Zenbaki txikiak

Zenbaki txikiak –

Rikardo Arregi, Noticiasen.


Zenbaki txikiak

Ez dakit Athletic-en ospakizunak, ospakizun ondokoak eta biharamunak behin igarota, hau da, hurrengo astean, EAEko hauteskunde kanpainak berreskuratuko duen indar edo interes apur bat. Agian ez du inoiz benetako interesik izan, dena, edo ia-ia dena idatzita baitago aspaldidanik. Egia da hor dugula EAJren eta EH Bilduren arteko lehia, hauteskundeak nork irabaziko, baina badirudi EAEko jendarteak, inkesta batzuek diotenez, erabaki salomoniko bat hartu ahal duela: boto gehiago EAJri eman, baina eserleku gehiago EH Bilduri, adibidez, edo ez; zenbaki txikietan egon daiteke kontua. Galtzaile edo irabazle sinbolikoa izatea praktikoa ez baina kitzikagarria da. Egia da, era berean, Sumar Mugimendua eta Elkarrekin Podemos auzia dugula: eserlekuren bat lortuko al dute? Zenbaki txikiak berriro ere. Ezin ahaztu, jakina, eskuin mutur espainiarra: orain duten bakarrarekin ikusiko al dugu berriro? Ematen du PPk eta PSEk aurreko eserleku kopuru bera errepikatuko dutela, bat gehiago agian, bat gutxiago. Zenbaki txikiak beti.

Orain arteko hauteskunde kanpaina aurrekoak baino aspergarriagoa izan dela uste dut. Betikoa izan dugu: Eusko Jaurlaritzaren parte izan diren bi alderdiek azken lau urteotan oposizioan egon balira bezala jokatzen dute, barregarria izan daitekeena, edo amorragarria, norberaren umorearen eta egunaren arabera; alderdi bakoitzak barne beldurrak erakusten ditu batzuetan modu penagarrian; eta promesak ugaldu egiten dira txiribitak bezala udaberrian.

Fantasia miragarri batzuk kenduta (EAJk eta EH Bilduk gobernua osatuko dutela, edo PSEk eta EH Bilduk), guztiok dakigu EAJk eta PSEk koalizioa egingo dutela berriro ere: eleberri gris horren bukaera asmatzea erraza da. Interesgarria izango da, beharbada, bi horiek ez badira 38 eserlekura iristen, gehiengo absolutura, alegia. Zenbaki txikiak. Nolanahi ere, ez litzateke larriegia izango: Pradales izango genuke lehendakaria eta Andueza, lehendakariordea, baina entretenituta egongo ginateke hurrengo lau urteetan egonkortasunaren aldareetan eginiko sakrifizioei begira.

Zenbaki txikiak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Zenbaki txikiak”-ri buruz

  • Abertzaletasunaren mundutik EAJ edo EH BILDU ez den alternatiba berririk ez dagoen bitartean, hainbat herritarrok umezurtz jarraituko dugu. Zuzentasun politikoa alde batera, eta benetan gure herri iraupenaren alde egiten duen alternatiba berri hori osatuko balitz, batek baino gehiagok susto ederra hartuko luke.

  • Niketz nahiko aspertuta nago beti gauza bera entzuteaz: alternatiba behar dela alderdi abertzaleen artean.

    Beno, eta zergatik ez duzue antolatzen eta kitto? Zergatik beti “beste batek egin dezala” itxoiten? Horrela, hau eskatzen duzuenen maila eskasa baino ez duzue azaleratzen.

    Ale! Utzi kexuak eta lanera!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude