Zazpi garela eta….
Zazpi garela eta –
Gure herritik urrun ez dagoen baserri dotore baina txiki batean, bizi zen ama alargun gazte bat, bost seme zituena. Garai haietan, bi “jauntxo” handizale ziren herrian, eta morroin bila ari ziren. Amak ordea, ez zituen bere semeak inoren morroin ikusi nahi. Baina bi “jauntxoek” soldata koxkor bana eskaini zieten bost semeei, eta beren etxeetara eraman zituzten morroin bezala. Batek hiru eta bi besteak.
Baina bi “jauntxoek” ama gaztea ere nahi zuten, nork bere etxerako neskame bezala. Borroka luzea egin zuten elkarren aurka, ama bereganatzeko.
Azkenean biak elkartu, eta alaba bat eragin zioten indarrez. Horrela neskame bana izan zuten. Hiru seme zituenak geratu zen amarekin, eta bi zituena alabarekin.
Egia da, ez dut ukatuko, ipuin baten haria dirudi, baina, hemen Nafarroan bakarrik ez, baita beste hainbat euskal herrietan ere, azken mende luzeetako historia da.
Aspaldidanik, oihu larri eta eztabaida bero bihurtu da, euskal senideen drama.
Nafarroa euskal odolaren iturburu dala edo ez, eta zerk eta nork nahi duen aitaren etxetik at edo barne.
Denok jakin, istilu eta oihu latzak sumatuko ditugu berriro bertatik bertara.
Oihua ulergarria da, behar dugu ulertu bere sakonean, familia hautsiaren garrasi baita.
Familian zazpi izaki eta zazpiak sakabanatu. Aita bizirik balego….
Gure historia eta drama. Zapaltzen gaituzten auzoen txontxongilo, geroz eta urrunago elkarrengandik. Iraunen dugu ordea, Erromari iraun genion gisan, eta elkar hartzen dugunean berriz ere altxako dugu Herria besteen pare, eta ezingo dute esan “Izan zen herri bat kantauriko hegian”. Beraiek ez baitira egonen iada, baina gure etxeak iraunen du zutik