Zenbat paper xahutzen da hauteskunde kanpainan?
Egunotan postontzia hauteskunde-propagandaz bete zaigu –batez ere 18 urte gorako jende asko bizi bada etxean– eta , azkenean, ezertarako balio ez duen paper mordoa pilatzen dugu. Papera birziklatzeko erabiltzen dudan ontzia ikusten dudan bakoitzean, sastada mingarri bat sentitzen dut bihotzean. Benetan, paper zarrastelkeria hori guztia ekidin daiteke; batez ere, gaur egun herritar gehienon eskura dauden baliabide teknologikoen bidez.
Alde batetik, etxera iristen den hauteskunde-propaganda guzti hori dago. Etxean pilatzen dena mingarria bada, ez dut imajinatu ere egin nahi etxe guztietara iristen diren gutun piloa ilaran jarrita noraino irits daitekeen. Hori alde batetik; bestetik, herri eta hirietako hormak eta panelak estaltzen dituzten kartelak daude. Eta zer esanik ez hauteslekuetan txukun-txukun jarrita dauden boto-txartel sortak.
Baina egin dezagun kalkulu zehatza, zenbat gutun bidaltzen dira etxeetara?
- Hego Euskal Herriko hautesle errolda 2.263.684 pertsonakoa da, 488.178 Nafarroan eta 1.775.506 EAEn. Hau da, bi milioi lagun baino gehiagok jasotzen dute hauteskunde-propaganda.
- Gutxienez 6 alderdik bidaltzen dute hauteskunde-propaganda etxeetara. Beraz, gutxienez 1.3582.104 gutun heltzen dira Euskal Herriko etxeetara. Eskutitzen edukia:
- Aurkezpen gutuna (1-2 orri)
- Senatariak aukeratzeko orria
- Diputatua aukeratzeko txarteltxoa
- Aurreko biei dagokien gutun-azal bakoitza
- Guztia biltzen duen gutun-azala
- (Eta hori guztia, azkenean, paper asko da)
Zintzotasunez erantzun: Kasurik egiten diozue etxera iristen den propaganda horri? Gehienok ez. Ba al du zentzurik boto-txartelak etxera bidaltzea hauteslekuetan boto-txartel berberak (eta alderdi gehiagorenak!) badaude? Ez gehiegi. Beraz, zergatik jarraitzen dute hori egiten?
Eta etxetik zuzenean internet bidez botoa modu seguru, eraginkor eta guztiz anonimoan emateko biderik balego? Edota hauteslekuetan bertan jarritako ordenagailu batzuen bidez (gastua ahalik eta murritzena izateko aukerak aztertu beharko lirateke, tokian tokiko baliabideak aprobetxatuz)?
Milaka boto-txartel eta gutun-azal aurreztuko genituzke boto tradizionalaren ondoan digitala ere jarriko balute nahi duenarentzat. Konplexua da oso, baina ez ezinezkoa. Ezagutuko dugu halakorik?
Oharra: Bai, hori guztia oso ondo dago papera aurrezteko, baina zer gertatzen da boto sistema digitala gordetzen duten zerbitzariek behar duten energiarekin edota isurtzen duten CO2 kopuruarekin? Soluzio perfekturik ez dago.
Interneten barrena badabil kanpaina bat, gutun pila horiengatik protestatzeko. Ez dakit zerbaitetarako balio dezakeen. Baliteke email bidez zabaldutako beste zozokeria bat izatea, baina hemen jarriko dut, badaezpada:
Gutunazalean, gure helbidea idatzita dagoen aldean “Devuelto” idatzi, eta beste aldean “Rechazado” (euskaraz, auskalo). Gutunak kaleko buzoi batean edo posta bulego batean utziz gero, bidali dituenari itzuliko omen zaizkio. Kanpainak erantzun masiboa edukiko balu, alderdien egoitzetan milaka eta milaka gutunazal jasoko lituzkete.
Horri guztiorri ikusten diodan hutsa: hauteskunde-propagandako gutunetan ez dela bidaltzailearen helbiderik ageri. Beraz, gutunak ez lirateke alderdien bulegoetara iritsiko.