Zarauzko eskubaloia dirurik gabe utzi du Gipuzkoako Diputazioak
Gipuzkoako Diputazioak aurtengoan ez dio dirulaguntzarik emango Amenabar Zarautz eskubaloi taldeari. Dirudienez askoz hobe iruditzen zaio Ikerne Badiolak zuzentzen duen gobernu sailari Asobal ligara igo berri den Bidasoa taldean diru guztia “inbertitzea”. Hau noski, zarauztarren 28 talde eta 400 kirolari federatuen kaltetan (taldeak, 15 emakumezkoenak eta 13 gizonezkoenak). Marra zalpaldu du Badiolak.
Lan askoren eta askoren lanaren emaitza da
Zarauzko eskubaloiaren maila
Zarautz betidanik izan da eskubaloi harrobi garrantzitsua, Munoa plazan partiduak jokatzen zirenetik gaurdaino. Herrian afizio gehien sortu izan duen kirola da, futbolaren beraren gainetik. Eta horren erakusle dira Aritzbatalde kiroldegian partidu egunetan elkartzen diren zaletuak. Egun, alebin kategoriatik hasi eta División de Honor B-raino iristen da zarauztarren garro luzea. Eta badira batzuk honezkero, Zarautzen jokatzen hasi eta Asobal ligan mailarik gorenean jokatzen amaitu dutenak. Kirol eredu parte hartzaile eta ireki bat proposatuz beti, soldatarik gabeko jokalariez hornitutako taldeekin, maila gorena lortu du eskubaloi taldeak. Baina hau ez da kasualitatez gertatu, hau lan askoren eta askoren lanaren emaitza da. Oinarrian inbertitu izanaren fruitua, herri oso batentzako apustua egin izanaren emaitza.
28 talde eta 400 kirolari federatu
ditu Amenabar Zarautz taldeak
Eta hemen planteatzen dena ez da bi talderen arteko lehia. Hemen auzitan dagoena kirol eredua da. Ea bidezkoa den talde profesional bati bideratzea diru laguntza osoa, urtez urte kirolagatik eta Gipuzkoako eskubaloiagatik lan eskerga egiten ari den talde herrikoi bati itolarria sortuz. Ea zinez nahi den harrobian eta oinarrian apustu egin nahi den, ala horren ordez, elitean eta soldatapeko kirolean xahutu nahi den dirua. Zoritxarrez bigarrenaren aldeko apustua egin ohi dute erakundeek.
Ikusi beharko nondik egin finta arazo honi, ikusi beharko EHBilduren diputazioak baduen nahikoa malgutasun egoerari buelta emateko. Haien arean dago baloia.
Memoria apur bat egiteko, hona hemen 2012an tokiko prentsan Ikerne Badiola kirol diputatuak hitzez hitz esana: “Apostamos por el deporte de base, y que el dinero de los contribuyentes se destine, no a pagar fichas de deportistas de elite la mayoría de las veces venidos de fuera, sino a generar, desde la propia cantera de los clubes y equipos, esos deportistas.”
Gipuzkoako eskubaloia zerbait ezagutzen dudala uste dut, eta zur eta lur utzi nau albisteak.
Batzuk gustura eta itxaropentsu zeuden Bildu diputaziora iritsi zenean. Kirol amaterra bultzatuko zutela pentsatzen zuten, emakumezkoena indartu,…
Jantzapa!
Bide batez esan, ez dagoela EH osoan beste klubik Zarauzko eskubaloi taldean adina euskal hiztun kirolarirekin.
Kirol mailan bederen, frankismoan baino ez genuen ezagutuko horrelako diputazio ultraeskuindarrik…
Errealari auskalo zenbat miloi eman “Gipuzkoa euskararekin bat” jar dezan euren kamisetetan, gero Errealak kristoren soldatak ordaintzeko euskara zer den ere ez dakiten jokalari atzerritar batzuei, eta bitartean xoxik kobratu gabe Gipuzkoan euskara hutsean jarduten den klubik garrantzitsuena diru-laguntzarik gabe utzi abuztuan.
Aupa!