Zeledonia?
Zeledonia? –
Zer duzue mintzagai egunotan? Barraskilo jana ala Zeledoniaren plana? Ongi asko jakingo duzuenez, Zeledon emakume bat izateari atea ireki dio Gasteizko Neska eta Blusen Batzordeak. Proposamena bolo-bolo dabil, han eta hemen. Zenbat buru, hainbat aburu.
Eztabaida sanoa, beharrezkoa. Xextra horretan, Arabako kazeta batek bere webgunearen bidez galdera hau egin du:
“Gustatuko litzaizuke hurrengo Zeledon emakume batek gorpuztea?”. Inkesta aktibo egon den egunetan, emaitzak oso argiak izan dira: aldeko 143 boto; kontra 409. Beraz, inkesta honi kasu egingo bagenio, lau herritarretik bat, soilik egongo litzateke proposamenaren alde.
Galderak, baina, ez dira inozoak. Eta itauna beste modu honetara planteatu izan balitz?:
“Gustatuko litzaizuke Gasteizko jaiei hasiera ematen dien pertsonaia mitikoa emakume bat izatea, bere protagonismoa Zeledonekin partekatuz?”.
Oker egon naiteke, jakina, baina uste dut erantzunak bestelakoak izango liratekeela. Edo ez, batek daki. Ni, behintzat, aldaketaren aldekoa naiz. Zinez uste dudalako tradizioak ezin duela oztopo izan gizateriaren aurrerabiderako. Mitoek eta kondairek herrien nortasuna ezaugarritzen dute. Garaian garaiko adierazpide dira. Egunera ditzagun. 1957an Zeledonek Zalduondotik Gasteizko jaietara zihoan Zeledonio Alzolaren pertsonaia bikain gorpuztu zuen. 66 urte igaro dira.
Gauzak zer diren. Orain arte nik ez nekien Zeledonio izena grekeratik zetorrela. Enara esan nahi du. Sinbologia ederra. Euskaltzaindiak gogorarazten digunez, “olertiari eta literaturari esker, enara udaberriaren adierazle bihurtu da. Eta enara edo Ainara hitza Ekialdekoa da, Lapurdikoa eta erabili izan zen Nafarroa eta Aragoitik Iparraldera espartinak egitera joaten ziren andrazkoak izendatzeko”. Gurera ekartzeko irudi ederra.
Nik ez daukat zalantzarik. Aurtengo jaietan ez bada, hurrengoetan Gasteizko jaiei emakume batek eman beharko lieke hasiera. Zeledonekin batera edo Zeledonen ordez. Harekin protagonismoa partekatuz edo txandakatuz. Andre Mari Zuriaren jai askeago eta berdinzaleagoak behar ditugulako.
Zeledonia? Ez, mesedez. Ainara. Bai, enarak edo ainarak bizi dugun garaiaren metafora ezin aproposagoa direlako.
Biba Prudentzio Deuna. Gora Zeledon eta ongi etorri Ainara.
…
ALEArentzat egindako kolaborazioa
Bi ohar:
Andre Mari Zuriaren jaian ez dago emakumezko pertsonai mitikorik?
Berdintasun bila, Bilboko Aste Nagusian gizonezko pertsonai mitikoa asmatu behar da?
Benetan hori da jokoa?
Ba bai, eta Bilboko pregoneroen artean gizon eta emakumeak egon dira, nik esango nuke nahiko kopuru berdintsuan. Aldiz txupinerak beti izan dira neskak, baina beno, niri Bilbotar gehienei bezela bost axola txupinera beti izatea neska.
Hori bai, txupineroa beti mutila izango balitz? Gaur egun Mendebaldean eta bereziki Euskal Herrian bizi dugun mezu (eta giro) ofiziala zein den jakinda…
Macedonia ederra daukaguna!!!! Horrenbeste konplexu eta aurreritziekin, jada ez dakigu zer garen ere ez. Bitartean soldatak gero eta baxuagoak, egoera gero eta okerragoa, euskara kinka larrian, abertzaletasuna erabateko krisian,… Eta gu, Zeledon/Zeledonia eta Mari Jaia/ Mari Jaio.eztabaida sutsuan.
Historikoki jaiaren iruditeria ofizialean emakumearen errepresentazioa bigarren edo hirugarren mailakoa izan da. Ikusezina gehienetan eta, agertzen bazen, modu estereotipatuaa eta objektu bihurtuta. 1978an, Marijaiaren agerpen indartsuarekin, desoreka mingarri hori zuzentzen hasi zen Bilbon. Egiteke eta egiteko asko daude oraindik. Gasteizko jaietan planteatu den eztabaida hori, norabide onean doan zerbait da. Deitu Ainara edo Edurne. Zure galderari erantzunez…”ez dago emakumezko pertsonai(a) mitikorik?” Balego ongi etorria, proposatu dezatela eta herriak erabaki dezala.
Xeledoni izena zuen gure amonak, amona Xele, eta arreba batek Ainara, baina ez gurasoek Ainara bataiatu zutenean, ezta gainerako senideok ere zure artikulua irakurri arte, ez dugu jakin Zeledonia grekoz enara zela. Arreba Xele deituko diogu aurrerantzean Ainarari. Mila esker, Txema!