Maitasun gutuna garunari

garuna

Maite dut, ezagutu baino askoz ere lehenagotik nire alboan egon delako eta sekula ere abandonatu ez nauelako, nahiz eta noizbehinka traizionatu egiten nauen. Bai, badakit batzuetan barregarri uzten nauela  eta ergel samar sentiarazten nauela; baina beste batzuetan, boteretsu eta alai sentiarazten nau.

 

Maite dut, daukadan gauzarik baliotsuena delako; nire ametsen, desioen, fantasien, frustrazioen eta beldurren zaindaria delako. Nire sekretu aitorrezin eta sekretuenak hari soilik esan diezazkiokedalako.

Maite dut, hura gabe ezertxo ere ez naizelako. Badakit jaramonik egin ezean, zoritxarrik beldurgarrienean eror naitekeela; horregatik, merezi duen arreta eskaintzen diot: mimatu egiten dut, trebatu egiten dut, ez diot geldirik egoten uzten, hezi egiten dut, aberastu egiten dut, konpainia onean egon dadin saiatzen naiz… Arduragabekeriaren bat edo presio soziala direla eta, batzuetan gaizki tratatzen dudan arren, ahalik eta hoberen zaintzen saiatzen naiz, nire azken hasperena arte alboan izan nahi dudalako.

Maite dut, bere akats, hutsegite eta inperfekzioei esker gehiago balioetsi dezakedalako, eta hutsegiteek etorkizunean hobeto jarduteko lagungarri izango zaizkidalako. Zeren, hala eta guztiz ere, amore ez ematera eta aurrera egitera animatzen nau beti, haizea kontra izan arren.

Maite dut, nahiz eta sekula sakonki ezagutzeko aukerarik izango ez dudan eta bere botere guztia erabiltzeko gai izango ez naizen.

Maite dut, egunen batean betiko huts egingo didala jakin arren. Urrundu egingo da eta ezin izango dut harengandik gehiago espero. Baina egun hori iritsi arte, maiteko dut, zainduko dut eta nigatik egiten duen guztiagatik eskerrak emango dizkiot.

UDAZKEN KOLOREAK