Zarauzko Udalak hizkuntza irizpide berriak onartu ditu
Hizkuntza irizpide berriak, urrats garrantzitsua euskaraz bizi ahal izateko
Otsaileko udal osoko bilkura izan genuen atzo Zarautzen. Besteak beste, Zarauzko Udalean hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpide berriak onartu genituen. Hamasei orrialdetan biltzen dira atzo Bildu (9), EAJ (5), PSE-EE (3), Aralar (1) eta Ezker Anitzaren (1) aldeko botoekin, eta PPren abstentzioarekin onartu ziren hizkuntza irizpide berriak.
Ez da hasiera batean Udal Gobernuak bere horretan aurkeztutako dokumentua. Atzoko bozketaren emaitzara iritsi ahal izateko, testuak aldaketak izan ditu, lehenik EAJrekin eta gero PSE-EErekin negoziatu ondoren, irizpideak adostu eta ahalik eta babes zabalenarekin egiteko aurrera. Aldaketak aldaketa, Udal Gobernuak hizkuntza irizpide hauek beharrezkoa zuten mamiari eutsi dio, eta onartutako irizpideak behingoz euskararen benetako ofizialtasuneranzko urrats garrantzitsua direlakoan gaude.
Bildu (9), EAJ (5), PSE-EE (3), Aralar (1) eta Ezker Anitzaren (1) aldeko botoekin, eta PPren abstentzioarekin onartu ziren hizkuntza irizpide berriak
Oraintsu, Zarautz Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateko eskaera onartu izana udalbatzarrak, Urola Kostako Udal Elkarteak euskararen erabilera bermatzeko hizkuntza politika orokorra adostu izanak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta dozenaka udalek kontratazio irizpideetan euskara irizpideak bateratu izanak, ezinbestean, Zarauzko Udalean hizkuntza irizpide berriak eta ausartak onartzea eskatzen zuelakoan geunden. Hemen duzue dokumentua osorik, baina oro har, asko laburtuz, honako puntuak nabarmendu daitezke, urrats berri gisara.
- Etxera bidaltzen diren agiriak (gutunak, jakinarazpenak, baimenak, dekretuak, mezu elektronikoak edo faxak, baldintza pleguak…) euskaraz bidaliko zaizkie herritarrei, elkarteei eta erakundeei. Agiriak elebitan jaso nahi dituzten herritarrek eta herriko elkarteek berariaz eskatu beharko dute. Eskaera egin ondoren herritar horiekiko harremanak elebitan izango dira aurrerantzean, beti ere euskarari lehentasuna emanda.
- Euskara ofiziala den lurraldeetan kokatuta dauden beste administrazio publiko nahiz erakunde ofizialei zuzendu beharreko dokumentazioan euskara erabiliko da beti, eta horiengandik gutxienez euskaraz jasotzea onartzeko jarraibidea erabiliko da. Hala, aipatu administrazioek Zarauzko Udalari gaztelaniazko idatzirik bidaliz gero, Zarauzko Udalak administrazio horiei eskatuko die euskaraz ere bidal ditzala idatziok. Euskara ofiziala den lurraldeetatik kanpoko administrazioetara idatzi elebidunak bidaliko dira, euskarazko mezua lehenetsita.
- Finantza-erakunde eta hornitzaileekiko harremanetan, euskarazko idatziak erabiltzera joko du Udalak hartzailea euskara ofiziala den lurraldeetakoa denean; eta idatzi elebidunak egingo dira aipatu lurraldeetatik kanpokoa denean. Euskara ofiziala den lurraldeetako finantza-erakunde eta hornitzaileei gutuna bidaliko die Zarauzko Udalak euskaraz funtzionatuko duela jakinarazteko eta idatziak (merkataritza-dokumentuak: fakturak, aurrekontuak/eskaintzak, emate-agiriak, gordailuak…) euskaraz edo gutxienik elebitan bidaltzeko eskatuko zaie. Elkarlanerako borondatea izanez gero, laguntza eskainiko zaie.
- Hornitzaileei dagokienez, Udala hornitzaileekin harremanetan jartzen denean eta horniketa eskatzeko baldintzak adosten direnean (gonbidapena, aurrekontua…), euskararen baldintza zehaztuko da.
- Langileen lan hizkuntzari dagokionez: barne funtzionamendurako dokumentazioa (txostenak, egitasmoak, plan estrategikoak, urteko kudeaketa planak…) euskaraz sortuko dira.
- Udalbatzaren Osoko Bilkuraren aktak euskaraz jasoko dira.
- Akta-liburua euskaraz jasoko da.
- Osoko Bilkurako dokumentazioa euskaraz sortuko da (deialdiak eta beste).
- Tokiko Gobernu Batzarreko aktak euskaraz jasoko dira.
- Tokiko Gobernu Batzarreko dokumentazioa euskaraz sortuko da (deialdiak eta beste).
- Informazio Batzordeetako aktak euskaraz jasoko dira.
- Akordio proposamenak euskaraz sortuko dira.
- Alkatearen ebazpen eta dekretuak euskaraz sortuko dira. Zinegotzi ordezkarien ebazpenak, alkateak emandako eskuordetzearen bitartez erabakitakoak euskaraz sortuko dira. Gainontzeko bileretako deialdiak eta aktak, aurkezpen-materiala eta txostenak ere euskaraz sortuko dira.
- Zinegotziren batek aginte organoetako eta gainontzeko bileretako aktak edo dokumentazioa gazteleraz izan nahi badu itzulpen zerbitzua arduratuko da itzulpenaz.
- Kontratazio irizpideei dagokienez: Kontratazio-arloan erabiliko diren neurriak udalak berak bete behar lituzkeen antzeko hizkuntz baldintzak bermatzeko helburua izango dute: orohar, hizkuntza ofizialtasun bikoitzaren araubidea bete araziko da, baina, Kontratuaren xede den prestazioaren berezko ezaugarriek hala eskatzen badute, hainbat kontratu euskaraz gauzatzeko neurriak ezarriko dira (berezko ezaugarriak hauek izan daitezke: zerbitzuaren jardueraren gaia; xede taldea; Administrazioaren hizkuntza-araudia, Zuzenbide araudiarekin bat datorrena).
- Hizkuntza baldintzak kontratazio modu eta mota guztietan jasoko dira: kontratu irekietan, prozedura negoziatuetan eta kontratu txikietan, bai obra kontratuetan, herri-lanen emakidetan, zerbitzu-kontratuetan, zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuetan eta hornidura kontratuetan. Halaber, baldintza agiri guztietan; karatulan, baldintza agiri administratiboetan eta teknikoetan.
- Edozein kontratazio egin aurretik eta ondoren, ziurtatu egin beharko da delako enpresa edo norbanakoa gai dela eman behar duen zerbitzua euskaraz emateko.
Gari Berasaluze cc (jatorrizkoa ZuZarautz webgunean)
Hizkuntza irizpide berrien dokumentua:
RT @zuzeu: Zarauzko Udalak hizkuntza irizpide berriak onartu ditu euskaraz bizi ahal izateko http://t.co/tjljfFcVri
RT @zuzeu: Zarauzko Udalak hizkuntza irizpide berriak onartu ditu euskaraz bizi ahal izateko http://t.co/tjljfFcVri
Bikain! Zorionak Zarauzko Udalari! Ea eredu hori Euskal Herrian zehar hedatzen den….
Inbidia sanoa da beste zenbait herritan sentitzen duguna.
Hori da zentralitatean oinarritutako hizkuntz politika, eta ez beste adibide trixte batzuk.
Zorionak Zarautz, eta zorionak Zarauzko Bildu (sala-makinasekoak ahaztu barik). Ea Zarauzko adibidea kutsatzen zaien beste udal askori ere. Udaletatik asko eta asko eragin daiteke-eta normalizazioan!
Txalogarria, eradugarria, bikaina!! Hori da bidea, bai horixe!!
oso pozgarria!!! Baina gero, espero dezagun ETBn agertzean euskaraz egitea.. bestela euskara liburuetan geratuko da….
Seguru nago hemendik aurrera askoz ere gehiagotan hurreratuko garela Gipuzkoako kostaldeko herri zoragarri horretara. Zorionak denoi!!!