Zenbat polizia?
Zenbat polizia
Ekainaren 18an “Fan Hemendik” eguna izango da Oñatin, guardia zibilak eta indar okupatzaileek alde egin dezaten eskatzeko. Horretarako animaziozko hiru bideo orijinal kaleratu dituzte, eta sarean zein mugikorretan oso modu esanguratsuan zabaldu dira.
Izan ere, Euskal Herriak oso kolore berezia daukala ikusi dezakegu; Frantziar estatuko edo espainiarreko batazbestekotik urrun, baita Irlanda iparraldekotik ere, sarean topatu dudan mapa honek dioen bezala. Euskal Herria da Europako Batasunean polizia dentsitate handiena duen lurraldea. Zipreren atzetik, Europan polizia kopuru handiena duen herrialdea ere bada. 2011n Eurostatek kaleratutako datuen arabera, 165 biztanleko polizia bat dago Euskal Herrian, hau da, 1.000 biztanleko sei polizia daude.
Kontutan hartu behar dugu zifa horietatik at daudela bi estatuen armadak, baita bizkarzainak ere. Efe agentziak iaz zabaldutako Barne Ministerio espainiarraren zirriborro baten arabera, liskarren kontrako (edo liskarrak sortzeko) bi talde leudeke Iruñean —130 polizia—, eta bat Bilbon —65 polizia (iturria Berria).
Datu hauek ere Berrian irakurri ahal izan genituen: “Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak, Ertzaintzak, Frantziako Poliziak, Jendarmeriak eta Nafarroako Foruzaingoak osatzen dute Euskal Herriko polizien puzzlea. Zehazki 4.800 guardia zibil eta Espainiako Poliziako 2.000 agente inguru daude Hego Euskal Herrian; 8.000 ertzain daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; 1.1000 agentek osatzen dute Nafarroako Foruzaingoa; eta Frantziako Poliziako eta Jendarmeriako 2.200 agente inguru daude Ipar Euskal Herrian, datuen arabera. Armadako soldaduak —Hego Euskal Herrian 1.200 dira— eta udaltzainak kontuan izan gabe 18.100 polizia inguru daude, beraz, Euskal Herrian. Horietako 9.000 inguru Espainiako eta Frantziako polizia indarretako agenteak dira.”
Beharbada apur bat masoka naiz, baina guzti honek zerbait positiboa helarazten dit, anarkismoaren maximetako bati kasu eginez: “geroz eta okerrago, hobe”. Polizia kantitatea jaitsi ez ezik, igo egin da Euskal Herrian su-etenetik hona, baita Katalunian ere. Gauzak ez daude ongi, murrizketak, kaleratzeak, mozal legea, greba gutxi…