Zenbat kobratu behar duzu etxeko langilea bazara?
Zenbat kobratu behar duzu etxeko langilea bazara? –
2018/02/22
Azken eguneraketa: 2024/02/20
1620/2011 Dekretua, etxeko langileen lan harreman berezia arautzen duena (8. artikulua)
Ez dago kantitate finkorik, etxeko langileek ez baitaukate lan hitzarmen kolektiborik. Negoziazio kolektiborako eskubidea ukatuta daukan sektore bakarra da eta, euren erregimenean egin diren azken aldaketek hainbat hobekuntza ekarri badituzte ere, Madrilgo Gobernuak ez dio diskriminazio honi amaierarik eman izan nahi. Etxeko langileen sistema berezian egin diren azken aldaketei begirada bat bota nahi badiezu, beste artikulu honetan dauzkazu:
Beste edozein langilek bezala, hitzarmen kolektiboa negoziatu ahal izateak berebiziko garrantzia dauka, soldata egokiak legez finkatzeko ez ezik, lan baldintza guztiak arautzeko ere bai: funtzioak definitu, lan osasun neurriak zehaztu, eszedentziak eta ordaindutako lizentziak bermatu, aparteko pagak eta orduak ordainduko direla ziurtatu… Hori dela eta, etxeko langileak borroka horretan dabiltza azken urteotan eta EAEn, momentuz, bide itxaropentsua zabaldu egin da:
Lanbidearteko gutxieneko soldata
Esan bezala, negoziazio kolektiborako eskubidea ukaturik daukatenez, etxeko langileak enplegatzailearekin banan-banan negoziatzera behartuta daude eta badakigu honek zer esan nahi duen, oro har.
Edozelan, soldatari dagokionez, legeak minimoa argi uzten du: lanbidearteko gutxieneko soldata (1620/2011 Dekretuko 8.1 artikulua). Kantitate horretatik gora negozia liteke, baina sekula ez horren azpitik.
Lanbidearteko gutxieneko soldata 2024rako: hilean 1.134 euro gordin, 14 ordainsaritan; hau da, 12 ordainsari arrunt eta aparteko paga bi.
Kantitate hau jardunaldi osoari dagokio; bestela esanda, astean 40 orduz lan eginez gero. Ordu gutxiagoz lan egiten bada, minimoa proportzionalki kalkulatu beharko da:
Honela, jardunaldi erdiz egiten baduzu (20 ordu astean), adibidez, gutxienez 567€ gordin irabazi beharko zenituzke hilean (eta aparteko paga bi jaso). 600€ edo 650€ adostu daitezke, baina inoiz ez 567 euroko gutxieneko horretatik behera.
? ADI! 2024rako lanbidearteko gutxieneko soldata 2023ko otsailean hasi da indarrean. Hala ere, atzeraeraginez egin du. Honek esan nahi du zenbateko berriak 2024. urte osorako direla, urtarrila eta otsaila barne. Hortaz, gutxieneko soldata jasotzen egon bazara eta urtarrilean 1.080 euro ordaindu badizute (iazko gutxieneko soldata, alegia), enplegatzaileak diferentzia ordaindu beharko lizuke. Gauza bera, jakina, zure jardunaldi portzentajea edozein dela ere.
Aparteko ordainsariak
Edozein langilek bezala, etxeko langileek aparteko ordainsari edo paga bi jasotzeko eskubidea daukate. (8.4 artikulua)
Besterik adostu ezean, ordainsari hauetako bat ekainean eta bestea abenduan jasoko dira.
Etxeko lanean oso ohikoa da aparteko ordainsariak hainbanaturik edo “prorreaturik” jasotzea. Lehen eman ditugun tauletan erreparatzen baduzu, soldata bi azaltzen dira: bata 12 ordainsaritan eta bestea 14 ordainsaritan. Honela, aparteko paga bi jasotzen badituzu, hilean 1.134€ gordin jaso beharko zenituzke eta 1.134 euroko aparteko paga bi. Aparteko ordainsari hauek hainbanaturik jasoz gero, urtean zehar zatiturik jasoko zenituzke eta, hortaz, hilean 1.323€ gordin jaso beharko zenituzke, baina ez zenuke aparteko ordainsaririk kobratuko.
Aparteko ordainsarien zenbatekoa adostu ahal da. Hori bai, garrantzitsuena da urte osoko soldata, gutxienez, lanbidearteko gutxienekora heldu behar dela: 15.876€ gordin jardunaldi osoz arituz gero (edo, bestela, egiten duzun jardunaldi zatiari dagokion portzentajea).
ADI! 2011tik etxeko langileek aparteko paga osoa jasotzeko eskubidea daukate. Ordura arte, legediak aparteko paga erdiak baino ez zituen aitortzen. Badaezpada diogu, agian enplegatzaileren batek oraindik dauka buruan legedia zaharra.
Hau guztia kontratuan islatu beharko litzateke eta nominetan argi azaldu.
…
Soldata gordina, soldata garbia eta kotizazioak
Ikusi duzunez, soldatari erreferentzia egin diogunean, behin eta berriro errepikatu dugu soldata gordinaz ari garela. Honek esan nahi du hilabete amaieran taulan azaltzen diren kantitateak baino gutxiago jasoko zenukeela, soldata gordin horri kotizazioak kendu behar zaizkio eta.
Kotizazioak enplegatzaileak eta langileak ordaintzen dituzte, ehuneko ezberdinetan eta hainbat gertakizun edo kontingentzia hartzen dituzte barne. Ikusi gertakizun arruntak eta gertakizun profesionalak.
Derrigorra da etxeko lanean kotizatzea. Hala ere, sektore honetan irregulartasunak biderkatzen dira eta behar baino kotizazio txikiagoak egiten dituzte hainbat enplegatzailek. Batzuetan, ezjakintasunagatik; besteetan, fede txarrez. Baina hau beti izaten da langilearen kaltetan, kotizazioak txikiagoak badira, prestazioak ere txikiagoak izango direlako, adibidez, baja egoeran edo erretiroagatiko pentsioa jasotzean.
Berritasunik aipagarriena, jakina, 2022ko urritik aurrera langabeziagatik kotizatzen hasi dela (eta FOGASAgatik ere bai). Momentura arte, etxeko langileek langabeziagatik kotizatzea galarazita zeukaten eta, hortaz, lan barik gelditzen zirenean, ezin zuten prestaziorik edo subsidiorik eskatu.
Beraz, esan bezala, gertakizun horiek guztiak estaltzeko (gaixotasun bajak, erretiroa, langabezia eta abar) soldata gordinetik hainbat kenketa egin behar dira. Hortaz, soldata garbia baxuagoa izango da.
Orduka lan egitea
Etxeko langileek askotan orduka egiten dute lan. Ordainketa ezberdina izaten da jardunaldi partzialaz edo orduka lan egitean (8.5 artikulua).
Kontuz! Orduka lan egiten den ala ez ezberdintzeko, inportanteena ez da zenbat ordu egiten ditugun astean, baizik eta zenbat egunez egiten dugun urtean.
Noiz egiten da lan orduka? Enplegatzaile batentzat lan egindako egunak ez badira urtean 120ra heltzen.
Orduka aritzen diren langileen soldata: 8,87€ orduko
Adibidez, asteburu batean etxe baten garbiketa egiteko kontratatzen bagaituzte, 8 orduz larunbatean eta 8 orduz igandean, esaterako, jaso beharreko soldata, gutxienez, 141,92 euro izan beharko dira (8,87 euro x 16 ordu). Jakina, hori baino gehiago izatea negoziatu liteke, baina sekula ez hori baino gutxiago.
Ordukako soldata honek , jaiegunei, oporrei eta aparteko pagei dagozkien zati proportzionala hartzen du barne.
Soldataren parte bat espezietan ordaindu ahal dizute?
Bai. Soldataren zati bat espezietan kobra zenezake (8.2 artikulua). Lan egiten duzun etxean bazkaltzeagatik edo ostatu emateagatik izaten da ohikoena. Baina adi! ez zaitzatela engaina:
– Soldatatik kontzeptu hauek deskontatu ahal dira, baina deskontu hau ezin da soldataren %30era heldu.
– Dirutan, gutxienez, lanbidearteko soldata jaso behar duzu. Artikuluan zehar eman ditugun zenbatekoak dirutan izan beharko dira ezinbestez, nahiz eta barneko langilea izan eta bertan jan eta lo egin.
Hau da, ezin dizute esan zure soldata lanbidearteko gutxienekoa izango dela (1.134€), baina dirutan 800€ besterik ez ordaindu, soldatatik 334€ “deskontatuko” dizkizutelako otorduak han egiteagatik, esaterako.
Denarekin ere, espezietan ordaintzen den soldataren parte horrengatik ere kotizatu behar da. Beraz, Gizarte Segurantzan alta ematen dizutenean, islatuta geratu beharko da.
Nomina
Derrigorra da etxeko langileek nomina jasotzea (8.6 artikulua). Hemen daukazu nomina eredu bat, PDF eta word formatuetan:
Nomina eredua Word formatuan
Nomina eredua PDF formatuan
Enplegatzaileak adosten duzuen eran ordaindu ahal dizu: efektiboan, taloiaz edo transferentziaz (8.2 artikulua eta Langileen Estatutuko 29.4 artikulua). Edozelan, izan kontuan Iruzur Fiskalaren kontrako 11/2021 Legeak 18. artikuluan ezartzen duenez galarazita dagoela 1.000 euro edo gorako ordainketak efektiboan izatea.
Efektiboan ordaintzen badizute, oso garrantzitsua da segidan bankura joan eta dirua ingresatzea, nomina edo soldata dela adierazita. Horrela, hilabetez hilabete soldataren zenbatekoa eta jaso den eguna erregistraturik geratuko da, enplegatzailearekin izan daitezkeen arazoen aurrean babesteko, batez ere kaleratzeen aurrean. Hau oso inportantea da egoera irregularrean egonez gero, noizbait lan harremana frogatu behar baduzu, ondo etorriko zaizu eta.