Zapateroren “zientzia fikzioa”
Hamasei hilabete Bruselako adierazpenetik, hamar Gernikako Hitzarmenetik eta sei hilabete su-eten “egiaztagarritik”. Eta, hala ere, ezer ez omen da Madrilen mugitu. Azken zurrumurrua: Zapatero ETAren oharra itxaroten ari da hauteskundeak aurreratzeko. Espainiako presidentearentzat, ordea, “zientzia fikzioa” da ideia hori. Ez al da isilpean ezer mugitzen ari?
Zientzia fikzioan baino, politika fikzioan gara iaioak Euskal Herrian. “Eta orain zer” galdera astunak gidatzen du hurrengo hilabeteetan bake prozesuak, halakorik bada, hartuko duen bidea. Ebro ibaitik beherako estatuaren zutabeak ez dira zirkinik ere mugitu, “negoziaziorik ez”, “armak entregatzea besterik ez dugu nahi”, “ETAren desagerpena eskatu behar du ezker abertzaleak”.
Europatik eta Euskal Herritik eskatzen denetik urruti, antipodetan dago Espainiaren jarrera (publikoki behintzat berdinak baitira PSOE eta PP). Negoziazioaren alde %77 dago EAEn, euskobarometroaren arabera. Arnaldo Otegi espetxeratuak Patxi Lopez lehendakariak bezainbesteko nota du, 3,3 eta 3,5, hurrenez hurren. Antipodetan. Eta, okerrena, ezer mugitzen ez dela dirudi.
Zapateroren fikzioaz
ETAk dioenaren arabera hauteskundeak mugitzea “zientzia fikzioa” da Zapaterorentzat; El Mundori erantzun dio hala. Argudioa hau: ETAk behin-betiko biolentzia utziko duela iragarriko du uztaileko azken egunean, haren 52. urteurrenean. Zapaterok ohar hori bake prozesua (dena delakoa) hasteko nahikotzat joko du. Hala, 2012an legegintzaldia amaitu baino lehen “ETAren arazoa” konponduta izango du eta horrek hauteskundeetan abantaila egingo dio. Hortaz, ETAren urratsararen zain da hauteskunde data zehazteko. Esan bezala, Zapaterorentzat “zientzia fikzioa”.
Baina, fikzioetan ere bizi izan gara, hedabideetako fikzioan. Bestela gogoratu 1999an PPk nola ukatzen zuen ETArekin edo HBrekin bildu zenik; ordurako bilduak ziren HB eta Aznarren gizonak. Gertuago, Zapaterok T4ko atentatuaren ostean ere elkarrizketa luzatu zuen ETArekin eta Batasunako kideekin, behin eta berriz ukatua hori ere.
Oraingoan ba al da elkarrizketarik? Komunikabideei izkin egin dien biderik irekita al dago PSOE eta ezker abertzalearen artean? ETAren eta Espainiako gobernuaren artean?
Lurrikara politikoa piztu zen iaz PSE eta ezker abertzalearen arteko bileraren susmoa zabaldu zenean. Hala ere, bi aldeek gezurtatu egin zuten. Gainera, oraingoan ez da horrelakorik baieztatzen duen informaziorik argitaratu. PSEko kideen adierazpen baikor, bakarti eta lotsatiek PPren presioa eta komunikabide espainiarren salaketa berehala jasotzen dute. Elkarrizketaren politika Espainiako diskurtsotik ezabatu egin dute, atzera egiteak lanak emango dizkio PSOEri.
Jesus Egiguren nahikoa isilik dugu azken aldian, zoritxarrez, bera baita euskal gizarteko zati handienari itxaropen txikia erakusten dion PSEko kidea. Prozesu berrirako bidai orririk ba al du? Baliteke, baina era berean PSOEk aginduko dio noraino heldu.
Ekaitzaren aurreko barealdian
Politikoki (ekonomia gaiak alboratuta) uda lasaia datorrela dirudi. Bai behintzat irailetik aurrera etorriko denaren aldean lasaia. Ekaitz politikoa etorriko da hurrengo hilabeteetan: Sortu, Bateragune auzia eta Espainiako hauteskundeak ziur. Horrez gain, ETAren, ezker abertzalearen eta PSOEren aldetik mugimenduak badatoz, ekaitz itzela. Hau guztia, fikzioa izan daiteke, jakina.
Horregatik beragatik udako barealdiak balio behar luke ekaitza datorrenerako marinelak prestatzeko, flotagailuak kokatu eta itsasontzia norantz mugitu beharko den pentsatzeko. Isilpean bada ere, trumoizaleak gainean izango dira eta.
Baina zertarako behar da orain beste bake prozesu bat, egindako saiakera guztiek porrot egin badute?
Alde batetik, Estatuak ez dauka inolako interesik gatazka konpontzeko, eta haren aldetik ikusita logikoa da. PSOEren barruan denak ez direla berdinak? Agian (intimitatean ziur aski), PPren barruan ere ez. Baina batak zein besteak Estatuaren gidaritza hartzen duenean, estatu arrazoia lehenesten du eta, esan bezala, Estatuari ez zaio komeni gaixoa suspertzea, nahiago du ohean jarraitzea… ez ote da gero eske hasiko.
Baina ETA ere ez da interlokutore egokia, eta ez bakarrik legitimaziorik ez izateagatik:
Alde batetik, orain Estatuaren eta ETAren arteko elkarrizketa publikoak (bake prozesua edo) egingo balira, presoen eta disoluzioaren gaiak eztabaidatzeko egingo balira ere, ezinbestez eta nahitaez ETAk protagonismo osoa bereganatuko luke Ezker Abertzalearen eta indar soberanisten kaltetan; beste behin ere bigarren mailan geldituko lirateke. Orduan, berriro hasiko litzateke bueltaka gurpil zoroa: polizia operazioak, filtrazioak, kale eraso susmagarriak, filtrazioak, enpresario batek “gutuna” jaso duela salatu, filtrazioak, armak utzi arte Sortu ezin dela legeztatu, filtrazio gehiago… Badakigu nola bukatuko litzatekeen: su etena hautsita, eta orain arte egindako guztia pikutara. Estatua pozik eta ETAri gaitz erdi, ezer lortu gabe ere Ezker Abertzalea berriro menpean izango lukeelako. Hollywooden ez lirateke mediokreagoak izango gidoia taxutzen.
Eta, bestetik, ETAk gatazka edo gatazkaren ondorio batzuk negoziatu beharko lituzke, baina ETA bera da konpondu beharreko arazoetako bat. ETA denontzat da arazo eta berarentzat ere bada arazo. Ziur nago, gainera, haietako asko ere horretaz konturatu daudela, anmistiaren truke bihar bertan utziko lituzketela armak etxera bueltatzeko. Tamalez, halakorik gerta litekeela pentsatzea politika fikzioa da. PSOEk aurrera egin nahiko lukeen arren, nekez mugitu ahal izango luke Estatua.
Orduan, zer egin? Nola konpondu arazoa ETAz eta Estatuaz beste eginda? Nik ez daukat erantzunik, inork ez dauka, baina esango nuke azken boladan asko aurreratu dela, inoiz baino gehiago, hain zuzen ere, ohiko bake prozesuen eskematik aldentzegatik, ETAri zein Estatuari protagonismoa ukatzegatik. Azken finean, demokraziaren arma eskuan hartuta, Estatua eta ETA argudiorik gabe gelditu dira. Ez du inporta zeinek daukan arrazoi, zeinek zilegitasuna; ez dira gatazka konpontzeko gauza, eta kito. Akats larria izango litzateke, beraz, lehengora bueltatzea.
Agian, gakoa prozesuari buelta ematea da: lehendabizi, arazoak banan-banan konpondu, nekez aurrera egin; eta, gero, negoziatu, zer negoziaturik ez dagoenean. Frogaturik geratu baita, elkar hartuta zein norberaren kabuz, aldeek ezin dutela gatazka osotasunean konpondu, baina bai, ordea, gatazka korapilatzen duten arazoak. Gero gerokoak.
Oharra: Estatua esaten dudanean, ideia amankomun baten inguruan biltzen diren indar guztiak sartzen ditut.
Gonzalo, interesgarriak aipatu dituzun ideia batzuk. Hala ere, konturatuko zinen, artikuluan planteatzen dena da ea Espainiako Gobernuak elkarrizketa, edonolakoa izanda ere, sustatuko duen, batez ere ezker abertzalearekin. Gutxienez alderdiek beraien artean harremanak normalizatu beharko dituzte aurreratzen segi nahi bada.
Bai Bruselako deklaraziotik baita Gernikako Hitzarmenetik ere Espainiako Gobenuari mugitzeko eskatzen zaio: urratsak emateko. Gauza bat da erabakiak aldebakarrekoak izatea eta bestea bakarrak alde egitea. Espainiak nahitaez, goiz edo berandu, jarrera aldatu beharko du, orain impasse egoeran gaudela uste dut. Nola aldatu? Sortu legeztatzen denean beraiekin bilduz. “Keinu” gabe zail egin daitekela aurrera uste dut, eta horretan funtzeskoa PSEren jarrera aldaketa.Bitartean, diskurtso berari heltzen badiote, “zer negoziaturik ez dagoen” lekura heltzea lan astunagoa izango da.
Joseba, ez pentsatu gaizki, ez naiz ni elkarrizketen kontrakoa. Gure arazoak inoiz konponduko baditugu, elkarrizketen bidez izango da, banakako pausoak ezinbestekoak diren arren. Nolabait esatearren, “makro bake prozesuek” beldurtzen naute.
Orain arte Ezker Abertzaleak eta indar soberanistek zerbait lortu badute, denbora euren alde jartzea eta Estatua estutzea izan da. Otegiren kasua adibide ezin argiagoa da: orain askatzen badute, kalte Estatuarentzat; askatzen ez badute, are okerrago. Baina, noski, hori guztia ez da nahikoa izango Gobernua mugitzen ez bada.
Eta hortxe dago gakoa, mugitu orduko Estatuko gainerako indarrek (PP, hedabideak, indar armatuak, Auzitegi Naziola, biktimen elkarteak…) kontraeraso bortitza egingo bailukete, aurrekoetan bezala; eta, gainera, Gobernuaren mugimendua edozein eta edonorekin izanda ere. Ikusi, bestela, nolako erantzuna eman duten Donostia Europako Kultura Hiriburua aukeratu dutelako. Espainian hortzak izerditan jartzen zaizkie Euskal Herrira begiratzen dutenean. Baina Gobernuak benetan al du mugitzeko gogorik, aukerarik… denbora? Ez dut uste. Hala ere, ez naiz ezkorra: bide zuzentetik jarraitzen badugu, Estatua gero eta ataka estuagoan egongo da. Baina denbora behar da, eta batez ere kemena.