Zaurgarritasun publikoa

Zaurgarritasun publikoa –

Ia orain dela hiru urte hasi nintzen hemen idazten; eta testuak osotasun baten barruan izatea nahi, sortu genuen Pikunietatik Hausnarrean izeneko txoko hau. Ikaratu ninduen bertan nire argazkia egon beharrak, beldur nion aurpegia emateari. Zergatik, ordea?

Erasoari nion beldurragatik. Orduan ere ez zen arraroa iritzi batek hautsak harrotzea, eta iritzi-emaile hori epaitu eta zigor publikoa ezartzea; zenbaitetan, argudioetan sartu gabe, eta pertsonaren beraren kontrako erasoa zen eztabaidaren muina. Gordintasun horrekin ez nuen bizi izan, ez publikoki behintzat; baina ongitxo dakit zer den iritzi baten zurrunbiloan, beldurraren haizearen xuxurla bizkarrean sentitzea.

Ordutik hona gauzak aldatu egin dira, konpai; neu ere aldatu egin naiz. Uste dut lotsagabetu egin naizela, edo behintzat ausartzen naizela barruko lotsaren gainetik ideiak eta sentimenduak azaltzera; nahiz eta gero, barreneko xirrikituren batean lotsaren oihartzuna entzun. Lotsak mugimenduak baldartzen dizkit, mingaina katramilatu; baina beldurra… ai, beldurra! Beldurrak geldiarazi egiten nau, eta mingaina moztu, zast!

Lotsarekin bizitzera ohitu egin naiz; eta bizikide horrekin bake-akordioa sinatu egin dut. Utzi egiten diot egoten, tarteka buila batzuk ateratzen; baina beti ere bizitzan aurrera egiten uzten didan bitartean. Su-eten hari esker, orain dela urtebete eman nion Euskadi Irratiari baiezkoa Faktorian parte hartzeko –bueno, horri esker eta baserriko kontuak uhinez zabaltzeko sentitzen nuen bulkadari–. Halere, lotsaren ondo-ondoan jarraitzen zuen iritzia emateari nion beldurrak. Hobeto esanda: beldur nion iritzi eman osteko balizko erasoari. Eta beldurrak gupidagabe kimatzen ninduen, zast, zast eta zast!

Hotzean pentsatuta, oso gogorra iruditzen zait idazten ari naizen hau –gogorra bezain egia, bestaldetik–, eta, agian, horregatik ekarri nahi nuen gaia hausnar honetara. Izan ere, maiz pentsatu izan dut, neuri halakoak gertatzen bazaizkit txoko honetan gure lanbideaz edota bizimoduaz idazteagatik –artzaina naizela, bazterretan bizi den bat, alegia–, gai arantzatsuetan eta bozgorailu handietan dabiltzanei zer ez ote zaie gertatuko!

Azkena, idatzi honen harira, animalien eskubideen aldeko batek hipokrita deitu zidan. Anekdota huts eta isolatu bat izango balitz, gaitzerdi; baina ez da horrela. Gogoan dut María Sánchezi gertatutakoa Tierra de Mujeres izeneko liburua argitaratu berritan, gogoan dut Onintza Enbeitaren zutabearen ondorengoa, gogoan dut…

Horrelako jarrera eta erasoen aurrean zer egin, baina? Arnasa hartu, ezer baino lehen. Eta gero… ez dakit; nik gero inbidia sentitzen dut, bai, inbidia diet gibela handi-handia, erraldoia, duten horiei; bihotzez diotsuet. Izan ere, egiturazko etengabeko zaurgarritasun behartua eramangarriagoa izango litzaiguke. Nahiko nuke gibel handia izan, baina ez.

Bi liburutan irakurri ahal izan ditut beste emakume batzuek erabiltzen dituzten estrategiak publikotasun zaurgarri horren aurrean euren buruak babesteko: Idazleen gorputzak –Eider Rodriguez, 2019– eta Kontrako Eztarritik –Uxue Alberdi, 2019–. Bi liburuon irakurketan zehar sentimendu askok astindu zidaten barrena; batzuk, gainera, nekez irentsi ahal izan nituen eta oraindik ere bueltaka dauzkat, temati. Emakume horiei esker asko ikasi dut neure publikotasun xume honetaz, nitaz. Eskerrik asko guzti-guztiei, idazleei ere bai.

Bi liburuek ekarri naute galdera hau egitera: izango al dira usuagoak emakumeei zuzendutako erasoak –euren jarduna edota iritzia publikoa dela eta– gizonezkoei bideratutakoak baino? Eta beste bat: zein helburu dute erasook?

Gibela txiki antzean dut, eta eragina dute halakoek nigan; baina gero eta argiago dut erasotzaileak duela arazoa; are gehiago, uste dut irainen eta goitizenen atzean benetan beldurra dagoela –besteak beste–. Beldur bestearekin hitz egiteari, beldur iritzia emateari, beldur ezberdinaren begietara begiratzeari. Neurea bezain gizatiarra den beldurra, kontua da haiek ez dutela bake-akordiorik sinatu, gerran bizi diren gizakiak direla erasotzaileok, su etengabean, eta aterkin zabalak babesten dituela.

Zaurgarritasun publikoa

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN