Zer dute elkarrekin Iñigo Urkulluk eta Barack Obamak?
Erantzuna: Hauteskundeetako leloa (Forward-Aurrera)
Eta, zer gehiago?
“Obamaren kanpainako leloak lotura estuak ditu Marxismoarekin eta sozialismoarekin”. Ez da prentsa horiaren titularra, The Washington Times egunkariko blogean Victor Morton kazetariak idatzitakoa baizik.
Iraultza gorriek erabili duten leloa izan omen da Forward esanahia duen hitza. Europako alderdi komunisten aldizkarien izena ere sarritan izan da Forward; Italian, Avante. Hungarian Uj Elore. Txekoslovakian, Vorwarts… Ondorioz, eta “froga” argigarrietan oinarrituta, Estatu Batuetan ez dute denbora galdu eta Obamari marxista mozorroa kendu diotela iragarri dute. Orain arte Barack Obamak ez du aitortu marxista ez denik, beraz, eta AEBtan kontrakoa frogatu arte erruduna zarenez… Obama gorri hutsa da! Vladimir Lenin eta Mao Zedong harro dauzka!
Sarean Obama-Marxismoa lotzen duten irudiak:
Kazetaritza ikerketa zorrotza egin ostean, Iñigo Urkullu (eta ondorioz EAJ) komunistak direla ondorioztatu dugu. Zein da beraien hauteskunde leloa? Bai! “Aurrera” Lotsarik gabe eta mundu guztiaren aurrean erakusten ari zaizkigu nazionalismo abertzale kristauaren trasatlantikoak emandako 180 graduko itzulia. Marxista-Leninistak dira orain!
Marx, Engels, Lenin, Stalin… Urkullu?
Sabino Aranak burua altxako balu… eskerra bere ondorengoak umore ona duen.