Ze froga gainditu behar du Sortuk legezko izateko?

Sortuk enplazamendu guztiei erantzuteko erabakia hartu duela dirudi. Hainbat alderdik, EAJk eta PSOEk, besteren artean, Sortuk Gasteizko kale erasoak eta Patxi Lopezen balizko atentatua salatuta bide berriekiko erakutsitako konpromezua benetakoa dela frogatzeko aukera ezin hobea galtzen ari zela adierazi zuten. Sortuk, gaurko agerraldian alderdi horien eskariei erantzun die.

Bide batez, Espainiako Justizia ministroak, Sortu Batasunaren jarraipena dela frogatzeko nahikoa froga badaudela adierazi zuen atzo, eta ez duela ondorioz Alderdien Legea betetzen. Gaurko agerraldian, aldiz, alderdi berriko ordezkariek, “legez kanporaturiko alderdien jarraipen organizatibo eta funtzionala” direnik ukatu dute.

Oztopo berriak

Suposatzekoa denez, datozen hilabetetan alderdi eta ministerioek enplazamendu gehiago egingo dizkiote Sorturi. Atzo agentziei egindako adierazpenetan, Rubalcabak, bere aldetik, Egiguren bere legalizazioaren exijentziekin erratuta zebilela, eta legal izateko bi aukera besterik ez zituela: ETAk armak uztea edota ETArekin modu erabatekoan haustea.

Bigarrena pausoz pauso nabarmen erakusten ari dela dirudi, baina enplazamenduz enplazamendu erantzungo du Sortuk ala estatutuetara bidaliko ditu aurrerantzean kazetari eta gainerako alderdiak? Ze bestelako baldintza jarriko dizkiote aurrerantzean?

Ze froga geratzen zaio Sorturi?

Irudia | Ze froga geratzen zaio Sorturi? | Sortu | LGPL

9 pentsamendu “Ze froga gainditu behar du Sortuk legezko izateko?”-ri buruz

  • Oso urduri daude denak: Sortuk behar duen tokia hartzen badu, oraingo ekilibrioak pikotara.
    Eta armen zamarik gabe ezkerreko proiektuak ezartzen badira udaletan?
    Eta herritarrek deskubritzen badute politika egiteko beste modu batzuk posible direla?
    Eta diru-banaketan aldaketak gertatzen hasten badira?
    Eta Madrili segidismo egin beharrean beste modu batez gobernatu daitekeela erakusten badute?
    Eta… halako batean independentziaren alde dagoen ezkerrak (elkarlanean) pisua hartuko balu gure herrian?
    Etsiak hartutako gizarte batean bizi gara. Baina uste dut Sorturen legeztatzeak aldaketa handiak ekarriko dituela. Batzuentzat ez legoke gauza beldurgarriagorik!

  • Amonamantangorri 2011-03-10 17:33

    Bistan da SORTUk horrelako gauzak esan beharra dituela kosta ahala kosta hauteskundeetan egoteko, ezinbestekoa da eta ezker abertzalea instituzioetan egotea. Bide zuzenetik ari direla uste dut.

    Dena den, hau absurdoa da. Talde armatu txiki baten eta zuzenbide estatu ustekoaren ekintzak ez daude maila berean. Banku baten leihoa puskatzea eta atxilotu bat torturatzea ez dira gauza bera. Biolentzia guztiak ez dira berdinak.

  • Zakarias Aiztierdi 2011-03-10 20:27

    Argi zegoen hedabideetara atera beharra zuela Sortuk zer edo zer esatera. Bere estatutuek agintzen zioten. Baina ez zait ongi iruditzen Sortuk besterik gabe aipatzea P López-en aurkako ustezko ekintza eta ez adieraztea pertsona horiek TORTURATUAk izan direla, edo , gutxienez, inkomunikazio egoeran (abokaturik gabe…) esan dituztela esan dituztenak.

    Hori bada Sorturen bidea, alperrik zen bidaia. Horretarako bazegoen Aralar…

  • Eta 30 urte behar izan ditu ezker abertzaleak ideia hauek bereganatzeko? Bai, denok dakigu lehen bait lehen hobeto beranduago baino … 

  • Zakarias, nolatan esan dezakezu Sortuk ez duela salatu pertsona horiek torturatuak izan zirela?? Berriatik ekarri dizkizut hitzok:

    [Sortuk] Gogora ekarri ditu joan den astean izandako polizia operazioetan atxilotuek eginiko tortura salaketak eta «militante independentisten aurkako jazarpen politiko eta judizialaren jarraipena». Eskubide urratze horiek «irmoki» errefusatzen dituela berretsi du Sortuk, eta nabarmendu du bat egiten duela Amnesty Internationalek eta Nazio Batuen Erakundeak atxiloaldi inkomunikatuaren amaiera exijitzeko deiekin.

  • Zakarias Aiztierdi 2011-03-11 10:14

    iker, egia da diozuna, baina Sortuk kontraesan handia egin du lehenik P.Lópezen aurkako ustezko eskintza aipatu eta gero torturak salatuz. Torturatu badituzte, sinestekoa da ustezko ekintza hori?
    Gaur Euskadi Irratian PPkoak arrazoizko gauza esan du (bego ez diodala betere sinpatiarik) : 2007an egitekoa omen zen ekintza salatu badute, zergatik ez salatu urte hortan bai gertatu zirenak?
    Sortuk hanka sartu du, dinamika zoroari ekin dio, gauza batzuk salatuz besteak ez…

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-03-11 12:04

    Zakarias, Amonamantangorrik esan bezala, Sortu hauteskundeetan egotea lehentasunezkoa da, eta horretarako halako gauzak esan behar badira, ba esan egiten dira. Diozunari buruz, kontraesanak bilatzen dituenak edonon aurkituko ditu, dena den diozun horri “kontraesan handia” deitzea neurriz kanpokoa iruditzen zait, eta bestetik Aralarrekin egin duzun ekiparazioa oso okerra iruditzen zait, egoera sinplekeria handiegiz interpretatzea, alegia. Hortan espezialistak dira, prezeski, gaur Euskadi Irratian entzun dituzun hoiek.
    Egun ona izan!

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-03-11 12:06

    Eta Haritz, Zakariasi idatzi diodanak zuri ere berdin berdin diotsut.

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-03-11 12:06

    diodana!