Euskaltegietan izena emateko deia egin dute hainbat gizarte eragilek eta alderdi politiko guztiek
Gaur goizean “Zatoz euskaltegira” izeneko agerraldia burutu da Euskaltzaindiak Bilboko Barria plazan duen egoitzan. Bertan izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendi, HABEren zuzendari nagusi Iñaki Uribe eta Andres Urrutia Euskaltzainburua ere. Euskaltegiek deitutako agerraldi hori euskara ikasi edo euskara-maila hobetu nahi duten guztiei begira egin da, alegia, euskaltegiak xede horretarako gune ezin aproposagoak direla aitortzeko. Agerraldian bertan, eta euskaltegien deialdiarekin bat eginez, hainbat euskal erakunde, gizarte-eragile, alderdiak eta beste erakunde nahiz ordezkari asko izan dira.