Eta bitartean galduta (II)

Nolanahi ere, gazteok kezkatuta egoteko arrazoi ugari ditugu. Langabezi tasa altuagoa da gazteen artean. Eta gutxi balitz, aurreko Salvados saioa ikusita, emigrazioa ez da beti irtenbidea (espainolak sentitu ala ez, espainolatzat hartzen gaituzte kanpoan). Era berean, geure instituzioetan ezer gutxi sinesten dugu. Politikan ez dakit, baina politikoengan (zehatzago ordezkariengan), ezer gutxi sinesten dugula gero eta argiago dago. Estatu mailan egiten diren inkestek ozen esaten dute. Baliteke hemen joera hain nabarmen ez izatea, baina argi dago politikarengan genituen esperantzak ez dira lehenagokoak. Geure herrian ere desafekzio politikoa presente dago.

Hau guztia dela-eta, ziurtatu gabetzat jo genezake geure etorkizuna, hau da etorkizunean zer gerta liteke aurreikustea oso zail dugu. Are gutxiago, bizitzak hartu duen abiaduraz jabetuta. Bi urteetan geure egoera zein izango den aurreikustea azti- joko bihurtu da. Ez dakigu lan eskaintza batek nora eramango gaituen; ezta lanean ari direnek langabezi tasa “gizenduko” duten ere.  Areago, inork ez daki krisi ekonomikoa noiz amaituko den, ezta hartuko duen norabidea ere ez dute adituek iragartzen. Murrizketa eta ustelkeri auziak besterik ez ditugu ziurtzat ematen. Beraz, itxaropentsu izateko arrazoi handirik ez.

Eta bitartean zer? Mota guztitako zereginetan murgilduta gaude gazteok. Batzuek masterrak ari gara egiten, beste batzuek ikasketa berriak hasi edo-ta doktore izateko tesiak idazten dituzte. Nola ahaztu hizkuntzak hobetzen edo ikasten ari diren gazteak. Tituluen bila dihardugu, oro har. Zenbat eta titulu gehiago eskuratu orduan eta adituagoak garela aditzera ematen dugu. Nahiz eta batzuetan ordenadoreak baikinan ikasi, zerbaitetan trebeak garela erakusten dute tituluek. Bestela, nola sailkatu lan-postu batera aurkeztu diren pertsonak? Bata bestearen kausa dugu, hobetzeke dagoen ezinbesteko “ezbeharra”, hortaz.

Lan egiten duten gazteak ere badaude. Batzuek praktiketan aritzen dira, beste batzuek mota ezberdinetako kontratua dute sinatua, ordea. Dena den, inork ezin du ziurtatu bi urte barru leku berdinean edo-ta baldintza duinetan lan egingo duen. Futbol jokalariek, akaso. Besteek “malgutasun” berba zenbateraino izan litekeen malguak baldintzatuta segituko dute lanean. Beraz, nekez eramango dira aurrera epe-ertaineko planak, hau da gurasoen etxetik alde egin edo-ta famili bat osatzea. Hilean 2000 euro baino gutxiago kobratzen duen bikote batek zelan mantenduko du ume bat?

(Jarraituko du…)

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.