Medikuntza euskaldunduko dugu

sustaturako-medikuntza-euskaldundu-copiaMedikuntza Euskaldundu! 2009-2010 ikasturtearen amaieran sortu zen, Medikuntza Fakultateko euskararen egoerak kezkatu zituen ikasle batzuen eskutik. Ordutik lanean gabiltza, eta jarraituko dugu, medikuntzaren arloan eskubide bat gehiago ez dadin urratua izan.

Hasierako une haietan aldarriak nora bideratu ez genekiela geunden, euskalduntzearen helburua garbi izanagatik, bidea zein zen topatu ezinik. Iazko ikasturtean, ordea, egungo egoera analizatzea lortu genuen, bota beharreko hormak zein ziren ezagutzea. Izan ere, 1. zikloko hiru urteak euskaraz egin daitezke Leioako Medikuntza Fakultatean, baina 2. zikloan nabarmen jaisten da gure hizkuntzaren presentzia, hau da, ikasle euskaldunok urratuta sentitzen dugu euskaraz ikasteko dugun eskubidea. Ez da ahaztu behar, halaber, 1. zikloko hirugarren urtean badela salbuespen bat, Anatomia Patologikoko ordu batzuk gaztelaniaz jasotzen baititugu euskaraz matrikulatu garen ikasleok.

Unibertsitatetik harago, egungo ospitaleetan etengabea da paziente euskaldunen hizkuntza-eskubideen urraketa. Honen aurrean ezer aldatu nahi balitz, bide txarretik goaz unibertsitateak  euskaraz formatu nahi duen medikuari horretarako aukerarik ere ematen ez dion bitartean.

Egoera kezkagarria dela jakinik, ia astero asanbladan biltzen gara gai honi buruz eztabaidatu eta ekimenak aurrera eramateko. Orain arte hala funtzionatu izan dugu eta bide beretik jarraitzeko asmoz gabiltza, nahiz eta beste bide bat ere jorratuko dugun aurten. Izan ere, fakultateko Ikasle Kontseiluko hauteskundeetara aurkeztuko gara, geure helburua beti burutan izanik, ikasleen gainerako eskubideak ere defendatzeko. Alabaina, ez ditugu hauteskundeok ordezkariak aukeratzeko moduan ulertzen, lana behetik egiten jarraituko dugulako aurrerantzean ere. Goiko egiturak unibertsitate mailan hartu behar dituzten erabakiak ezagutu eta gure borroka-ildoak hobeto erabakitzeko tresna gisa erabiliko ditugu, eta gure aldarriak entzungor diren belarri horietara eramango.

Oso argi daukagu medikuntza euskaraz ikasi eta medikuntzan euskaraz jardun nahi dugula,hori lortu arte ez dugu etsiko.

Zer duzu buruan “Medikuntza euskaldunduko dugu”-ri buruz

  • Segi bide horretatik, ea besteok egin ez genuena zuek egiten duzuen! Animo!