Caritasen laguntza eskatu dutenen kopurua hirukoiztu egin da lau urtean; erdiak etorkinak dira

Caritasen laguntza

Krisiaren ondorioak latzak izaten ari direla bagenekien. Ez da baina ohikoa izaten horri buruzko informazioa. Zifra makroekonomikoetan tartea izateko supermerkatuetan hostu behar dela dirudi. Espainiako biztanleriaren joera ezkorrak egoera kritikora darama estatua.

Datuen hotzak Espainiako pobreziaren tamaina gero eta handiagoa begi bistan uzten du. Espainia mailako datuak aurkeztu ditu gaur Caritas eliza katolikoaren gizarte zerbitzurako erakundeak. 2007 urtean 370.251 pertsona lagundu zituen; iaz 1.015.276. Hiru bider areagotu da janari eta arropa eske Caritasera jo dutenen kopurua.

Langabeziari egotzi dio batik bat Caritasek laguntza eskaerak hainbeste igo izana. Gaur egun, espainiarren %25 dago langabezian, 2007 urtean %9 inguru. Gizarte laguntzen murrizketek eta baldintza hertsiagoek bultzatu dituzte milaka espainiar txirotasunera. Hegoaldeko egoera orokorra hobea bada ere, joera bera segitzen dugu: pobrezia gero eta gizarte sektore gehiagotara zabaldu da.

Emakumeak dira Caritasen arabera laguntza gehien jasotzen duten pertsonak. Horrez gain, nabarmentzekoa da parrokietako laguntzetara doazenen erdiak etorkinak direla, Espainiako biztanleriaren %12 besterik ez badira ere. Paperik gabe era irregularrean bizi diren 130.000 etorkin artatzen ditu Caritasek urtean. Pobrezian erortzen den sektore berri bat ere bereziki hartu du kontuan Caritasek: seme-alabak dituzten bikote gazteak; kopuru osotik %40 dira.

Zenbakietatik haratago, iraganaren kritika bizia eta etorkizunaren diagnostiko iluna egiten du Caritasen txostenak: “1994-2007 aldian garapen ekonomikoa egon zenean pobrezia ez zen jaitsi. Ez zen babes soziala egonkortu ezta gizarte gastuen ehuneko handitu ere, BPG kontuan izanda. Zaila da sinistea krisitik ateratzekotan eragin positiboa izango duenik pobreziaren eta desoreken murrizketan”.