Zer da hauteskundeak irabaztea?

Berreskura dezadan aurreko posteko azken galdera:  hegemonia politikoa berreskuratzeko hauteskundeak irabazi behar al dira?
Ez, baina irudi luke baietz, politika hauteskundetara eta horiek Legebiltzarreko aritmektiketan duten islara murrizten badugu bakarrik.

Eta ez luke hala behar.

*
Alfredo Retortilloren(@alf_ret ) blogetik atera dut sarrerako galdera.

Erantzunak, lehen adieran sinplea irudi luke, hauteskundeak irabaztea Eusko Legebiltzarrean eserleku gehien izatea dela pentsa baikenezake. Baina gerta daiteke, Retortillo berak ere aipatzen du, Amaiur eta EAJk 2011ko A20ko hauteskundetan bezala, bozka gutxiago baina eserleku gehiago izatea eta alderantziz.
Orduan nor litzateke irabazlea?

Gerta bailiteke irabazle etiko bat egotea (herritar gehiagoren babesa jaso duen neurrian) eta bestetik irabazle legezko bat (D´Hont legearen eraginpekoa).

Ez hori bakarrik. Plano subjektiboagoan, zituzten espektatibak gainditzea ere hauteskundeak irabaztea izan daiteke alderdi askorentzat, eta hor ez nago ados Retortillorekin: EH Bilduren zati batek ere balorean jarri beharko luke, ordezkaritza legalik ez izatetik indar hegemonikoa izateko jauzia egiteko moduan dela, urte eta hilabete gutxitan, oztopo asko gaindituta.
Baina noan harira: politika besterengan eragiteko modua izatea bada, hauteskunde hauek irabaztea ez da lehen indarra izatea soilik.
Inkestek ez dute gehiengo absoluturik aurreikusten, eta lehen indarra gainerako alderdiekin akordio zabal edo puntualak lortzera behartua egongo da (egungo inkesten arabera, hori egiteko arduraduna EAJ izango delarik). Baina lehen indarra izatea bi ahoko ezpata ere bada: jendartearen babesa jaso izana suposatzen du, baina baita, egungo aurreikuspenekin, besteren akordioen menpera geratzea ere.
Egoera ekonomiko-sozial-kulturala makurra da eta akordioak behar direla aipatzen dituzte eragile guztiek (eta nago ez dela baliabide erretorikoa akordioena). Urriaren 21eko gauerdian ekingo diote matematika parlamentarioei, eta bertan ebatziko dira gobernantza eta akordioetarakoekuazio posibleak.

Dena dela, gerta liteke bigarren eta hirugarren indarrek, lehenak adina eragin ahalmen izatea Legebiltzarrean, ahalmen hori nola erabili baldin badakite behintzat, 38 eserlekuren batura errazteko edo oztopatzeko.

Kontua beraz, lehen postean aipaturiko hegemonia lehia garrantzitsu horiahaztu gabe, ez da horrenbeste lehena izatea ala ez, ez behintzat, legebiltzarrean, eragiteko ahalmena eta gaitasuna (herritarren bozkekin izango dutena), eta horretarako borondatea eta inteligentzia izatea baizik.

(Sinadurak ataleko blogetik hartua. Originala hemen)

analisia, garaipena, hauteskundeak, jon benito, u21
Jon Benito

EHUN GINEN - Idazlea, gidoilaria

8 pentsamendu “Zer da hauteskundeak irabaztea?”-ri buruz

  • Obanoseko infanzoia 2012-10-11 14:25

    Arratsaldeko zortzietan hautestontziak hutsik aurkitzen dituzten egunean emango du herri honek askatasunerako lehen pausua.

    • Iñaki Larrañaga
      Iñaki Larrañaga 2012-10-11 19:36

      Copy-paste egitekotan, gutxienez aipatu nork idatzi duen esaldi hori eta non.Bestalde, artikuluko tesiarekin guztiz bat, posizio politiko baten arrakasta besteei eragiteko ahalmenak ere neurtzen du.

      • Fermin Galparsoro 2012-10-12 11:38

        “Posizio politiko baten arrakasta besteei eragiteko ahalmenak ere neurtzen du.”
        Azken 30 urteetan euki dogun eragiteko ahalmena ikusita, ondorio bakarra atara daiteke, “gure” posizio politkoek porrot egin dabela alegia.
        Eta txarrena da, ikasi beharrean, berdin jarraitzen dogula, poterea etsaiaren hauteskundeak irabazita etorriko jakula pentsatzen.
        Horrela gure herriak jai dauka. Espero dot berandu izan baino lehen, euskal herritarrak askatasunera eramango gaituen bide propioa, etsairen bideetatik kanpo eraiki behar dogula, konturatzea.

  • Jarautako fanfarroia 2012-10-11 14:39

    Bai, Konstituzioa bozkatu zen egunean abstentzioa izan zen garaile… eta, ze hostiatarako balio izan zuen? Gerora esan dezaten Baiezkoak irabazi zuela hemen ere.

  • Obanoseko infanzoia 2012-10-11 15:04

    Boterea ez da hauteskundeetatik zortzen. Hauteskundeak boterea mantentzeko daude eginak. Gure kasuan, okupazioaren egoera, kolonialismoaren egoera, mantentzeko.

  • Plumbinoseko beruna 2012-10-11 17:34

    Beraz boterea lortu behar dugu herriari galdetu gabe, baina ez duzu esaten nola. Eta behin boterea lortuz gero ere ez dugu hauteskunderik egin behar, total zertarako…

  • Obanoseko infanzoia 2012-10-11 18:19

    Boterea lortzen duena herria da. Boterea herrian dago beti.

    • Txingarretako kaxkameloia 2012-10-12 10:53

      Baina ez duzu esaten nola, zer egin… Soflama orokorrak bota besterik ez duzu egiten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude