Zeinek erre nahi ditu hondakinak (7)
Hitzaldi berean mintzatu zen Jose Antonio Garcia, Cementos Portland Valderribas taldearen Olaztiko (Nafarroa) fabrikako zuzendaria. Helburu argia azaldu zuen 2015erako: Olaztiko zementu fabrikako erregaien %40 «alternatiboak» izatea(20); hots, erregai fosilen %40 beste erregai batzuekin ordezkatzea. «Zementu enpresen erronka handia da lekuko administrazioekin eta administrazio autonomikoekin adostea birziklatu edo berrerabili ezin den hondakinen partea balioztatzea [alegia, energia ateratzeko erraustea]: kimaketetako errefusak, araztegietako lohiak eta bestela zabortegietan bukatuko duten hiri hondakin solidoak, adibidez». Oso esplizitua izan zen Garcia solasaldian: «[Zementu] Eskariari eragiten ari zaio krisia eta, lehiakortasunari eutsi nahi badiogu, hondakinak balioztatzen hasi behar dugu». Olaztiko zementu fabrikak 2009ko urte hondarrean aurkeztu zion udalari iraunkortasun plana, eta labea indarrean edukitzeko erabili ohi duen petrolio kokea gutxitzeko asmoa agertu zuen bertan: baso mozketetako soberakinak, araztegietako lohiak, hiri hondakinetako zabor organikoa, haragi irinak, pneumatikoak eta ibilgailuetako hondakinak erretzeko asmoa agertu zuen, eta Cementos Lemona enpresa kidearen «esperientzia aitzindaria» jarraibide izango duela zehaztu(21).
Baluarte Jauregiko hitzaldi hura CEMA(22) Zementuaren eta Ingurumenaren laneko fundazioak antolatu zuen. 2007ko azarotik hamaika solasaldi antolatu ditu CEMAk, eta gehiago ditu agendan. Oraingoz, herriotan egin ditu saioak: Leonen (bi aldiz), Meridan, Toledon, Oviedon, Zaragozan (Espainia), Bartzelonan, Valentzian, Montcada i Reixacen, Alacanten (Herrialde Katalanak) eta, Euskal Herrian, Iruñean. Hitzaldiak antolatu dituen herri guztietan daude errauste plantak, edo halakoak eraikitzeko egitasmoak. Mora Peris bost alditan izan da hizlari, eta Jose Ignacio Elorrieta behin. Izenburu orokor honen pean antolatu ohi dituzte hitzaldiak: Iraunkortasunari buruzko jardunaldiak. Balioztatzea zementuaren sektorean(23).
2008ko urrian egin zuen CEMAk lehen kongresua, Madrilgo Hotel Melia Castillan, Zementuaren sektorea aldaketa klimatikoaren aurrean(24) lelopean. Kongresuan hitza hartu zuenetako bat izan zen, hain justu, Jose Ignacio Elorrieta. Ikerketa: zementuaren sektorean erregai fosilak ordezkatzea. Aukera bat hondakinen isurketa murrizteko(25) izeneko hitzaldia eskaini zuen. Hor ikusten dira zementu industriaren ahaleginetako batzuk, erregai fosilen ordezkoak bilatzeko. CEMA fundazioak berak iritzi hau du hondakinak erretzeari buruz: «Zementua produzitzeko prozesuan, clinker labeetan hondakinak erregai alternatibo gisa erabiltzea, lehen aipatutako hondakinen hierarkiari [Europako zuzentarauaz ari da] bete-betean egokitzen zaion jarduera da. Hondakinen %100 berrabiltzeko eta birziklatzeko ezintasun tekniko eta materialaren aurrean, erabilera hori [erraustea] lehenetsi beharko litzateke, hondakinak zabortegietara bidali aurretik». Alegia, hondakinak alferrik galtzen direla bestela.
Bitxia ere bada CEMAk «balioztatze energetikoaz» ematen duen definizioa: «Balioztatze energetikoa da, petrolio kokea bezalako erregai fosilen ordez, indar kalorifiko handia duten hondakinak erabiltzea». Praktika «seguru, garbi eta efizientea» dela eransten du. Zementuaren laneko fundazioaren definizio bitxi horrekin parez-pare, hauxe da Europako Batasunak «balioztatzeari» ematen dion definizio zehatza: «Hondakinetan dauden baliabideak aprobetxatzeko modua ematen duten prozedura guztiak, beti ere izakien osasuna arriskuan jarri gabe, eta ingurumenari kalte egin diezaioketen bitartekoak erabili gabe». Definizio horrekin batera, CEMAk aipatu duen Europako zuzentarauak lehentasun ordena honetan antolatzen ditu, goitik behera, hondakinen tratamenduak:
- a) Prebentzioa.
- b) Berrabiltzea.
- d) Materialki berreskuratzea.
- e) Energia gisa berreskuratzea, edo «balioztatzea».
- f) Zabortegira botatzea.
2008 arte, lau puntu zituen hierarkia horrek, berreskuratzeko politika guztiak batera hartzen baitziren. Bi urtetik hona, bereizi egin du Europako Batasunak: batetik, hondakinetan dauden materiak berreskuratzea eta, bestetik, hondakinek izan dezaketen energia berreskuratzea. Eta, behin kategoria bitan bereizita, hondakinak energia gisa berreskuratzeko politikak maila bat beherago daudela ebatzi du. Hau da Europako Batasunak esan duena: hondakinak erretzea, zabortegietara botatzea baino hobea da, baina prebenitzea, berrerabiltzea eta materialki berreskuratzea baino okerragoa da. Hala ere, hierarkiaren argudio horri eusten diote CEMAk, zementuaren industriak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Xabier Garmendiak eta enparauek. Hartara, ulergarria da hondakinen prebentzioari buruz eztabaidarik apenas sortzea, errausteari buruz sortu den kalapitaren aldean, ez baita prebentzio politikarik egon. Bizkaiko Diputazioak aurten aurkeztu du era horretako plan bat, errauste planta abian jarri eta bost urtera.
Zementuaren industriak ere bere xedeekin jarraitzen du temati. Cementos Rezolaren 2005eko ingurumen memoriak honela laburbiltzen du errausteari eusteko arrazoia: «Cementos Rezola eta Hormigones y Minas enpresetako(26) ekoizpen prozesuek lehengai eta erregaien kontsumo handia dakarte berarekin, tradizioz ez baitira berriztagarriak erabili. Beraz, energia eraginkortasuna eta baliabide naturalen kontsumo murrizketa helburu giltzarriak dira gure iraunkortasun politikan». 2005ean zehar 195.000 tona «balioztatu» zituen konpainiak, hondakinak errez, eta «lehengai alternatiboak erabiliz».
Cementos Lemona da erreferentzia argietako bat hondakinak «balioztatzeko» politiketan, baina ez da bakarra. Holcim España taldeak, adibidez, 2008an erabili zuen energia termikoaren %18 sortu zuen erregai ez fosilekin, eta 5 milioi tona ikatz erabiltzea aurreztu omen zuen era horretan. Cemento-Hormigón aldizkariaren arabera, horrek eragin zuen 58.238 tona CO2 gutxiago isurtzea atmosferara, eta 61.705 tona petrolio koke gutxiago erretzea labeetan.
CO2 isuriak gutxitzeagatik, gainera, Espainiako Gobernuaren diru laguntzak jasotzen dituzte zementu fabrikek. Europako batez bestekoaren parean dago Holcim España ?Europako zementu fabriketan, erregai guztien %18 ez dira jatorri fosilekoak, batez beste?. Aldiz, 2009ko datuen arabera, Galizia, Herrialde Katalanak, Espainia eta Euskal Herriko zementu fabriketako erregai ez fosilak %4,2 dira. Hortaz, zementuaren fabrikek badute non aurreztu, jatorri ez fosileko erregaien erabilera handituz. Eta horrela egin zen amodioa zementuaren eta hondakinen artean.
2006an, zementu fabrikek egindako «balioztatzeagatik», 270.000 tona CO2 gutxiago isuri ziren atmosferara, sektoreko enpresen arabera. Erregai ez fosilen erabilera %26 handitu behar zela zioen sektoreak orduan, 2012an Kyotoko Protokoloa bete ahal izateko. Galizian, Herrialde Katalanetan, Espainian eta Euskal Herrian, haragi irin eta grasak ?2006an 90.000 tona? eta pneumatikoak ?2006an 42.000 tona? erretzen dituzte, gehienbat, zementu fabriketan. Erregai ez fosilen artean, horiek dira erabilienak. Oficemen elkarteko presidente Aniceto Zaragozaren hitzetan, «balioztatzearen garapena, gure herrialdean, administrazio publikoen esku dago, hein handi batean, eta badira gure industriatik kanpo dauden zenbait faktore, hazkunde hori oztopatzen dutenak».
Zementuaren industriak «balioztatzeko trabak» kentzeko eskatu die, sarri, Espainiako Gobernuari eta gobernu autonomikoei, eta ISR institutuak aholkularitza eskaini izan dio, industriari, zeregin horretan. ISRko zuzendari tekniko Santiago Palominok 2009an CEMArentzat zuzendutako azterketak hala jasotzen du: «Ikerketak azaleratzen du, prebentzio eta birziklatze jarduerak egin arren, hiri hondakinen %60 baino gehiago zabortegietara botatzen direla [berriro ere Xabier Garmendiak aipatzen duen muga ezaguna]. Tratamendu plantetako errefusekin, eta behar bezalako prestakuntzarekin, 1,2 milioi tona RDF (hondakinetatik eratorritako erregai) produzitu ahal izango lirateke, zementuaren fabrikek erabili ahal izango lituzketenak egun erabiltzen dituzten erregai fosil tradizionalen ordez». ISRk zementuaren fabrikei proposatu die, zeharka bada ere, urtean 1,2 milioi tona hondakin erretzea; alegia, zementuaren industriak 2008an erre zituen «erregai alternatibo» guztiak, bider hamar. Bide horretan doaz, pixkanaka: iaz 405.700 tona hondakin erre zituzten zementu fabriketan, 187.600 petrolio tonaren baliokide dena. Argia da aurrezpena.
Carlos Urzelai industria ingeniariak eman zuen, 2006ko hitzaldi batean, zementuaren industriaren izerdien berri. Ohartarazi zuen energia «funtsezko faktorea» dela zementu enpresen lehiakortasunarentzat eta, efizientzia energetikoa hobetuta ere, ezin dutela kontsumoa %2 baino gehiago murriztu. Aldiz, hondakinetatik eratorritako erregai solidoak erabilita, energia gastu guztiaren %37 ase dezakete zementu enpresek. Horregatik, beste eskakizun askoren artean, galdegin zuen «erregai alternatiboak erabiltzeko trabak» ezabatzea. Urzelai Cementos Lemonarentzat lanean ari zen garai hartan; egun, FCCko Iraunkortasuna eta Hondakinak Balioztatzea sekzioaren arduraduna da.
Hondakinena ixten hasteko iturri oparoegia da, eta hori erakutsi dio ISRk zementuaren industriari. 2004an Barakaldon egindako jardunaldietan ere eman zituen ideia batzuk ISRk, zeintzuk hondakin erre zitezkeen: «[Hondakin] Fluxu hauetako batzuk asko nabarmentzen dira, kantitategatik, edo ezaugarri kualitatiboengatik; adibidez, erabiltzeari utzitako ibilgailuak eta gurpilak, eraikuntzako eta eraispenetako hondakinak, gailu elektriko eta elektronikoen hondakinak, eta pilak eta bateriak».
Zementua egiteko labeetan hondakinak erretzeko asmoa, dena den, ez da berria, eta zementuaren industrian bertan sortu da, kanpoko aholkularitzarik gabe ere, beharrak hala aginduta. Espainian, 1991. urtean hasi ziren bestelako erregaiak erabiltzen zementu fabriketan, eta Euskal Herrian ere garai bertsuan. Kezka aspaldikoa da, beraz; gogoratu besterik ez dago Garmendiak idatzi zuen esaldi kezkagarria: «Gero eta ingurumen baldintzapen gehiago izango dituen, eta urriago eta garestiagoa izango den energia etorkizun batera goaz». Zementuaren industriak erregai kontsumo handiak ditu, eta aspaldi ohartua zegoen arriskuaz, erregaien urritzeaz eta garestitzeaz. 1993 eta 2003 artean, Galiziako, Herrialde Katalanetako, Espainiako eta Euskal Herriko zementu fabriketan sei aldiz biderkatu zen jatorri ez fosileko erregaien erabilera. Azken hamarkadan, ugaritu besterik ez da egin zementu industriak erre ditzakeen gaien zerrenda, eta hondakinak erre ditzaketen zementu fabriken kopurua. Gaur egun, haragi industriako hondakinak(27) eta hiri araztegietako lohiak erretzeko baimenak dituzte Añorgako eta Arrigorriagako Cementos Rezolaren fabrikek. Añorgan, gainera, pintura, berniz eta gisakoak, pneumatikoak eta utzitako autoen hondakin zatikatuak ere erretzeko baimenak dauzkate. Arrigorriagan, aldiz, biomasa eta plastikoak erretzeko baimena dute. Lemoako Cementos Lemonaren fabrikan horiek guztiak erretzeko baimenak dauzkate, eta baita gai gehiago erretzeko ere, hidrokarburoak esaterako(28).
2001 eta 2003 urteen artean, Cementos Rezola eta Hormigones y Minas enpresetako fabrikek 360.000 tona hondakin industrial «zabortegietara botatzea ekidin» omen zuten, bi enpresek kaleratu zuten ingurumen memoriaren arabera. Ordurako, haragi irinak(29) eta pneumatikoak erretzen hasiak ziren, baina ja begietan zuten beste gai batzuk erretzen hastea: araztegietako lohiak, adibidez.
Non gogoa, han zangoa. Horiek ere eskuratu dituzte, edo laberatu, hobeto esateko: 2010eko otsailaren 25ean aurkeztu zuten, eufemismoz beteta, Cementos Rezola eta Añarbeko Uren arteko akordioa. Araztegietako lohiak erretzen hasi da, harrezkero, Cementos Rezolaren Añorgako planta(30). Zabaldu zuten prentsa oharreko pasarteak dira segidan doazenak:
- Ur zikinen ingurumen zirkuitua ixten da.
- Ingurumen aldetik aurreratua eta iraunkorra den konponbidea dakar.
- Lohiak clinker labean erreta, inguruarentzat onura handiena lortzen da, eta hondakina ezabatzea lortzen da, atmosferara gehiago isuri gabe eta ingurumenari ondoriorik eragin gabe, aipatu labeak dituen erretzeko ezaugarriengatik eta izaerarengatik. Hartara, hondakinaren balioztatze energetikorako konponbide egokia da.
- Ingurumenari errespeturik handienarekin.
- Aukera bat, onura bat ingurumenarentzat.
- Negutegi efektuko gasak isurtzearen ikuspegitik, balioztatze lanek saldo positiboa izango dute.
Urtean, gehienez ere, 7.000 tona erreko dituztela hitzartu zuten. Beste datu bat ere eman zuten prentsa oharrean: lohiak errez, fabrikak behar duen erregai guztiaren %0,7 eskuratuko du. Cementos Rezolako jabeek hala nabarmendu zuten, ekimena ez dela dirua irabazteko, baizik eta «ingurumena eta iraunkortasuna hobetzeko».
Deia kazetak era honetan jaso zuen «hondakinak balioztatzeari» buruz Cementos Rezola egiten ari den esfortzua: «Aurrezteko bide bat, gainera ingurumenarekin errespetuzkoa dena, aurkitu du Cementos Rezolak. Birziklatu ezin diren kontsumo kateko hondakinak lehengai gisa erabili ahal izateko, euskal konpainiak ekimen bat prestatu du bere instalazioetan hiri hondakinak errausteko, doitze ekonomikoaren planaren barruan(31). (…) Hiri hondakinak eta erregai arriskutsuak erretzeko prestatuak daude». Asier Otxoa de Eribe Cementos Rezolako Ingurumen arduradunaren hitzak ere jaso zituen kazetariak: «Herrialdeko ingurumena zaintzen ari delako gizartearen babesa lortzen badu, eta gainera konpainiak petrolio kokean duen gastua aurrezten badu, orduan gastuak merezi izango du». Otxoa de Eribek kazetariari azaldu zion Añorgako plantan haragi irinak erretzen direla, baita pneumatikoak eta lohiak ere. Baina Cementos Rezolak, behin hasita, plastikoak erretzeko gogoa zuela ere azaldu zion. Plastikoak, izan ere, sugai bikainak dira, ISRk ondo azaldu izan duenez. Labeak, gainera, larruak eta arropak erretzeko ere prestatuta daude.
Araztegietako lohiak erretzeko Cementos Rezolaren eta Añorgako Uren arteko akordioa ez da borondate eta intentzio batzuen adibide hutsa baizik. Pneumatikoen errausteak, esaterako, gora egin du urteotan. Bizkaian eta Gipuzkoan 7.500 tona pneumatiko erre zituzten zementu fabrikek 2004an. 2005ean 14.000 tona erre zituzten. 2006an jaitsi egin zen, apur bat, kontsumoa: 13.000 tona erre zituzten. Plastikoen errausteak ere gora egin du urte horietan: 2004an 600 tona plastiko erre zituzten; 2005ean, 1.350 tona inguru; 2006an, 3.200 tona inguru. 2007an hitzarmena sinatu zuten Oficemen patronalak, FER(32) Berreskuratzerako Espainiako Federazioak eta Sigrauto Erabiltzeari Utzitako Ibilgailuen Ingurumen Tratamendurako Espainiako Elkarteak, erabiltzeari utzitako ibilgailuetatik lortutako materialak erregai gisa erabiltzeko(33) —ISRk erakutsi bezala, gailu elektriko eta elektronikoen hondakinak dira beste erregai interesgarri bat zementuaren industriarentzat—. 2006ko urtarrilean, Ecolec fundazioak eta Energis Valorización de Residuos SA(34) enpresek hitzarmena sinatu zuten, gailu horietako hondakinak erabiltzeari buruz ikerketa egiteko. Etxeetako garbigailuak eta hozkailuak zituzten jo puntuan. Ecolec fundazioko zuzendari nagusi Jose Ramon Carbajosaren hitzetan, «Espainian, 2004an bakarrik, 1.829.400 garbigailu eta 1.804.900 hozkailu komertzializatu ziren. Neurri horiek ulertzen laguntzen digute ikerketarako hitzarmen honen garrantzia».
Hori da hondakinak erraustearen problema: behin jaten hasita, ezin dela ase. Beti jan, eta beti gose.
(Datorren asteartean jarrituko du)
————————-
(20) Nafarroako herri horretan liskar handi samarra bizi dute zementu fabrikaren egitasmoen kari. Sakana eskualdeko herritar eta talde ekologistek milaka sinadura bildu dituzte zementu fabrikaren labeak «balorizaziorako» erabiltzearen aurka. Olaztiko Udalak, ordea, baimenak eman dizkio fabrikari. Herriko ezker abertzaleko zinegotziek publikoki salatu dute alkatetzan egon den Olazti Bai plataformako kide, zinegotzi eta alkate batzuk enpresako langileak direla. Hiru urtean hiru alkatek dimititu dute Olaztin; azken dimisioak orain berri gertatu dira, «presioen» eraginez, alkatearen esanetan; Olazti Baiko kargu publiko guztiek utzi dute udala.
(21) 2007an Cementos Lemonaren fabrikak erabili zituen erregaietatik, %28 jatorri ez fosilekoak izan ziren. «Erregai alternatibo» gehien erabiltzen duen Euskal Herriko zementu fabrika da Lemoakoa, eta Espainian ere ez du parekorik.
(22) Fundación Laboral del Cemento y el Medio Ambiente izena du elkarteak, jatorrizko gaztelaniaz. 2004an sortu zen. CCOO Comisiones Obreras eta UGT Unión General de Trabajadores sindikatuek eta Oficemen zementuaren sektoreko patronalak «hondakinen balioztatze energetikoa» sustatzearen aldeko akordioa sinatu zuten urte hartan.
(23) Jornadas sobre Desarrollo Sostenible. La Valorización en el sector cementero dute jatorrizko izena, gaztelaniaz.
(24) El sector cementero frente al cambio climático, jatorrizko gaztelaniaz.
(25) Estudio: la sustitución de combustibles fósiles en el sector cementero. Una oportunidad para reducir el vertido de residuos, jatorrizko gaztelaniaz.
(26) Cementos Rezola eta Hormigones y Minas enpresek Financiera y Minera taldea osatzen dute. Talde hori, era berean, Italcementi Group multinazionalaren filiala da.
(27) 2001ean Espainiako Gobernuak erabaki zuen behi eroak zuzenean erretzea zementu fabriketako labeetan. Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru zementu fabrikak hasi ziren behi irinak erretzen labeetan. Hasi zirelarik, pentsatzen zuten 17.000 tona erreko zituztela. Belgikan 1999an hartu zuten erabakia; Italian eta Frantzian, 2001ean. Enpresekin akordioa sinatu zuen, horretarako, Espainiako Gobernuak, eta herrialde batzuetan 2002an hasi ziren behi eroak zementu fabriketan erretzen. Público kazetak argitaratu zuen informazio hori.
(28) Bitxikeria gisa doa segidakoa: Gaiker taldeak Bizkaiko Foru Aldundiarentzat birziklatzeari buruz egindako txosten batean, «Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa birziklatzaileak» epigrafearen azpian agertzen dira Lemona Industrial SA, Neuciclaje SA eta Cementos Rezola.
(29) Haragi irinak, abereei jaten emateko pentsu gisako batzuk dira. Beste abere gaixo edo hildako batzuen haragi eta hezur soberakin txikituekin ore moduko bat egiten dute, bazkarako. Behi eroen gaitzarekin lotu izan dira haragi irinak, eta zenbait taldek zuzenean seinalatu dituzte, belarjaleak diren abereei ere jaten ematen dizkietelako, haragijale bihurtzera behartuz. Europako Batasunak debekatu egin zuen pentsuak egiteko haragi irinak erabiltzea, baina oraintxe proposatu du debekua altxatzea.
(30) Araztegietako lohiak, dena esateko, konpost gisa erabili izan dira, eta erabiltzen dira, baso lurrak eta lur idortuak berritzeko.
(31) Ingurumenari buruzko planaren barruan, «doitze ekonomikorako planaren» barruan kokatzeak, huts-hutsean, aski izan behar luke politika horien egiazko xedeez jabetzeko.
(32) Federación Española para la Recuperación, jatorrizko gaztelaniaz.
(33) Cemento-Hormigón aldizkariak hala eman zuen akordioaren berri: «Zementuaren industriarentzat, zementua fabrikatzeko hondakinak erabiltzeak ?materia edo erregai alternatibo gisa?, suposatzen du, besteak beste, baliabide naturalak zaintzeko, negutegi efektuko gasen isurketak gutxitzeko eta hondakinen kudeaketari irtenbidea emateko modu bat». Espainian, urtero, 700 bat mila autok ematen dute baja.
(34) Holcim España taldeko enpresetako bat da Energis.
[…] https://zuzeu.eus/2011/01/25/zeinek-erre-nahi-ditu-hondakinak-7/ […]