Zer egunetan bizi gara?
Zer egunetan bizi gara? Hori jakitea gauza ederra denik ez ukatu niri, Leteren abestiak zioen moduan. Erdi lotan gosaltzen, pareteko Berriaren egutegiari begiratu eta, badirudi azaroan gaudela oraindik. Hilaren 31n hain zuzen ere. Egunkaria ere iritsi da dagoeneko… eta abenduan gaudela dio, hilaren 1ean zehazki. Koño, zerbait arraroa gertatzen ari dek hemen. Mugikorrak ere abenduaren aldeko apustua egin du; beraz, kendu dezagun azaroko orrialdea pareteko egutegitik. Orrialde berriari begiratu eta… sorpresa! Gaur, asteazkena, abenduak 1 dela dio. Jakizak. Baina barkaezina dena, gure ohitura eta sinesmen zaharrenen kontrako eraso bortitza, gazte garaiko Urte Zahar gau eder haiek ez zirela inoiz existitu sinestarazteko maniobra maltzurra… abenduari 31 kentzea izan da. Ez! Ez! Alferrik ari zarete, Berriakoak! Aurten ere, krisiak krisi, Gabon Zahar izango dugu, eta urteroko legean, hilaren 31n alegia. Besterik ez bada, rotuladorearekin idatziko dugu “31” zuen egutegi manikeo honetan. Jai egunak kendu, besterik ez genuen behar. Uf! Datorren urtekoan broma gutxi, e!