Ze aukera gelditzen zaigu herri libre eta justu batean euskaraz bizi nahi dugun euskaldunoi?

ze aukera –

Alderdi abertzaleei begiratuta bederen, ikuspegia guztiz etsigarria da:

Ezker abertzalea:

Oinarriak handitzeko apustua egina dauka zertarako eta Madrilera joateko, zertarako eta lehenik eta behin presoen kontua konpontzeko (???) eta bigarrenik autodeterminazioa negoziatzeko, antza denez, haien baimenaz erreferenduma burutu ahal izateko(???). Alegia, 78an diagnostikoan asmatu zuten bakarrak (xiberta, Madriletik pasatzen ez zen bidea e.a), hor ikusten ditugu berrogei urte pasata PNVren bide berbera hartuta Madril esertzera behartu nahian. Katalunian ezer gertatu izan ez balitz bezala, hara begiratzeak izua eragingo balie bezala, han zer ikasirik ez balego bezala.

PNV

Honi bai atera zaizkiola ederki kontuak. Honek badaki lortu duen botere kuota 78an ezarritako erregimen postfrankista horren baitan lortu duela eta bururatuko litzaiokeen azkena da marko horretatik ateratzea edo horri inolako kalterik egitea da. Horregatik oso da garrantzizko gauza haien hiztegia ondo ezagutzea:

Autogobernu gehiago (erdara beti presente): pixa egitera harantzagoko izkinera ailegatzeko ia Madrilek laxatzen digun pittin bat katea. Nik dakidanez Espainiak edo Frantziak ez dute eskatzen autogobernu gehiago.

Euskal agenda: AHT eta hori bezalako makroproiektuetatik betikoek etekina handiago ateratzeko gehi estatutuaren eskumenen adar jotzearekin segitzeko asmo sendoa.

Negoziaketa eta akordioa: Nazkatzeraino errepikatzen dizkiguten terminoak baino inoiz argitzen ez digutena da: Zer negoziatu eta zeren inguruko akordioa. Zertara doazen eta zer lortzeko ez dute inoiz argitzen. Euskal agenda bezalako termino fantasmagorikoak zoragarri asmatuta daude hori guztia tapatzeko. Helburua ezkutatzen bada edo beti lauso agertzen bada batek esango luke beraiek ere ez daukatela helbururik kale itsua besterik ez diren negoziazio horietatik ederki bizi izan direla eta direla, inora joateko batere asmorik gabe. Bertan goxo.

Somos una nación

Horrela esanda nik askoz zentzu handiago aurkitzen diot, horrela esanda bai edukiko luketela arrazoia hala kolore bateko abertzeleek nola bestekoek. Dudarik gabe gero eta nazio sendoagoa gara, baina espainola. Eta nola Espainia nazio ere ez den naxio garela esango dugu. Ez dago dudarik gero eta naxioagoa garela, berrogei urteetan ez dute batzuek lana alperrik egin: Espainolez hitz egiten duen eta beste inor baino espainolagoa den naxio barregarri bat sortu digute Espainia handi horretan. Izan ditugun hizkuntz politika guztiak, Gara, Deia, eta jakina, EITBren alperra ez da alperrik sorotik pasa eta orain soro horri zerbait emateko eskatzea zinismoa hutsa ez ezik, doilorra da. Genozidio hitza hor dago baina, ba al du izenik nork bere herria bere buruaz beste egitera animatzeak?

Hala ezker abertzaleak nola PNVk honetan bat egin dute: Euskara ez da errenta, eta buruan botoak lortzea besterik ez dutenean badakite euskara eta euskarazko kultura lehen lerroan jartzeak bizi gaituen naxio espainola uxatu egingo lukeela eta boto zakukadarik handiena omen duten zakua zulatu egingo lukete. Berrogei urte ez dira nolanahi pasa naxio espainolak bizi gaitu, alderdi abertzaleek hauspotuta.

Etxea teilatutik eraikitzen hastea burugabekeria galanta izateaz gain etxerik gabe bizitzera kondenatuko gaituen egitatea da, inola ere. Katalunia berrogei urteok ez ezik askoz lehenagotik ere nazioa eraikitzen lan eskerga egin duelako dago, egun, dagoen tokian. Besterik gabe bazeukatenari etxea jartzen ari zaio. Hemen Madrilekin negoziatu nahian gabiltza ea txabolaxkaren bat ematen diguten. Kontua da txabolaxka emango baligukete ere ordurako ez genukeela ezertxo ere bertan sartzeko. Segi ba oinarriak zabaltzen eta botoak biltzen.

Nire galdera horixe zen: Ze aukera gelditzen zaigu Euskal-Herri justu batean euskaraz bizi nahi dugun euskaldunoi?

ze aukera gelditzen zaigu herri libre eta justu batean euskaraz bizi nahi dugun euskaldunoi?

2 pentsamendu “Ze aukera gelditzen zaigu herri libre eta justu batean euskaraz bizi nahi dugun euskaldunoi?”-ri buruz

  • Gaur egungo alde-erdi euskal-baskoengan, ezer gitxi itxaron leike. Ondiño euren hausnarketetan abertzaletasuna inoiz baino sendoagoago dagoela esaten badabe, imaginau lurra zapaltzetik zein urrun dagozan…

  • Euskaldunoi beste behin esperantza genuen lidergo politikoak traizio egin digu. Enegarren aldiz historian, badira batuzk iada. Beraz ez espero ezer EAJ eta EHBtik. Onena ustela dagoena erortzen uztea da, sustengatzen jarraitzeak kalte besterik ez baitigu egingo, egonia luzea heriotzerarte.
    Euskal-Herri justu batean euskaraz bizi nahi dugun euskaldunoi instituzio espainol/frantsesetatik at estrategia eraginkor baten baitan politikoki antolatu eta burujabe izango garen eremuak eraikitzea dagokigu. Besterik ez zait bururatzen. Bidean ikusiko gara elkar