zibil hori euskararen ikuspegitik planteatzen ari den premiei erantzuten laguntzeko. Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzak dira ondorengoak: «Ez gatoz inoren lekua betetzera, ez gatoz inoren aurka, gogoeta guneak eskaintzera baizik, gure jagon lana egitera, gaurko baliabideekin eta gaurko euskalgintzaren barruan». Euskaltzaindia hor izan da beti euskararen historiako ekintzailetzan: ikastolen sorreran, euskalduntze-alfabetatzea antolatzen, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa aurrera eramaten, euskararen lehenengo gaitasun agiriak banatzen… eta zalantzarik ez dut euskarak lan arloa irabazteko dituen premiei erantzuten ere hor izango dugula Euskaltzaindia.
Gizartearen aurrean duen itzalari dagokionez, nola ikusten duzu Euskaltzaindia?
Euskal Herri osoan ez dago euskalgintzako erakunderik gizarte osoaren aldetik Euskaltzaindiak duen onespen eta aitormen zabala duenik. Euskaltzaindiak duen aitormena Frantziako eta Espainiako estatuetara hedatzen da, izan ere, mugaz bi aldeetan du aitortza ofiziala euskararen Akademia gisa eta irabazi asmorik gabeko erakunde gisa eta, hain zuzen ere, aitormen horren adierazgarri dugu Pedro Sanchez Espainiako presidenteak orain gutxi Euskaltzaindiari eginiko bisita. Euskaltzaindiak euskal gizartean badu, urte askotako lanaren bidez, lortzen oso zaila den altxorra, autoritatea, alegia. Eta autoritatea izateak sinesgarritasuna eta itzala izatea du berekin. Esate baterako, autoritate hori dela eta, hartzen dira aintzakotzat Euskaltzaindiak emandako hizkuntza arauak.
Garai berriei erantzuteko, aldaketarik egin behar ote da erakundearen funtzionamenduan, esate baterako, euskaltzainen hautaketan? Belaunaldi aldaketa bat behar da?
Euskaltzaindiari ere bete-betean eragin dio azken ehun urteotan gertatu den iraultza zientifiko eta teknologikoak. Euskaltzaindiak lan egiteko metodoak eta baliabideak etengabe aldatu eta egokitu ditu bere ibilbide akademikoan. Esate baterako, kontu jakina da Koldo Mitxelena euskaltzain eta hizkuntzalari handiak euskarazko hiztegia osatzeko hitzen fitxak zapata kaxatan gordetzen zituela bere etxeko armairuetan. Euskaltzaindiak zapata kaxetatik atera du euskara eta interneteko plaza zabalean jarri du. Gaur egun Euskaltzaindiaren Hiztegia sakelan dugu esku-eskura. Barne funtzionamenduan ere aldaketa bat baino gehiago egin du Euskaltzaindiak orain ehun urteko sorrera hartatik. Adibide baterako, orain dela urte batzuk arte, euskaltzainen izendapenak hil artekoak ziren; gaur egun, aldiz, euskaltzain osoek 75 urte betetzen dituztenean, ohorezko euskaltzain bihurtzen dira eta beste euskaltzain gazteago batek hartzen du beren tokia. Euskaltzaindia, erakunde bizia den aldetik, etengabe egokitzen da sortzen zaizkion premietara euskararen aurrerabiderako tresnarik eraginkorrena bihurtze aldera. Beti izango da hobekuntza non egin eta ahalegin horretan dabil Euskaltzaindia eta ibili beharko du aurrerantzean ere.
(PATXI SAEZ BELOKI soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea).
- Estreinakoz patxisaez.eus-en argitaratua.
“Euskal Herri osoan ez dago euskalgintzako erakunderik gizarte osoaren aldetik Euskaltzaindiak duen onespen eta aitormen zabala duenik”. Horregatik, autoritatea zaindu egin behar da. Kontu handiz ibili beharra dago egunerokotasuneko auzietan gehiegi ez zipriztintzen. Zipriztintzeko, beste mila erakunde baditugu. Beraz, kontuz! Euskaltzaindiak batez ere akademia izan behar du. Pertsona grisez betetako erakunde aspergarri baten moduan ikusten dute askok, baina niri iritziz hortik gehiago du irabazteko.