Arte modernoaren laberintoan ez galtzeko bidea

Arte modernoaren laberintoan ez galtzeko bidea –

Luis Aranberri Mendizabal Amatiñoren blogetik.

Will Gompertz arte-kazetariari jaramonik egingo badiogu, jendeak uste baino gehiago daki –eta ulertzen du—arteaz. BBCren Arte zuzendariaren iritziz, Mendebaldean gehienok dakigu nor izan ziren Migel Anjel, Leonardo da Vinci edo Velazquez, eta gogoan ditugu Kapera Sixtinoa, Mona Lisa eta Meninas pintura-lanak. Gompertzen ustez, jendeak aitortzen duenean ez duela arteaz ulertzen, adierazten ari omen da ez duela arte modernoaz ulertzen.

Modernoa ez da, ordea, arte osoa, beronen historiaren azken 150 urteotako arte-mota baino, Will Gompertzek 150 años de Arte Moderno en un abrir y cerrar de ojos (150 Years of Modern Art in the Blink of an Eye) delakoan laburbiltzen duena, hain zuzen ere.

Arte modernoaren laberintoan ez galtzeko bideaArte Modernoa inpresionismoarekin batera jaio zen, XIX. mendearen erdialdetik aurrera. Ezin nik esan aspaldiegi izan zenik, sortzaileak –Manet, Monet, Renoir, Pissarro, Sisley, Morisot, Degas etab. – nire aitona zenaren garaikideak izan baitziren denak ere. Izena, Monet-en Inpresioa: egunsentiko eguzkia (1872) pinturari zo r zaio.

Inpresionismoaren oinordetza hartu zuten Cézanne, Van Gogh, Seurat eta Gauguin lau posinpresionista handiek eta, harrezkero, arte modernoaren arbola genealogikoa etengabe zabalduz etorri da hogeitaka adarretan (primitibismoa, puntillismoa, fauvismoa, espresionismoa, kubismoa, dadaismoa, surrealismoa, pop artea, minimalismoa, posmodernismoa… eta oraindik, barrena, beste hamar falta), zeinetan ez galtzeko, dezente asko jakin behar den.

Laberinto honetan ez zorabiatzeko gida-liburua burutu du Gompertz irakasleak ia 500 orrialdetan zehar. Ez da, ezelan ere, ikas-liburua, baina ezta hasi-ta-buka aitaren batean irakurtzekoa ere, nahiz egileak, samurtze edo arintze aldera, edozenbat anekdota kontatu eta kazetaritza berri amerikarraren hainbat lizentzia erabili, alegia: jakineko pintore ospetsuen arteko solasaldiak asmatu eta benetan sekula gertatu ez ziren egoerak antzeztu.

Auskalo erosi beharreko liburua ote den ala ez. Baina ez, behintzat, udal-liburuan, zati baterako, maileguz hartu daitezkeenetakoa.

Arte modernoaren laberintoan ez galtzeko bidea

Arte modernoaren laberintoan ez galtzeko bidea
Amatiño, arte garaikidea, liburua
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude