#EkimenErraldoia abian da!

Kamisetaren marrazkia

Aurten #EkimenErraldoia jarriko dugu berriro abian Donostiako Erraldoi eta Buruhandien konpartsak, Itzurunek, Super Amara eta Aspanogirekin batera (hona bideoa). Iazko modura, kamiseta solidarioak ipiniko ditugu salgai eta, aurten ere, kamisetek zerikusi haundia izango dute Donostiako Aste Nagusiaren ikur nagusienetako batekin, Buruhandi eta Erraldoiekin, alegia. Kamisetak Donostian dauden lau Super Amara supermekatutan eta Itzurungo kalejiran eros litezke 10 euroren truke. Salmentatik aterako dugun diru guztia Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkarteari (Aspanogi) emango diogu. Ez da hori #EkimenErraldoia -ren jarduera bakarra, izan ere, buruhandiok Donostiako Ospitalean ingresatuta dauden ume gaixoei egingo diegu bisita Aste Nagusian, euren gaixoaldia arintzeko asmoz.

Lagun askok aspaldidanik galdetzen ziguten noiz ipiniko genituen konpartsako kamsetak salgai, Iruñan egiten den moduan, eta eskeintza horri bide emateko kamisetak egitea erabaki genuen iaz. Ez hori bakarrik eta haurrak geure jardueraren zati handi bat izaten direla kontuan hartuta, diru hori Inbiomed-i ematea ere erabaki genuen, erakundeak ume leuzemia ikertzen zuen proiektu baterako erabil zezan. Aste Nagusian zehar, 350 kamiseta saltzea lortu genuen.

Aurten #EkimenErraldoia berrituta datorkigu, izan ere, Super Amararekin elkarlanean, 1500 kamiseta saltzea helburutzat hartu baitugu. Geure asmoa Aspanogiri ahalik eta diru gehien ematea da. Kamisetak aurreko ostiraletik salgai daude eta geure bazkidea den Iñigo Garvik eginak dira. Diseinua The Beatlesen Abbey Road diskuan oinarrituta dago eta handien nahiz txikien urratsek oinez egiteko balio dutela islatzen du kamisetak.

Donostia Ospitalera ere oinez helduko gara, bertan ingresatuta dauden umeekin goiz ederra goza dezagun. Buruhandiok ez dugu ahanzten denok ezin dugula Aste Nagusia behar bezala ospatu eta oztopo hori gainditzeko asmoz, gaixorik daudenengana hurbildu nahi dugu; euren sufrimendua leuntzeko momentu batez. Iaz Ospitaleko umeek horren ongi hartu gintuzten ikusita, eurekin zorretan gaude, gainera. 

#EkimenErraldoia-z gain, Donostiako buruhandi eta erraldoien konpartsak nobedade gehiago dakartzagu. Adibidez, bi dantza estreinatuko ditugu, batak, orain dela 200 urte hiria suntsitu zuen sua izango du gogoan. Aste Nagusiari agur esateko, datorren abuztuaren 17an sua, dantza eta kolorez beteriko saio berezia antolatu dugu 20:30etan. Denok gonbidatuta zaudete. 

 

 

Donostiako erraldoi eta buruhandien konpartsa gara, 1982tik. Web orrialdea badaukagu http://www.itzurun.org/err/ eta Twitter ere bai @itzurunss Jarrai gaitzazu!