Zazpigarren jardunaldiko apunteak

1) Luze: Luze egiten ari zaio Athletici denboraldi aurrea. Txinparta falta zaio jokoan, eta irabazi beharreko partidetako bat galdu zuen atzo Xixongo Sportingen aurka. Uztailean hasi zuen denboraldiaurrea eta urrian gaude. Lehen lesioak ere agertu dira taldean (Aitor Ociok hiru hilabetetarako izango du) eta Muniain Espainiako Selekzioarekin ari da (De Marcos orain gutxi itzuli da).

Athletic hiru txapelketetan lehiatuko da datozen astetan (Liga, Europe League eta Espainiako Erret Kopa). Irratian entzun nuenez, 24 egunetan 8 partida jokatuko ditu. Hiru eguneko bat. Lesio eta nekeek nola eragingo dioten ikusteko dago. Baina Athleticek, erori nahi ez badu, zerbait egin behar du.

2) Labur. Labur joan zen Osasunaren lehen ordu erdiko irakasgaia. Hiru gol egin zituen 30 minututan. Talentu gehiegi izan gabe, talde sendoa du. Eta bi aurrelari. Ezinbestekoa dena lehen mailan.

3) Aduriz eta Pandiani: Athleticek bost miloiren truke saldu zuen. Ez zirudien beste munduko jokalaria eta direktibatik ordezkagarria zela esan zuten.

Atzo bi sartu zizkion Getaferi. Konfidantzari jokalari handia dela erakusten ari da. Goleatzaileen zerrendan goi-goiko postuetan dago.

Pandiani bigarren gaztaroan dago. Atzo bi egin zizkion Atletico Madrili. Osasunari puntu asko emango dizkio. Goleatzailea da: killerra. Adinez nagusia izan arren.

4)  Talentua. Izar ez direnei buruz aritu ginenean, izarren lekukoa hartzeko gaitasuna zuten jokalariez hitz egin genuen. Larunbatean Bartzelonak Valentziaren aurka jokatu zuen, eta izarren dizdirarik ez zuten erakutsi harrobiko jokalariek. Dizdira falta zaie, talentua eta diferentziak markatzeko gaitasuna, eta horiek gabe zail da taktikoki ondo antolatutako Valentzia bati irabaztea.

Athleticek bezala, talde laburra du Bartzelonak hiru lehiaketak irabazteko. Ondo zaindu beharko du Guardiolak taldea, denboraldiko une erabakiorrenetan lehiakor agertu nahi badu.

Real Madril ere pizten ari baita.

5) Kolokan. Zorterik gabe dabil Valverde Vila-Real aldean. Entrenatzaile ona dela erakutsi du aulkitxoan egindako beste esperientzietan, eta talde ona du, izenei begiratuta behintzat.  Baina sailkapeneko azken postuan dago. BBVA liga lehiakorra da, edonork irabaz diezazuke eta ez dago frogatarako tarterik.

Kolokan dago orain.

6) Baloi geldian. Athleticek lehen gola baloi geldituan jaso zuen, faltaz. Cismak ere Almeriari geldika eman zion gola. Tchiték korner bat buruz errematatzean eman zion gola Racingi. Albínek ere faltaz egin zuen Getaferentzat. Nauzetek Valladolidentzat.

Eta harrigarria da Athleticek estrategiako jokaldiei zeinen etekin gutxi ateratzen dien. Eta kontran zenbat sartzen dizkioten, gehien-gehienak Iraizozen zutoinetik.

ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude