ETA zer den Googleri galdetzen diozunean (Top 10)
Guztia da ETA eta ETA da guztia. Hala entzun dugu behin eta berriz errepikatuta hedabide espainoletan azken urteetan, azken hamarkada eta pikuan. Arlo judizialean baita, Garzon epaileak jarritako oinarrien baitan, erakunde armatuaren helburuetako batekin bat egiten zuten eragile eta norbanakoen jarduna eta bizitzak zapuztuz. Kartzelara eramanaz hau eta baita ere hura, nahiz eta honek hontatik egin eta hark hango beste hartatik. Sortu da/dugu/dute bada, ETAren irudi oso sinplifikatu bat, oso pintzel lodiz marraztua. Egun espainiar eta euskaldun andanak begiak itxita sinatuko lukeen doikeriaz egindako ETAren definizio bat. Baina nola oroituko dute gure seme-alabek ETA? Galde diezaiogun Googleri.
Anaia Nagusian “es ETA” bilaketa eginez gero hamaika dira topatzen ditugun artikulu, erreportaje, gag eta albisteak. UPyDrekin gertatu bezala, ETArekin ere, lehen aipatu Garzonen definiziotik abiatuta, umore asko egin baita. Nahita eta nahi gabe. Hona hemen hamaika horietatik, lehen hamarrak.
(1) Hasteko, lehenengo postuan El Diario hedabide progresistako 2012ko artikulu bat ageri da, zeinetan Ignacio Escolar zuzendariak ‘guztia ETA da’ maxima irrigarria aitzakia hartuta espainiako eskuin erradikalaren itsukeria kritikatzen baituen. Kartzelan dagoen askorentzat (18/98koentzat kasu) berandu iritsi zen Escolar jauna, espainiar progresia ofizialean begiak irekitzen lehenetarikoa. Ongi etorria, dena dela ere, M15 mugimenduak Ebrotik behera ekarri duen esnatze eta begiak zabaltze hau.
(2) Bigarren postuan, Pedro Jotaren El Mundoko “ETAren historia” orria ageri da. Badakigu sobera dela hau klikatzea, baina, esfortzu bat egingo dugu. Así nació la banda terrorista jartzen du izenburu nagusian. Sarreratxoan dio, 1961. urtean egin zuela bere lehen ekintza armatua militante frankistak zeramatzan tren bat deskarrilatzeko. Hortik aurrerakoak zuk irakurri, gibelik geratzen bazaizu.
(3) El Mundo es ETA. Txiste erraza da, baina hirugarren postuan topatuko duzun URLa horixe bera da: http://elmundo.es/eta. Halaxe dio. Behin klikatuta ordea, egunkari honen beste bilduma beldurgarri bat agertuko zaizu, ‘ETA: la dictadura del terror’ goiburupean. Askoz gehiago haziko ez diren bildumak hauek, gehiegi eman diotenak espainiar sektore erreakzionarioenei, ezer gutxi dutenak jada emateko.
(4) Top Gaztea zerrendatzen nabilela irudiko luke Joxeina Etxeberriaren ahotsa jarriko banu. Laugarren postuan Wikipediako Euskadi Ta Askatasuna artikulua datopagu. Artikulu mamitsua, baina bere egileak ziurrenik El Mundo irakurriko du, 2. postuan dagoen artikuluak bezala, 1961ean jartzen baitio data ETAren lehen atentatuari.
- (5) Bosgarren postuan ETAren banaketatik sortu ETA politiko militarraren wikipediako orria ikusiko duzu. Aurrekoaren tankerako beste artikulu bat.
(6) Seigarren postuan anaia handiko ‘es ETA’ bilaketaren irudiak:
(7) Erakunde armatua sortu zenetik hona, gaiak eman du askorako. Hona hemen, zazpigarren postuan, El Paísek ETAren inguruan osatutako hemeroteka. ‘ETA: La organización terrorista’, dio. Egiari zor, 1968an kokatzen du ETAren lehen atentatua, Jose Pardines Guardia Civila kabatu zutenean. Handikeria ugari topatuko duzu artikuluan muturra sartuz gero.
(8) El País bezala, Prisaren eskutan den The Huffington Post hedabide digitala dago zortzigarren postuan. Umore aurreikusgarrienetik tiraka “ETA diren 15 gauza” dakarzki, Ignacio Escolarren estilo antzekoan, baina urtebete berantago. Godwinen legearekin hasten du artikulua, eta gerokoak imagina ditzakezue ezta?
- (9) Azken bigarren postuan ere The Huffington Posten “es ETA” tag-a topatuko duzu. Hedabide honetan etiketa horrekin publikatutako harribitxiekin. Tartean hau: ‘Piden a EiTB que no contrate a dos payasos por proetarras (Bideoa)’
(10) Eta Top 10-aren buztanean Ramón Lobo kazetariaren blogeko sarrera original bat. Ignacio Escolarrek urtebete lehenago, The Huffington Postek 3 hilabete lehenago eta Euskal Herriak betidanik esan duena oinarri hartuz, beste ‘Todo es ETA’ bat. Oraingoan PAH plataformaren inguruan sortu iskanbilaren harira, hori bai.
Dena ETA da. ETA da dena. Eta ez dakigu zer den ETA. Hori da Top 10 honek dioena. ETA dena dela diotenek, honekin bromak egiten dituztenek, ETAz dena dakitenaren itxura egiten dutenek, ezer gutxi dakitela ETAz, edo ETA denaz edo zenaz. Errelato famatua ageri zaigu Googleko bilaketetan: Dena eta ezerrez. Ezer ez, frente kulturalarekin Ikastolen sorreran izan zuen paperaz, kulturgintzan izan zuen garrantziaz. Eta abar luze bat… Zerrenda luzea litzateke, dena ETA baita. Dena eta zena.
Gustatu zait artikulua, jakingarria da nola aldatu den Interneteko argitalpenetan ageri den ETAri buruzko pertzepzioa. Dena dela, hau diozu:
«Laugarren postuan Wikipediako Euskadi Ta Askatasuna artikulua datopagu. Mamitsua den arren, artikulu honen autoreak edo autoreek ziurrenik El Mundo irakurtzen du/dute goizero, izan ere, bertan ere Begoña Urroz hil zen atentatua ageri da erakundearen lehen ekintza gisa. Epic fail.»
Bi ñabardura behintzat beharko lituzke horrek. Batetik, euskaraz eta euskalzaletsuki ari den batek «Wikipediako Euskadi Ta Askatasuna artikulua» aipatzen badit, besterik gabe, euskarazko wikipediaz ari dela ulertzen dut nik. Ez nuke pentsatuko erdararen baten morroi ari denik… Baina, hara! Nora, eta gaztelaniazko wikipediara darama estekak. Beraz, «gaztelaniazko wikipediako “Euskadi Ta Askatasuna” artikulua» esan beharko luke esaldi horrek, informazioa taxuz ematekotan.
Bigarrenik, gaztelaniazko wikipediako artikulu horretan ez dut nik ikusten Begoña Urrozena jotzen dutenik lehen ekintzatzat. Aitzitik, urtebete geroagoko ekintza bat dute aipagai: «Su primera acción violenta la cometieron el 17 de julio de 1961 al intentar hacer descarrilar un tren que transportaba a simpatizantes franquistas que viajaban a San Sebastián para conmemorar el 25 aniversario del denominado Alzamiento Nacional, que marcó el inicio de la Guerra Civil Española».
Eskerrik asko gainerakoan gustura irakurri dudan artikuluagatik.
Eskerrikasko. Arrazoi duzu, zuzendu ditut jada zuk esanak. Mila esker!!
😉
Ona, Oier
Hari beretik, Mikel Lasa poetak esan zuena: DANA ta NADAk zirkulua bukatzen dute.
Edo Joxerra Garziarena: ETA, ETB, ETC…