Zer da Atez Ateko bilketa?

Zer da Atez Ateko bilketa?

Atez Atekoari buruz asko hitzegin da azken aldian. Sarri, gaizki informatuta ala ezarpena oztopatzeko zenbait hedabide eta eragilek zabaldutako informazio manipulatuak baldintzatuta. Artikulu honen bidez Atez Atekoaren ezaugarriak zein diren ezagutzera eman nahi dugu. Gure webguneko menu nagusian era aurki dezakezue.

Sarrera

Izenak dion bezala Atez Ateko gaikako bilketa hondakinak atalka biltzeko sistema bat da. Sistema honen ezaugarri nagusia etxebizitza bakoitzak sortzen dituen hondakinak bereizita biltzea da. Ardura elkarbanatuko sistema bat da, hau da, herritarrak eta administrazioak bakitzak dagokion ardura hartzen du. Sistema indibidualizatua da. Horrela, arduraz jokatzen duena saritzeko eta nahsten denari irakasteko aukera ematen du sistemak.

Bilketa sistema bat baloratzerakoan, garrantzi gehien daukan irizpidea logikoki, bilketan lortzen duen eraginkortasuna da. Baina badira horrez gain, kontutan hartu beharreko beste hainbat faktore: Kostea, estetika, erosotasuna… Guzti honetaz asko hitzegin eta idatzi da. Gehienetan usteetan oinarrituta edoeta zabalpena boikoteatzeko asmotan.

Garrantzitsua deritzogu herritarrek bilketa sistema eraginkor honen ezaugarriak zein diren jakin dezaten. Ezaugarri hauek, atalez atal azalduko ditugu ondoren.

Bilketa sistemen konparaketa

Nolakoak dira hondakinak?

Galdera garrantzitsua da hau. Gaur egun sortzen ditugun hondakinak nola osatuta dauden jakitea garrantzitsua da, bilketa sistemekin lortzen ditugun emaitzak baloratu ahal izateko. Gaur egun sortzen ditugun hondakinen %90 inguru birziklagarria da. Horrek esan nahi du gaikako bilketak %90era hurbildu beharko lukeela gauzak ondo eginez gero. Ikus dezagun nolako emaitzak lortzen dituzten mahai gainean dauden bilketa sistemek.

Zer da Atez Ateko bilketa?

2011 urtean etxeko hondakinen Gipuzkoa osoko gaikako bilketa maila %25ekoa izan zen. Hau da, hutsaren hurrena. Material birziklagarri gehiena zabortegietan alferrik galdu zen arazoak sortuz gainera. Konparaketa honetan lau edukiontzi bidezko sistema baztertu dugu, berebiziko garrantzia daukan hondakin organikoa gaika biltzeko balio ez duenez inork ez duelako aintzat hartzen gaur egun. Hala ere, gaur gaurkoz azken honek bilketa sistema nagusia izaten segitzen du Gipuzkoan.

Grafikan ikus daitekeen bezala, Atez Ateko bilketa sistemarekin %80tik gorako gaikako bilketa lortzen da. Horrek lehenengo zutabera, errealitatera, asko hurbiltzen gaitu. Zero Zabor bezalako eredu zirkular batean ezinbestekoak dira horrelako emaitzak.

5 edukiontziekin, lortzen diren emaitzarik onenek %35eko gaikako bilketa ematen dute. Ikus daitekeen bezala hondakinen bi heren zabortegira doaz. Zabortegira doan horretatik gehiena material birziklagarria da, eta asko eta asko, zabortegian usteltzean arazo larriak ematen dituen hondakin organikoa.

Laburtuz, esan genezake arazoaren irtenbidean gaikako bilketa ezinbestekoa dela onartzen badugu, 5 edukiontzi bidezko sistemak ez duela baleko emaitza lortzen. 5 edukiontzi bidezko sistema ez da aukera baliagarria.

Konparaketa eta datu gehiago

Aurreko grafikan ikusi ahal izan dugu Atez Ateko bilketa sistemak oso emaitza onak ematen dituela eta 5 edukiontzi bidezkoarenak ez direla arazoari aurre egiteko balekoak. Baina sakondu dezagun gehiago eta ikus ditzagun datu gehiago. Datu gehiago aztertzeak ez digu kalterik egingo.

Ondorengo grafikan Sanmarko mankomunitateko udalerriek 2010 urteko lehenengo seihilekoan lortu zituzten gaikako bilketa mailak islatzen dira. Datuak hilabeteka daude eta kolore bakoitza herri bati dagokio.

Zer da Atez Ateko bilketa?Urte hasieratik ikus dezakegu herri gehienak %30en bueltan dabiltzala, baina badago herri bat, berdez, urtea %80tik gorako emaitzekin hasi duena. Herri hori Usurbil da. Usurbil 2009ko martxoaren 16an hasi zen hondakinak Atez Ate biltzen.

Badira bi herri, apiriletik maitzera egundoko igoera daukatenak. Bi herri hoiek Hernani eta Oiartzun dira. Hain zuzen bi herri hoiek 2010eko maiatzean hasi ziren Atez Ateko bilketa egiten. Atez Atekoak gaikako bilketan daukan eragin itzela ikusteko beste aukera bat izan dugu honen bidez.

Portzentaietan bai, baina balio absolututan?

Zabor turismoaren mitoari heldu nahi diotenek, hau da, jendeak bere hondakinak beste herrietara eramaten dituztela diotenek, ehuneko hoiek gutxiesten dituzte esanez hondakinak nahasian beste herri batera eramaten omen duen jendearen eragina islatu beharko litzatekeela emaitzetan. Mito horretaz orain ez gara jardungo. Bai ordea emaitzak ehunekoetan bezala kopuru absolutuetan ere ikusgarriak direla erakustera. Ikus dezagun onderengo grafika hau:

Grafika honetan, 2010 urtean, herriek hilabetean gaika zenbat tona hondakin organiko biltzen zuten ageri da. Lapatxeko konpostatze plantara eramandako kopuruak dira, erregistratutakoak. Ezkerreko zutabean Atez Atekoarekin biltzen zuen Usurbil ageri da. Eskubiko zutabean, orduan 5. edukiontziarekin organikoa biltzen ari ziren seiak (Zumaia, Zarautz, Azpeitia, Azkoitia, Aretxabaleta eta Donostiako Amara auzoa). Ikus daitekeen bezala, Usurbilek bakarrik beste guztiek batera baino hondakin organiko gehiago biltzen zuen Atez Atekoari esker. Emaitza are eta ikusgarriagoa da Usurbilen 6.000 biztanle bizi direla kontutan hartzen badugu eta beste sei herrien artean 88.000 biztanle dituztela.

Atez Ateko bilketaren emaitzak

Atez Ateko bilketaren emaitzak ikusgarriak direla ikusi dugu. Baina hori bakarrik ez. Emaitzak berehalakoak dira. Ez dira denbora luzean pixkanaka lortzen. Sistema ezarri eta hurrengo hilabetean nabaritzen da gorakada.

Gaika biltzea lortzen den kopurua handia dela ikusi dugu lehendik ere. Baina bada nabarmendu beharreko beste gauza bat. Errefusa, birziklatzen ez den zatia, oso gutxi izateaz aparte, bere izaera guztiz aldatzen da. Hondakin organikorik ez daukanez, hau da material ustelgarririk ez edukitzerakoan, ez du usain txarrik botatzen eta denbora luzez etxean eduki daiteke. Hori dela eta, ohikoa da jendeak hiru astean behin edo hilean behin ateratzea.

Hondakin atalak gaika biltzean geratzen den errefusa “garbia” da, ez dauka materia ustelkorrik.

Bilketa sistemak daukan eraginkortasunak geratzen den errefusa edo zaborraren izaera asko baldintzatzen du. Atez Ateko bilketarekin, ia hondakin organiko guztia gaika biltzen denez, errefusa hori ia inertea da. Oso hondakin organiko gutxi doa bertara. Kale garbiketan bildutako hostoak, norbaitek gaizki ateratako hondakin poltsa eta Zero Zzabor norabidean aurrera egiteko irtenbide propioa bilatu behar zaizkien pardel eta konpresek duten materia organikoak osatzen du. Kaleko edukiontzi sistemekin gaikako bilketan parte hartzea praktikoa txikia denez, hondakin organiko askok bukatzen du zaborretan usteldu eta arazoak emanez.

Goiko irudian bilketa sistema bakoitzarekin geratzen den zaborrean materia organikoa, hau da hondakin ustelkorra zenbat den ikus daiteke.

Emaitza hoiek zergatik? Mekanismo nagusiak

Ardura banaketa. bakoitzak bere ardura.

Identifikazioa kode bidez

Herritarraren kontsumo ohiturak eta hondakinekiko duen jokabideak, sortzen dituen hondakin mota eta kopuruetan eragin zuzena dauka. Horrek, gutako bakoitzak sortzen dituen hondakinen gainean ardura duela adierazten du.

Atez Ateko sisteman, errealitate hori, herritarrak daukan ardura zatia alegia, sisteman txertatzen da identifikazioaren bidez. Hondakinak, biltzeaz arduratzen den udal edo mankomunitatearen esku utzi bitartean gutako bakoitzarenak dira hondakinak.

Kutsatzeko eskubiderik ez

Atez atekoarekin ez dago hondakin nahasiak ateratzerik. Ez da eskaintzen kutsatzeko aukerarik.

Arduradun guztiek diote, Atez Ateko nahiz kaleko edukiontzi bidezko bilketa eduki, hondakinekin arazo larri bat daukagula, osasuna eta ingurumena kaltetzen dituen arazo larri bat. Horri aurre egiteko, herritarrok arduratsu jokatu behar dugula diote eta hondakinak “birziklatu” behar ditugula. Ez zaie arrazoirik falta.

Baina zer gertatzen da kaleko edukiontziak dituzten herrietan? Udal baliabideak, diru eta bitarteko publikoak jartzen direla ekidin beharra dagoen kutsatzeko aukera hori errazteko. Arazoa sortzeko besterik balio ez duen zaborraren edukiontzia jartzen dute, herritarrari, kutsatzea baleko aukera dela aditzera emanez. Kontraesan nabarmena dago hor, aholkatzen denaren eta egiten denaren artean.

Atez Atekoarekin, kutsatzeko aukera hori desagertu egiten da. Udalak ez du hondakinak nahasian ateratzeko aukerarik ematen. Horrek herritarrek hondakinak nahasi gabe ateratzea dakar ondoriotzat, eta zaborraren jatorria, arazoaren jatorria den hondakinen nahasketa gainditzea.

Ondo egitea errazten da

 

Bilketa puntua herritarrari gerturatzen zaio

Herritarrok geure ardura daukagu aurreko puntu batean aipatu bezala, baina nola ez, administrazioak ere bereak dauzka. Hoien artean, ondo egiteko aukera erraza izatea dago. Atez Atekoan, herritarrari hondakinak biltzera etxeko atari ondoraino joaten zaizkio. Horrela, herritarrak ez du hondakinekin edukiontzietara bueltaka ibili beharrik, organikoarentzat giltza hartu beharrik ez dauka eta abar. Hau, mugikortasunerako zailtasunak dauzkan jendearentzat mesedegarria da bereziki, adineko jendea, elbarrituak…

Orokortasuna, sinesgarritasuna, araua eta salbuespena

Atez Atekoak badu bere emaitza onak eragiten dituen beste mekanismo bat ere. Hondakinak gaika herritar guztiek ateratzen dituztenez, bakoitzaren ahalegintxoa alferrikakoa ez izatea bermatzen da. Emaitzak zer edo zertarako balioko duela jakiteak, jendea gauzak ondo egitera bultzatzen du. Gainera, jarrera nabarmendua, ohikoena ez dena, gauzak gaizki egiten dituenarena da, eta jendeari hori gustatzen ez zaionez, jokabide orokorrarekin bat egiten du hondakinak ez nahastuz.

Egunerokotasuna

Lehenago aipatu dugun bezala Atez Atekoa munduan zehar aspaldidanik martxan dagoen bilketa eredu bat da. Moldagarria gainera. Horrek, logikoki, munduan zehar hainbat eredu daudela esan nahi du, bakoitzak bere ezaugarri partikularrak dauzkalarik. Guk hemen, Gipuzkoan erabiltzen ari den eredua azalduko dugu. Batetik, bertan erabiltzen ari den eredua delako, gertukoena eta bertako ezaugarrietara egokitua. Bestetik, hemengo eredua mundu mailan gai honekin lanean ari direnen artean goraipatua delako, bere txukuntasun eta eraginkortasun mailagatik.

Geurean zabaldu den ereduak ezaugarri bat dauka, zintzilikario edo postea. Zintzilikarioan hainbat posizio egoten dira, hoietako bakoitza kode batekin. Kodea, posizio hori zein etxebizitzari dagokion markatzeko da. Posizio bakoitzean hondakinen ontzi ala poltsa zintzilik jartzeko gako bat egoten da.

Zintzilikarioak ondorengo abantailak dauzka:

  • Hondakin poltsak eta kuboak ondo eusteko aukera ematen du. Hondakin poltsak eta kuboak lurrean baino seguruago daude bertan.
  • Hondakin poltsak eta kuboak bertikalean eusterakoan, azalera gutxiago kentzen diote espaloiari. 16 etxebizitzari zerbitzua emateko nahikoa da metro karratu batekin.
  • Ingurura molda daitezke. Lurrean jarri daitezke, farola ala trafiko seinale bat bezala. Baina baita ere etxeko fatxadan josita, arkupe bateko zutabeei eutsita, bakarka…

Egutegia : egun bakoitzean hondakin atal bat

Usurbilen erabiltzen den egutegia

Asteko egun bakoitzean hondakin atal bat ateratzen da. Jakinik gaur egun sortzen ditugun hondakinen %90 birziklagarria dela, logikoa da egun gehienak hauek biltzeko erabiltzea. Horrela, Gipuzkoan erabiltzen ari diren maiztasunak ondorengoak dira. Hiru egun hondakin organikoa biltzeko, bi ontzi arinak biltzeko, bat papera eta kartoia eta beste bat errefusa edo hondakin birziklaezinentzako.

Konpresak eta pardelak

Errefusarekin ateratzeko etxean denbora luzez eduki beharko liratekeen pardel eta konpresak, egunero biltzen dira. Hori bai, logikoa denez egun horretan atertzen den hondakin ataletik berezitako aparteko poltsa batean.

Konpresa eta pardel berrerabilgarriak badira gaur egun, baina ez daude oso zabalduak, eta bide hori garatu eta ordezkapen hori eman bitartean irtenbide bat eman behar zaie.

Pardelak biltzeko kutxak kamioiaren hegalean

Beira salbuspena

Gipuzkoan eta beste hainbat tokitan, beirarentzako kaleko edukiontziak mantendu egin dira. Alde batetik beirak arazoak sor zitzakeen zintzilikarioetan ateratzeko, eta bestetik, hauen edukiontziak aho txikia daukanez ez du ihesbide bezala balio dena nahasian atera nahi dutenentzat. Gainera, bilketaz beira birziklatzen duen enpresa bera arduratzen denez, errazagoa da honen kudeaketa.

Beiraren edukiontziak mantentzen dira. Gainerako edukiontziak kentzeak espazio mordoa libratzen du eta puntu zikinak desagerrarazten ditu. Irudiko edukiontziaren ondoan beste lau zeuden eta zikinkeria pilatzen zen lehen inguruan.

Gainerako hondakinentzako garbigunea

Badira atal nagusi hauetan sartzen ez diren bestelako hondakinak. Pilak, oihalak, tamaina handikoak, olioa eta abar. Hauek garbigunean biltzen dira. Garbigunea herritarrek gertu edukitzea beti da garrantzitsua, baina Atez Atekoan are eta gehiago, edukiontziekin ez bezala ezin baitira hondakin hauek zaborretara bota. Hala ere, hondakin atal hauetako bakoitzaren bilketa udal bakoitzak beste era batean antolatu dezake ere, leku jakinetan hoietarako edukiontziak jarriz adibidez.

Ordutegia: Ordurik gehienetan hondakinik ez kalean

Ordutegia, malgua izaten da

Atez Ateko bilketan, edukiontzien sistemarekin egin ohi den antzera, hondakinak ateratzeko ordutegi bat jartzen da. Horren funtzioa hondakinak kalean ordu gutxi batzuetan bakarrik egotea da. Eguneko ordurik gehienetan, hondakinak ez dira kalean egoten, eta ondorioz, efektu estetikoa oso mugatua da. Hondakinak bildu ostean zintzilikarioak hutsik geratzen dira hurrengo egunerarte.

Ordutegi malgua

Ordutegia edukitzearen arrazoia zein den azaldu dugu. Horrela, Usurbilgo adibidearekin jarraituz, goizeko 6:30etatik 8:30etara jarria dago hondakinak ateratzeko ordutegia. Horrek zer esan nahi du? Norbait bakarrik bizi bada eta goizeko 5:00etan lanera sartu behar badu ezin dituela etxetik irtetzerakoan hondakinak atera? Ala edozein arrazoi dela medio beranduagorarte lo egiten badu ezin dituela atera? Bai noski. Lehenengo kasuan lanera joaterakoan atera ditzake. Eta 8:30etatik aurrera berdin. 8:30etan kamioia hondakinak biltzen hasten da. Baina beti ibilbide bera egiten du eta norberak badaki bere etxetik ze ordutan pasatzen den. Kamioia pasa arte hondakinak atera daitezke. Bilketa-ordutegia malgua izanik, herritar bakanak dira horretara moldatzeko arazoak dauzkatenak. Kasu hoietan informazio bulegora joan daiteke bere kasua azaltzera, arrazoiak egiaztatu eta berarekin malgutasun zabalagoa aplika dadin adostera. Atez Atekoa martxan jartzeko arrazoia ez da inori bizitza zailagoa egitea eta alde guztietatik borondatea dagoen kasuetan beti topatzen da irtenbideren bat. Edozein kasutan, kasurik zailenetarako, larrialdi gunea dago hondakinak egunero edozein ordutan bertara eramateko.

Larrialdi eta ekarpen gunea

Ordutegiaz hitzegin dugu eta ikusi dugu salbuespenak salbuespen, erraza dela etxe bakoitzean norbait ordutegi barruan moldatu ahal izatea. Dena den, horrela ez den kasuetarako eta aipatuko ditugun beste zenbait kasuetarako irtenbidea eskaintzen du Atez Ateko sistemak.

Demagun etxean jende kopuru handiarekin bazkari bat egin dugula eta organiko asko sortu dugula. Organikoaren kuboa bete eta atera behar den egunerarte ezin dugula itxoin. Ala demagun oporretara goazela eta organikoa biharamunerarte ezin dela atera. Horrelako kasuetarako larrialdi eta ekarpen gunea dago.

Herri bakoitzak dauzkan ezaugarrien arabera (biztanleria, auzoen banaketa) gune kopuru jakin bat edukiko du. Gune itxiak dira. Txartel batekin sartzen da erabiltzailea identifikatzeko. Bertan, urteko egun guztietan eguneko 24 orduetan utzi daitezke hondakinak. Hori bai, atal bakoitza dagokion edukiontzian utzi behar da gaika. Beraz, salbuespen kasuetan, hondakinak ateratzeko atez atekoaren egutegi-ordutegi arruntera moldatzeko aukerarik ez daukanak, badauka hondakinak uzteko lekua. Hori da gune hauen larrialdi funtzioa.

Gune hauek badute beste funtzio bat, ekarpen gunearena. Bilketa edukiontzi bidez egiten den kasuetan bezala, bilketa kamioia ez da udalerriko txoko guztietaraino iristen. Landa eremuan aldenduta geratzen diren etxe eta baserrietan bizi direnek hondakinak puntu jakinetara eramaten dituzte, bideragarritasun ekonomikoa eta irisgarritasun arazoak medio. Atez Ateko bilketarekin berdin gertatzen da.

Partehartze prozesuan erabakitzen da Atez Ateko bilketak zein eremu hartuko duen eta nondik hasiko den landa eremuko bilketa eredua. Landa eremuko bilketaren ezaugarriak ondorengoak dira:

Organikoa: Etxe gehienek lurra edukitzen dute eta beraz ezin praktikoagoa da hauentzat etxean konposta egiteko aukera erabiltzea. Era horretan, baratzerako zein lorategirako ongarria lortzen dute, baina horrez gain, hondakinak atera beharreko maiztasuna izugarri gutxitzen dute.

Gainerako atalak: Organikoa kenduta materia ustelkorrik ez dagoenez, ontziak, papera eta gainerakoak astean behin ala gutxiagotan aterata nahikoa dute.

Hondakin atalak

Atez Atekoarekin aste-egun bakoitzean hondakin atal bat ateratzen dela esan dugu. Ikus dezagun hondakin atal bakoitza nola ateratzen den eta zein berezitasun dituen. Lehendik ere esana dugu, baina gogoratzeak merezi du. Atez Ateko bilketa sistema ez da sistema itxi eta zurrun bat. Ahal den neurrian hobetu beharra dago, Zero Zabor filosofian are eta gehiago txertatzeko, bilketa errazteko, estetikoki erakargarriagoa egiteko, eta ahal den gauza guztietarako. Gipuzkoan aplikatzen den eredua, kanpotik ikasitakoan oinarrituta dago, hobekuntza batzuk eginda. Ikusiko dugunez, hemen ere badira herri batetik bestera diferentzia txikiak, beti ere lehen aipatutako etengabeko hobekuntzaren ildoan. Hemen, gaur egun Gipuzkoan Atez Ateko bilketak dituen ezaugarri nagusiak azalduko ditugu, zeharka, dauden ala egon daitezkeen aldaerei aipamen eginez.

Bilketari dagokionez, herritarrari orain arte eman zaion informazio eskasak zalantza asko eragiten ditu. Zalantzak ez dira hondakinak sailkatzea zaila delako sortzen, baizik eta esan bezala orokorrean oso azalpen gutxi ematen zaiolako herritarrari gai honen inguruan. Inork ezagutzen al du gaileta paketea hartu, gailetak bota eta paketea jan duenik? Azalpen labur bat nahikoa da hondakinak nola sailkatu behar diren ikasteko, senari jarraitu besterik ez dago.

Dena den, komenigarria litzateke botere legegileak ere Zero Zabor ildoan jarri eta produktuen etiketatuan produktu horrekin nola jokatu behar den azaltzera derrigortzea.

Edozein kasutan, udalek gaur egungo baldintzetan erantzun beharra daukate, eta beraz herritarraren zalantzak argitzeko hainbat material banatzen dute Atez Ateko bilketa ezartzerakoan. Ondorengo esteketan ikus ditzakezue adibide batzuk:

Hondakin organikoaren atala

Hondakin organikoa, txerrijana bezala ezaguna da ere. Hondakin atal honek aipamen berezia merezi du bere garrantzia dela eta. Gure webgunean hondakin organikoari eskeinitako sailean irakur dezakezue honen inguruan gehiago. Hondakin organikoak ezezagutzarekin batera eragiten ditu Atez Atekoaren inguruko beldur eta kezka gehienak. Horren ingururan atal honetan bertan sakonduko dugu, aurrerago Atez Atekoari buruzko uste okerretaz jardutean.

Organikoa biltzeko kuboak zintzilikarioetan

Hondakin organikoa kubo marroi batean ateratzen da. Kuboak, zintzilikatzerakoan tapa blokeatzen duen mekanismo bat dauka. Horrela, txakurrek, katuek eta kalean dabiltzan gainerako animaliek ezin dute ireki eta barrukoa zabaldu. Kuboa, plastiko gogorrez egina dago eta barrutik ezin du tantarik kanpora irten. Kuboa etxebizitzari dagokion kodearekin identifikatuta dago.

Poltsarik gabe:

Zenbait lekutan, organikoaren kuboan plastiko konpostagarrizko poltsak erabiltzen dituzte. Gipuzkoan, Atez Ateko bilketa ezarri den herrietan ez da horrelakorik onartzen, arazoak ematen dituelako eta hondakin organikoaren kalitatea kaltetzen duelako. Zergatik?

  • Askotan plastiko konpostagarriaren ordez jendeak konpostagarriak ez direnak jartzen ditu. Horrek organikoaren purutasuna asko kaltetzen du eta konpostatu ondoren plastiko zatiak kentzeko prozesuak txertatu behar dira, tratamendua luzatuz, garestituz eta esan bezala kalitatea eskastuz. Hondakin organikoaren purutasuna %95etik gorakoa denean kalitate ona duela esaten da. Italian, Katalunian eta abar, %85-%95 purutasun artean ibiltzen dira normalean, poltsen erabileraren erruz. Gipuzkoan, Atez Ate biltzen ari den hondakin organikoaren purutasuna %99tik gorakoa izaten ari da, neurri handi batean poltsa ez erabiltzeari esker. Mundu mailan Zero Zabor filosofia zabaltzen ari direnek Gipuzkoako Atez Atekoa eta zehazki organikoaren kalitatea jartzen dute eredutzat.
  • Poltsa biodegradagarria erabiltzen bada, zaiagoa da biltzerakoan poltsa barruan zer doan ikustea eta kontrolatzea. Beraz, gaizki egiten ari diren etxebizitzak ezin dira antzeman eta ezin da zuzenketarik egin. Ondorioz, aurreko puntuan aipatu dugun bezala, kalitatea galdu egiten da.
  • Azkenik, Zero Zabor filosofian murrizketak daukan garrantziaren kontra doa hondakinak biltzeko hondakinak (poltsa) sortu beharra.

Kuboa garbitu beharra ez al da zama?

Kuboa garbitzerakoan denetik ikus daiteke. Bada lixiba eta guzti garbitzen duenik. Baina orokorrean kubo barruan jarriko den paperarekin pasatzea nahikoa izaten da. Kuboak, lehortuta, ez du usainik botatzen. Tarteka arraskan garbitzearekin nahikoa da, batez ere kuboa koipez zikindu bada. Ez da beharrezkoa ateratzen den bakoitzean egitea. Horrela eginez gero, plastikozko poltsa jartzeak baino askoz lan gehiago ez du ematen.

Ontzi arinen atala

Kaleko hizkeran “plastikoa eta latak” bezala ezagutzen da. Edukiontzi bidezko bilketan kaleko edukiontzi horian botatzen dena da. Plastikozko poltsa batean ateratzen da zintzilikariora.

Ontzi arinak zintzilikarioan aterata

Gogoeta Zero Zabor ikuspuntu batetik:

Hondakinen sorrera murriztu behar bada, ez da egokiena hondakinak ateratzeko hondakin gehiago (plastikozko poltsa) sortu beharra. Gogoeta horren norabidean Hernanin ontzi arinak ateratzeko poltsa berrerabilgarriak banatu zizkieten hala nahi zuten herritarrei.

Aipatutako arazoa gainditzeaz gain, kolore berekoak izatea estetikoki egokiagoa da. Azken hau, faktore garrantzitsuena ez izan arren, kontuan hartu beharrekoa da, herritar askok garrantzi handia ematen baitio alde estetikoari.

Ontzi arinen atalean emaitzak are eta ikusgarriagoak izan daitezkeela eta, pare bat gogoeta:

Deposito bidezko salmenta:

Ontzi arinak biltzeko, herrialde askotan deposito bidezko sistema ezarrita daukate legez. Sistema honetan, ekoizleak dauka ontziak berreskuratzeko ardura (ekoizlearen ardura hedatua Zero Zabor printzipioa), eta produktua saltzerakoan diru kopuru bat kobratzen zaio erosleari ontziaren deposito kontzeptuan. Ontzia itzulitakoan, erosleak dirua berreskuratzen du. Jendeak dirua zabortegira botatzea ala erretzea gustuko ez daukanez, ontzien berreskuratze mailak oso altuak dira. Hemen, duela hiru hamarkadararte, horrelako sistema erabiltzen zen ontzi askorekin, baina ontzigileen presioak eraginda, oraingo sistema xahutzailera pasa ginen.

Berrerabilpenean oinarritutako salerosketa sistema:

Gaur egun, saltoki ia guztietan erabili ditzakegun ontzi gehienak erabilera bakarrekoak dira. Ontziak produktua erosten dugun bakoitzean erosi behar izaten ditugu produktuarekin batera, eta erabili ondoren bota egin behar dira, kasurik onenean birziklatzera. Baina salerosketa eredu hori ez da nahitaezkoa. Alda daiteke.

Ehunka aldiz erabili datiezkeen ontzietan oinarritu daiteke salerosketa sistema. Garraiatu eta gordetzeko ontzi berrerabilgarriak erabiltzea lehenetsiko duen sistema. Ontzi berrerabilgarriak erabiltzea oztopatu ez, eta erabiltzea erraztuko duen sistema.

Ontzi bakoitza ehunka ala milaka aldiz erabiltzeak ondorio nabarmenak izango lituzke. Atal honetan sortuko litzatekeen hondakin kopuruan murrizketa ia erabatekoa litzateke. Bestetik, ontzi bakoitzaren bizitza hainbeste luzatzeak, hau da, hainbesteko etekina ateratzeak, honengatik diru gehiago ordaindu ahal izatea posible egingo luke, horrela birziklapenaren ikuspegitik eta erabilpenaren ikuspegitik kalitate hobeagoko materialez egindako produktuak erabiltzeko aukera emanez.

Bi gogoeta hauen ildotik hobekuntzak egingo balira, Atez Atekoaren egutegian aldaketa handiak egin ahal izango lirateke. Bilketa egunak gutxitu eta dirutza aurreztu, bestelako atalen baten bilketa maiztasuna gehitu hala nahi bada eta abar…

Papera eta kartoia

Papera eta kartoia da ateratzeko orduan aniztasun gehien daukan sistema. Soka batez lotu eta zintzilikatuta, paperezko poltsatan edota lurrean utzita kartoizko kutxatan ikus daiteke. Zer hobetua badago noski, eta sortzaile eta diseinatzaileek badute hemen lan eremu oso bat beraien ideia eta diseinuak proposatu eta martxan jartzeko.

Errefusa

Astean behin biltzen da, baina ez dauka zentzurik. Etxeetan oso gutxi da sortzen dena, pardelak aparte biltzen badira eta gainerako atalak gaika ateratzen badira Errefusaren bilketa maiztasuna jeitsi liteke hilean behin ala bi astean behineko maiztasunera bide batez sistema merketuz.

Plastikozko poltsatan ateratzen da zintzilikariora.

Badira bestelako aukerak. Itsasondon, 2010ean Atez Ate errefusa bakarrik biltzen duen sistema jarri zuten martxan. Errefusa biltzeko kubo grixa erabiltzen dute bertan.

Beira

Lehenago azaldu dugun bezala, beiraren bilketa kaleko edukiontzi bidez mantentzen da eredu honetan. Arrazoiak hainbat dira. Beiraren bilketa Atez Atekoaren egutegian sartzeak zailtasunak ekar ditzake antolaketa aldetik. Beiraren bilketa zuzenean Ecovidriok osoki egiten du lehendik ere, eta edukiontziak aho txikia edukitzeak hondakinak nahasian atera nahi dituenarentzat ihesbidetzat ez du balio.

Beira edukiontzi bidez biltzen da

Gainerako hondakinak garbigunera

Atez Ateko sistemarekin biltzen ez diren hondakinak garbigunera eraman behar dira, kaleko edukiontzi bidezko bilketarekin bezala. Gertatzen dena da, kaleko edukiontzi bidezko bilketaren kasuan hala egin beharko litzatekeen arren, nahasiko edukiontzian botatzeko erraztasun guztiak daudela, eta osasunaren eta ingurumenaren kaltetan bestelako hondakinek zabortegi eta erraustegietan bukatzen dutela. Pilak, tamaina handikoak, tresna elektronikoak, CDak, pinturak eta abar sartzen dira multzo honetan.

Garbigunea

Garbigunera eramaten diren hondakinak maiztasun handiz sortzen ez diren arren, garrantzi handikoa da herritarrek garbigunea eskura edukitzea.

Kaleak ere gaikako bilketara egokitu behar dira

Etxeetan hondakinak ez nahasteko neurriak hartzen diren bezala, garrantzia dauka kaleak xede horretara egokitzea. Gaika biltzeko ontziak jarri behar dira hondakinak sortzen diren puntuetan (parkeak, plazak…).

Kaleko gaikako ontziak jartzerakoan, aurretik zeudenak egokitu eta berrerabiltzea da egokiena. Zero Zabor ildoarekin bete betean bat egiten duen aldaketa.

Komertzio eta industri poligonoak ere Atez Ate

Etxebizitzetan ez ezik, komertzio eta industri poligonoetan ere hiri hondakinen antzekoak sortzen dira. Hauenak ere gaika bildu behar dira, Atez Atekoaren mekanismoak aplikatuz bilketa eraginkorra lortu dadin. Udalerri osoko hondakinak Atez Ate bilduta lortzen den jauzia ikusgarria da. Ondorengo grafikan, hondakin organikoaren gaikako bilketa kopurua nola igotzen den ikus daiteke. Berdina gertatzen da beste atalekin.

Bai komertzioekin, bai poligonoetako enpresekin parte hartze-prozesuan bilera sektorialak egin behar dira, haien beharrak eta proposamenak jasotzeko. Horrela, haien ezaugarrietara molda daiteke bilketa. Adibidez egutegi bereziak eskein daitezke, kostua ordainduz gero bilketa egunak gehituta, halako ataleko hondakin asko sortzen dituenarentzat eta abar. Komertzio mota bakoitzak hondakin ezberdinak kopuru ezberdinetan sortzen dituenez, haiekin hitzegin behar da ze tamainatako edukiontziak banatu behar zaizkien zehazteko.

Hainbat tamainatako gaikako edukiontziak, beharren arabera hautatzeko

Hasi aurretik parte-hartze prozesua

Kaleko edukiontzi bidezko bilketatik Atez Ateko bilketara igarotzeak herritarren ohituretan aldaketa txikia suposatzen badu ere, kontutan izan behar da eragina herriko etxe guztietan duela, eta beraz herritar guztiekin parte-hartze prozesu bat abian jartzea ezinbestekoa dela.

Gipuzkoan Atez Atekoa jarri den herrietan beste inoiz egin ez diren bezalako parte-hartze prozesuak egin dira. 20 batzarretik gora herri bakoitzean, plenarioak, auzoka, sektoreka, hainbat txanda hoietako bakoitzean.

Usurbilgo parte-hartze prozesuko bilera baten argazkia. Aretoa jendez beteta ikus daiteke.

Zertarako?

Informatzeko

Lehenik eta behin, herritarrei gaur egun hondakinen kudeaketa ereduak sortzen dituen arazoen berri emateko. Horrekin batera arazo hoiek gainditzeko hartu daitezkeen neurriak ezagutzera eman eta hoien artean Atez Ateko bilketak daukan garrantzia azaltzeko.

Baita ere, Atez Atekoa zertan datzan azaltzeko. Egunerokotasuna nolakoa den, gauzak nola egin behar diren, egutegia, ordutegia, hondakin atalak zertaz osatuta dauden, zalantzak nola eta non argitu daitezkeen esateko. Gauza asko berriak izaten dira jendearentzat, eta Gipuzkoan gertatzen den bezala, prentsa bidez Atez Atekoaz gezur bat bestearen atzetik zabaldu bada, herritarrak informatzea are eta beharrezkoagoa bilakatzen da.

Proposamenak egiteko

Herritarrak dira herria eta bere etxe ingurua hoberen ezagutzen dutenak. Atez Atekoa herriko ezaugarrietara moldatzeko proposamenak egitea garrantzitsua da. Atez Atekoa ez da eredu itxi bat, baizik eta leku bakoitzera eta bertako herritarren ezaugarrietara molda daitekeen eta moldatu behar den sistema. Atez Atekoaren arrakasta eta bideragarritasuna bermatzen duten ezaugarriak mantenduta, tokian tokiko ezaugarrietara molda daiteke. Horrela, egutegia, ordutegia, Atez Ateko zerbitzuaren muga, bilketa puntuen kokagunea eta antzekoen inguruan proposamenak egin izan dira.

Erabakiak hartzeko

Eztabaidatu eta aztertu diren proposamenen artean, haien bideragarritasuna baieztatu ondoren, egokiena herritarrek beraiek erabakitzea da. Adibide modura, Usurbilen hasiera batean udalaren proposamena bilketa gauez egitea zen arren, herritarrek bilketa goizez egitea proposatu zuten batzarretan, eta horrela egitea posible zenez, batzarrean goizez biltzea onartu zen eta horrela egiten da.

Estetika eta integrazioa

Gizon emakumeok badugu aldaketaren aurrean babesten gaituen sena. Horrek, aldaketen aurrean zuhur jokatzera garamatza, askotan zuhurregi, ustez zuhurtzia soberan edukitzea faltan edukitzea baino egokiagoa delakoan. Ezagutza ezaren hutsunea, imajinazioak betetzen du, eta ohikoa da neurriz kanpoko usteak sortzea gure irudimenean. Horrela, Atez Atekoa ezagutzen ez duten herritarrengan ohikoa da herria zintzilikarioz eta hondakin poltsa eta kuboz beteta irudikatzea.

Gauzak oso bestelakoak dira ordea. Batetik, zintzilikarioak kokatzeko lekuak hautatzerakoan diskrezioa bilatzen delako logikoki. Bestetik, zintzilikarioek espazioa bertikalean probesten dutenez leku gutxi behar dutelako etxebizitza askoren hondakinak biltzeko aurrerago ikusiko dugunez.

Ondoren argazki batzuen laguntzarekin Atez Atekoa zintzilikarioak kokatzerakoan espazio bakoitzaren ezaugarrietara nola moldatzen den ikusiko dugu:

Bakarkako zintzilikarioa eskilara ondoan

Goiko argazkian bakarkako etxe bat ikus dezakegu bakarkako zintzilikarioarekin. Eskilara ondoan dago, nahiz eta ez den apenas ikusten.

Zintzilikarioak hutsik egunean zehar

Badira etxeko atari aurrean poste moduan jartzen direnak. Argazkian ikus daitekeen bezala eguneko ordurik gehienetan hutsik egoten dira eta ez dute banku batek ala farola batek baino inpaktu bisual handiagorik eragiten.

Badira hormaren ala zutabeen kontra jartzen direnak, argazkikoak bezala. Zer da estetikoki zabarragoa? Zintzilikarioa? Hodia? Gasaren armairua? Lurrean dagoen estoldaren tapa?

Nork esan du hirietarako eta etxe altuak dauden lekuetarako Atez Atekoak ez duela balio? M2 bat nahikoa da 16 etxebizitzen hondakinak biltzeko, zintzilikarioak etxeorratzek bezala espazioa bertikalki probesten baitute. Hernanin ateratako argazki honetan 16ko hiru zintzilikariorekin biltzen da erakineko etxebizitza guztiena.

Etxe ondo-ondoan jartzeko zailtasunak dauden lekuetan badira irtenbideak. Leku jakinetan metatzea adibidez. Hernaniko alde zaharrean hori gertatzen da. Balio historikoko gune bezala katalogatuta dago eta zintzilikarioak ezin dira etxeko hormetan jarri. Bi aukera eskeini zitzaizkien bizilagunei. Alde zaharreko bi gunetan metatzea zen hoietako bat. Argazkian, Tilos plazako frontoiaren ezker paretaren atzean dagoen gunea ikus daiteke. Ezkerrean sarrerako atea ikus daiteke. Eskubiko argazkian gunea barrutik ikusita.

Beste aukera bat, eskaratzean bertan jartzea da. Aukera honek ezezagutzak eraginda, beldurra sortu dezake. Baina, hondakinak nahastu gabe eta bi hiru aholku jarraituz edukitzen badira arazorik eta usanik botatzen ez dutela ulertu zutenak gustura daude orain, etxeko pijama jantzita jeisteko aukera baitaukate, eguraldi ona nahiz txarra egin.

Atez atekoa ikuspegi ekonomikotik

Atez Ateko bilketa sisteman kezka eragiten duen arlo bat arlo ekonomikoa da. Etxebizitza bakoitzari hondakinak bereizita biltzeko ahaleginak gastu handia ekarriko duela aurrikustea erreakzio zentzuzkoa da. Baina horrela al da benetan? Azter ditzagun ondo udal baten hondakinen kudeaketaren kosteetan eragiten duten faktoreak:

Kutsatzea garestia da. Birziklatzea ez. Gaikako bilketa eraginkorraren aurrezpena.

Bildutako hondakinak norabait eraman behar dira tratamendua jaso dezaten. Hondakin atal bakoitzak tratamendu ezberdina jasotzen du, eta noski, atal bakoitzaren tratamenduaren kostea aldatzen da batetik bestera. Leku bakoitzean prezioak alda daitezke. Adibide bat jartzeko Gipuzkoako prezioak erabiliko ditugu.

  • Gaika bildutako hondakin organikoa konpostatzeak 70 €/ tona balio ditu.
  • Errefusa, zaborra, tratatzeak, 140 €/ tona balio ditu, bikoitza.

Horrek esan nahi du, zabor nahasian doan organiko kilo bakoitza, udalari bikoitza kostatzen zaiola.Ikus dezagun hau bera grafika batean:

Bildutakoari tratamendu prezioa aplikatzean ikus daiteke gaikako bilketak dakarren aurrezpena.

Adibidean ikus daitekeen bezala, gaikako bilketa eraginkorra egiteak diru asko aurreztea dakarkio udalari. Beste era batera esanda: Diru poltsa hori dena dago bilketa hobeago bat lor dadin inbertitzeko kudeaketa garestitu gabe. Horrela lortzen du Atez Ateko sistemak bilketa pertsonalizatu horren kostea, koste totala garestitu gabe estaltzea.

Hondakin organikoarekin jarritako adibide honek, beste hondakin ataletarako ere balio du. Hondakinen murrizketan eragiteak ere aurrezpena suposatzen du, sortzen ez den hondakina ez baita ez bildu, ez tratatu behar.

Herritarrak Atez Atekoaren aurrean

Aldaketen aurrean zuhurtzia. Senak agintzen duena.

Gizon-emakumeok badugu aldaketen aurrean babesten gaituen berezko sena. Aldaketak, ezezaguna denak, neurri handi ala txikiagoan, beldurra, kezka eta urduritasuna eragiten digu.

Zaborraren ideiarekin, hau da zikinarekin eta kiratsarekin lotzen ditugun hiri hondakinak tartean daudenean, kezka eta beldurra areagotu besterik ez da egiten. Gipuzkoan gertatzen den bezala, errausketan interesak dauzkaten sektore ekonomiko ahaltsuen mesedetan jarduten duten politikari eta hedabideak tartean baldin badaude, herritarren beldur eta kezka zilegiak hauspotzen dituzte, gezurren bidez, sentipen hoiek muturreraino eramateraino.

Sentimendu hoiek oso humanoak eta normalak direla esan beharra dago. Gainera Atez Atekoa martxan jarri duten leku guztietan bizitakoak dira. Gipuzkoan bilketa sistema hau jarri den herri guztietan bizitu dira sentipen hoiek eta baita Gipuzkoatik kanpo ere. Baina hori bezain ozen esan beharra dago, beldur eta kezka sentimendu hoiek Atez Atekoa benetan zer den ezagutzean aldatu egiten direla eta lasaitasun eta asebetetze sentimenduetan bihurtzen direla gehienetan.

Zuhurtzia bai. Informazio zuzena ere bai.

Bada beldur eta kezka sentimendu hoiek aldatzen dituen une bat. Atez Atekoaren ezarpena. Atez Atekoa martxan jartzen denean, herritarrak egunerokotasuna normaltasun osoz bizi dutela ohartzen dira. Kiratsa, zikinkeria, erosotasun eza eta halakoak uste okerrak zirela konturatzen da jendea ezagutzarekin. Ez dira gutxi Atez Atekoa jarri aurretik urduritasunak eraginda modu txarrak erabili dituztenak eta ondoren informazio bulegora barkamen eske joandakoak. Esteka honetan daukazue horrelako kasu baten kontakizuna.

Atez Atekoa milaka eta milaka herri eta hiritan dago martxan eta atzera bota direnak salbuespen bakar batzuk besterik ez dira. Katalunian adibidez ehun bat udalerrik daukate Atez Ateko bilketa gaur gaurkoz eta bakarrak egin du atzera (Vilassar de Mar), alderdikeritan hasi zirelako gainera. Beraz, hauteskundeak joan hauteskundeak etorri Atez Atekoa mantentzen bada, posible al da Atez Atekoari buruz kontatzen ari diren izugarrikeriak egia izatea? Ala guztiz kontrakoa da, zenbaitek prentsan gezurrak zabalduz eta gezurrak buzonatuz ezkutatu nahi digun errealitatea?

Eta zer diote inkestek? Jendearen iritziak zer bilakaera dauka Atez Atekoa ezagutu aurretik ezagutu ondorenera?

Gipuzkoan Atez Atekoa jarri den herrietan jendearen iritzia neurtu izan da inkesta bidez. Ezagutzak iritzian nola eragiten duen jakiteko, inkestak Atez Atekoa ezarri aurretik eta ezarri ondoren sei hilabetera egin dira. Inkestotan hainbat irizpideren gainean galdetzen zaio jendeari. Irizpideotako bat esku artean dugun gaiari zuzen zuzenean dagokion galdera da hain zuzen. Atez Atekoaren aurrean herritarrak daukan jarrera. Hiru baliotan neurtzen badugu, aldeko, kontrako eta zalantzan daudenak ondorengoa ikus dezakegu:

Grafika hau Aztiker-ek Hernanin egindako inkesten emaitzetan oinarrituta dago. Ondorengoa ikus daiteke:

Aldeko eta kontrakoak alderdikeriz “kutsatutako” jarrerak?

  • Kontrako jarrera mantendu egiten da. Gaiak bizi duen alderdikeritze eta presio mediatiko ikaragarriaren eragina kontuan hartu behar da. Atez Atekoa sigla politiko jakin batzurekin identifikatzeko ahalegin handia dago kontra ari direnen aldetik. Dudarik gabe, zenbait gizarte sektoretan Atez Atekoaren alde azaltzea bando okerrean azaltzearen pareko da. Eragin hori nabarmen ikus daiteke inkesta berean kaleen garbitasunaz galdetzean ematen diren erantzunetan. Kaleak oso garbi daudela ala oso zikin daudela diote gehienek. Hori ezinezkoa da ulertzea alderdikeritze hori gabe. Kaleak garbiago ala zikinago egon daitezke, sekula ez oso garbi ala oso zikin batera.
  • Alde daudela esaten duen jendeaz ere irakurketa bera egin daiteke. Hainbeste alderdikeritu den gaian baliteke hainbatek alde daudela esatea bere aukera politikoa babesteko eta ez benetan horrela pentsatzen duelako.

Hasieran zalantzan zeudenak. Herritar “neutroak”.

  • Zalantzan daudenak, alderdikeriz “kutsatu” gabeko erreferentea dira. Hasieran zalantzan zeudela esan zutenek badakigu ez direla alde batera edo bestera lerratu irizpide politiko eta mediatikoen eraginez. Zein izan da haien bilakaera Atez Atekoa zuzenean ezagututakoan? Argi eta garbi ikusten da, neutrotzat jo dezakegun sektore honetako ia denak Atez Atekoaren aldeko jarrera izatera pasa direla Atez Atekoaren egunerokoa zein den ezagutu ondoren.

Ondorioak:

Bai hauteskundeetan Gipuzkoan eta munduan zehar ematen diren emaitzetan, bai inkesten emaitzetan ikus dezakegu herritarrak Atez Ateko bilketa sistemarekin gustura daudela. Gainera, herri turistikoetan ere eragina ona da. Hor daukagu adibide gisa Bartzelonako Canet de Mar herri turistikoa. 2004 urtean Atez Atekoa martxan jarri zuten eta udal gobernuan aldaketak izan badira ere (PSC, CIU eta PP pasa dira bertatik), Atez Atekoa mantendu dute denek. Beraz, Atez Atekoak ez ditu ez herritarrak, ez turistak ikaratu.

Atez Atekoaren inguruko egi eta gezurrak

Orain artean aipatu ez ditugun bestelako puntu batzuk aipatuko ditugu atal honetan. Gauza berrien ezezagutzak, uste okerrak sortzen ditu askotan. Gipuzkoan gertatzen den bezala hedabide nagusiek sistema berria oztopatu nahi dutenean, uste hoiek mito urbanoetan bilakatzera iristen dira. Ezagutzak eta logikak, xelebreak bezain kaltegarriak diren mito hoiek ezabatzen dituzte. Azter ditzagun uste oker eta mito nagusiak:

Erosotasun eza

Ideia guztiz okerra da. Hondakinak sailkatzea ez da deserosoa. Egunero-egunero gauza mordoa sailkatzen igartzen dugu denbora sailkatzen ari garela ohartu ere egin gabe. Arropa garbitu eta armairuan gordetzeko sailkatzen dugu. Alkandorak hona, kuleroak hara, galtzak berriz hor… Berdin platerak, edalontziak, kubiertoak. Bakoitza bere lekura. Eta zer esanik ez erosketa egin eta gero. Arraultzak hemen, latak han, jogurrak… Hondakinak sailkatzea ez da guzti hoiek sailkatzea baino deserosoagoa inondik ere.

Baina jendeak ez du kontutan hartzen hondakinak ateratzeko kaleko edukiontziekin egin behar den ahalegina. Normalean etxetik urrun egoten dira, jende askorentzan edukiontzi gutxi batzuk egoten direlako. Ez da arraroa hondakinak ateratzeko 100 m ala gehiago egin behar izatea. Ondo legoke bakoitzak zenbat metro egin behar izaten dituen neurtzea. Askotan gainera, hondakinak gaika atera nahi dituenak, nahasian botatzeko hainbat edukiontzi gurutzatu behar izaten ditu helburura iritsi arte. Hori da hori, gauzak ondo egitea zailtzea eta gaizki egiteko tentazioa eskura jartzea.

Atez Ateko bilketan, bilketa puntuak ataritik oso gertu egon ohi dira, kasu batzutan atarian bertan. Eta horrek oso erosoa egiten du herritarrarentzat hondakinak ateratzea.

Kiratsa eta zikinkeria

Erraza da buruz ondorengo ariketa egitea. Edukiontzietan hondakinak botatzen dira. Edukiontziak eta bere ingurua zikinak egoten dira. Atez Atekoan hondakinak ateratzen direnez, bilketa puntuak eta inguruak zikinak egongo dira, eta beraz etxeko atari ingurua eta kaleak orokorrean zikinak egongo dira. Ondorioa okerra da, premisatan ez baitira kontuan hartzen garrantzi handiko zenbait faktore.

Zikindu eta kiratsa sortu dazakeen hondakin atala, organikoarena da. Hau kubo itxi batean ateratzen da eta ez da kanpora erortzen ez tantarik ez ezer. Beraz ingurua garbi egon ohi da. Kuboan dagoen hondakina, etxetik atera berria izaten da. Etxean 2-3 egunez edukitzen da, tapa irekita, eta epe horretan eta baldintza hoietan hondakin organikoa ez da usteltzen eta ez du kiratsik botatzen.

Bestetik, kaleko edukiontzia ez bezala, kuboa norberak etxera eraman eta garbi mantentzen du, eta beraz, ez du bertan zikinkeria metatu eta kiratsik botatzen.

Gainerako hondakin atalek ez daukate materia ustelkorrik eta beraz ez dute ez zikintzen ez kiratsik botatzen. Atez Ateko bilketa puntuek, kaleko edukiontziak daudenekin ez daukate zer ikusirik garbitasunari dagokionez. Askoz garbiagoak egoten dira.

Estetika

Irudimenak ez dauka mugarik, eta askok, Atez Ateko bilketa ezartzean bere herria zintzilikarioz eta poltsaz betea irudikatzen dute. Badira irudi faltsu hori sustatzeko buzonaketak, foto-muntaiak eta horrelakoak erabili dituztenak. Estetika aldetik zer hobetua dagoela aitortuta ere, inpaktua ez da horrenbesterainokoa. Zintzilikarioak jartzean leku diskretuak hobesten dira eta poltsak eta kuboak ordu gutxiz egoten dira bertan. Kaleko edukiontziak kentzerakoan estetikoki lortzen den hobekuntza ere baloratu beharra dago.

Esan bezala, hondakin atal bakoitza ateratzeko kolore jakineko poltsak ala ontziak erabiltzea izan daiteke aurrera begira egin beharreko urratsetako bat. Uniformetasun horrek estetikoki hobekuntza bat suposatuko luke. Baina zabaldu diren mezu alarmisten aurrean lasai egoteko esan beharra dago. Donostian Kontxan edukiontzirik behar ez bada, Atez Ateko zintzilikarioak ere ez dira beharko eta.

Informazio gehiago www.zerozabor.org webgunean

Zer da Atez Ateko bilketa?

Euskal Herrian materialen kudeaketa arrazional eta iraunkor baten alde, hau da, Zero Zabor ereduaren alde eragiteko elkartea.

12 pentsamendu “Zer da Atez Ateko bilketa?”-ri buruz

  • Bazen garaia, Zuzeun gai berritzaile eta ezezagun hau tratatzekoa. Horrela atez atekoari buruzko eztabaida-kate luze bat izango dugu… Inoiz ikusi ez duguna. Bazen garaia. Ze guaia.

    • Zergatik ez duzu besteok egiten dugun bezala egiten? Interesatzen ez zaizkizun artikuluak ez irakurri eta kitto.
      Ez da izangoa atez atekoari buruz zabaltzen diren gezurretaz gain, benetako informazioa zabaltzea da izorratzen dizula?
      Ni Usurbilen bizi naiz eta bertan esaten direnak zuzenak direla berresteko moduan nago.

      • Arazo bat dut: nik dena irakurtzen dut.
        Ez nago atez atekoaren kontra; nire herrian ez dago, eta ez dut arazorik atez atekoa nire herrian jartzeko.
        Baina alde edo kontra egon, uste dut gai honi buruzko intoxikazio bat bizitzen ari garela. Pentsa, hauteskundeen emaitzak baldintzatu omen ditu. Ongizate soziala eta (abertzaleon kasuan) nazio eraikuntza auzian dauden garai honetan, zaborra bada botoa emateko irizpide nagusi bat, esango didazu gaia neurritik aterata dagoen edo ez.
        Benga, aurrera, gabonak arte beste sei bat aldiz eztabaida daiteke gai hau Zuzeun. Ekarpen guztiz interesgarri eta berritzaileekin, noski. Neurea barne.

        • Saizarbitoriak dioen bezala, herri honetan txapela ere politizatuta dago. Atez atekoaren gaineko eztabaida bere onetik aterata dago, noski, baina errudun bakarrak PNV eta PSE dira, euren egunkariekin batera. Bi alderdi hauek kritika manipulazio bihurtu dute, oposizioa boikot. Eta ez dezala inork pentsa herritarren mesederako egin dutenik, batzuen patrikak babestu eta Bilduren kontra egiteko baizik. Horregatik, eskertzekoak dira hau bezalako artikuluak, hain zuzen ere, eztabaida bere onera ekartzeko, argudioen eremura.

          • Erabat ados

          • Baietz. Errudunak PNV eta PSE. Konforme. Baina nik eskertuko nuke horrelako kemen xahuketa lehen aipatu ditudan beste bi gai horietan. Ze ongizate sozialean atzera goazen eta nazio eraikuntzan aurrera ez goazen garai honetan, niri nahiko porsako ematen dit. Niri.

        • Ondo iruditzen zait zuzeun eztabaidatzea. Nik benetan eskertzen dut honelako artikuluak argitaratzea, baina batez ere, g.etxaguek dioen bezala, herrietan garatu behar diren eztabaidetan argudioetan oinarritu ahal izateko, eta orain arteko kutsu politikoa, ahal den neurrian baztertzeko.

        • Bestalde, ongizate soziala eta nazio eraikuntza eztabaida potoloagoak izan arren -lehenago edo beranduago heldu beharrekoak-, iruditzen zait honelako gaiak landuz garatzen direla aurreko biak neurri handi batean batean.

          • Segi ba, aspertu arte. Nik kitto honetan. Aio.

          • Ondo esana Urko
            Eraikuntza soziala zer da ba? FCC, Zementera eta eraikuntza enpresa handien esku uztea gure kudeaketa ereduak erabakitzen? Hoien interes hutsagatik, diru publikotik 200.000.000 euro gehiago xahutzea errauste planta bat eraikitzen? Gaur egungo krisira, erabakiak enpresa munduko marrazo hauen esku utzi dituen klase politiko baten jardunak ekarri gaitu. Krisiari aurre egitea hortik hasten da, morrontza hori gainditzetik, eredua aldatzetik, herritarren osasuna eta ingurumena enpresa handien interesen gainetik jartzetik.

  • Ño! Job-ek pazientzia galdu du ;)~. broma da.

  • Tira Job, niri oso garrantzitsua iruditzen zait aire garbia arnastu ahal izatea. Eta, adibidez, erraustegi bat eraikitzeko milioi mordoa ez gastatzea (adibidez gero ongizate sozialean inbertitzeko; agian ez duzu entzun, baina Gipuzkoan horretan ere inbertitu da). Eta dena kontsumitu eta dena zakarretara botatzeko pentsamendu hori eraldatzea. Nik ez dut nahi Euskal Herri askea oraingo estatuen kalko bat izatea. Hori ez da askatasuna. Zu aspertzen bazara zure arazoa baino ez da.