Zaldibian, 1646ko ekainaren 4an
Zaldibian, 1646ko ekainaren 4an –
Jarraian irakur daitezke Mikel Urteaga Azkuek Ordiziko udal artxiboan aurkitutako 1646ko dokumentuan jasotako testigantzak, 2022ko martxoaren 8an, Emakumeen Egunarekin batera plazan deitutako elkarretaratzean irakurri direnak, eta Salabardoak Zaldibiako Herri Atariatik jaso dituenak.
Ordiziako Udal Artxiboan aurkitutako dokumentua hartuta, Mikel Urteaga Azkuek egindako jasoketa eta gogoeta:
Juan Martinez Nazabalek, Zaldibiako alkate eta epaile arrunta zenak, hala eman zuen aditzera: iritsi zitzaion informazioaren arabera, herrian baziren emakume batzuk desegoki, pekatuan, eskandaluzko egoeran bizi zirenak. Ezkonduta egon gabe sexu-harremanak izanez, alegia. Eta hura onartezina zen, iraingarria baitzen Jaungoikoarentzat, justiziarentzat eta euren begiekin ikusi behar izan zuten guztientzat. Horrela, soluzioa eman nahian eta hain delitu kaltegarriak zigorrik gabe gera ez zitezen, kasu bakoitzaren eta azal zitezkeen gehiagoren inguruan ikertzeko eta informazioa biltzeko agindua eman zuen Nazabalek.
Horretarako, hurrengo egunean, alkateak hiru herritar deitu zituen -hirurak gizonezkoak, noski- testigu moduan deklaratzera. Banaka pasa ziren epailearen aurretik Sebastian Aranburu, Juan Aiestaran eta Martin Agirre jaunak. Euren deklarazioetan bat zetozen hirurak: autoak -epairik behar ez duen gai bati buruzko erabaki judizialak- biltzen zituen hamar emakumeak ezagutzen zituzten, Zaldibian bizi ziren eta, ezkongabeak baziren ere, gutxienez seme-alaba bana hazten eta elikatzen ikusi zituzten.
Behin testiguek esandakoak entzunda, autoak barne hartzen zituen emakumeak herriko kartzelan preso sartzea agindu zuen alkateak. Ihes egingo balute edo haiek aurkitzea posible ez balitz, ondasunak bahitu eta haien etxeetan zitazio eskaera jarriko zuten, hiru egunen buruan herriko kartzelan ager zitezen. Ohartarazpen bat ere bai: epe horretan agertuko ez balira, bando eta pregoien bidez deituko zituzten, denen aurrean lotsagarri utziz.
Pare bat egunera, ordea, inongo bandoren beharrik gabe, preso zeuden hamar emakumeak. Sartu bezain pronto, alegatu zuten horretarako zein arrazoi zegoen jakin gabe kartzelaratu zituztela. Eskatu eta erregutzen zuten guztiak aske uztea, edo gutxienez beraien aitortzak entzutea eta kontuan izatea.
Ez zituzten aske utzi, baina eskaerak onartu eta emakumeen aitortzak entzun zitezen agindu zuen Juan Martinez Nazabal alkateak. Egoera luzatu gabe, ekainaren 7an, deklaratzera deitu zituzten Barbara Agirre, Maria Bauptista Agirre, Maria Albisu, Maria Bartzelona, Margarita Eleizegi, Maria Juaniz Iraola, Katalina Iztueta, Maria Gartzia Jauregi, Maria Arroiz Mendiola eta Mariana Mendiola.
Zaldibiako kartzela publikoan, behar bezala juramentua egin eta egia esango zutela zin egin ostean, banan-banan deklaratu zuten honakoak esanez.
Barbara Agirre: 34 urtekoa eta ardatzean aritzen zena [hilandera]. Sei eta zortzi urteko bi alaba zituen, Zaldibiako Santa Fe parrokiako On Martin Olano apaiz presbiteroarekin izandakoak. Beste seme bat ere izan omen zuen harekin bi urte eta erdi lehenago, baina jaio eta gutxira zendu zen. Baziren zortzi hilabete apaizak eta berak elkarrekin hitz egin ez zutela, eta beste inorekin ez omen zuen haragizko harremanik izan.
Maria Bauptista Agirre: 24 urtekoa eta ardatzean aritzen zena. Bizpahiru urte lehenago, Tolosan neskame gisa ari zela, haragizko harremana izan zuen Antonio Hernandosoro tolosarrarekin. Haurdun zegoela nabaritu bezain pronto, Zaldibiara itzuli zen. Behin bere jaioterrian zegoela, haurra izan eta, tamalez, urtea betetzerako galdu zuen. Hernandosoro ezkongabea zen harreman hura izan zutenean, baina bi urte pasatzerako beste emakume batekin ezkondu zen.
Maria Albisu: 34 urteko nekazaria eta ardatzean aritzen zena. Seme eta alaba bana izan zituen Pedro Zinkunegi zaldibiarrarekin: hamaika urte zituen alabak eta zortzi semeak. Semea jaio eta urtebetera hil zen Zinkunegi. Orduz geroztik ez omen zuen haragizko harremanik izan beste inorekin.
Maria Bartzelona: 30 urte inguruko nekazaria. Lau urteko alabaren ama zen, Martin Etxeberria-Agirrerekin izandakoa. Ezkontzeko asmotan omen zeuden oraindik, eta ez zuen harremanik beste inorekin. —Zaldibian hurrengo urteetan izandako ezkontzen zerrendan ordea, ez da Maria Bartzelona eta Martin Etxeberriaren artekorik ageri. Seguraski, beraz, Mariak ez zuen bere nahia betetzerik izan—.
Margarita Eleizegi: 33 urteko nekazaria. Bi urteko alabarekin bizi zen, Zaldibiako Pedro Aiestaranekin izandakoa. Beste alaba bat ere izan zuen harekin lehenago, baina bigarrena jaiotzear zela hil zitzaion. Ezkonduko zirela agindu ziolako izan omen zuen haurra, eta oraindik esperantza horrekin jarraitzen zuen.
Maria Juaniz Iraola-Agirre: 30 urte ingurukoa eta ardatzean aritzen zena. Hiru seme-alabarekin bizi zen. Zazpi eta hiru urteko alabak, eta hamahiru hilabeteko semea. Sebastian Aranburu testiguaren arabera, haietako bat Zaldibiako Santa Fe parrokiako apaiz presbiteroa izandako Juan Arruebarrena zenarekin izandakoa. Maria Juanizek ukatu egin zuen hori, hirurak Lazkaoko Esteban Argintzanorekin izan zituela esanez. Hamar urte inguru lehenago, beste alaba bat ere izan omen zuen Martin Aranburu beasaindarrarekin. Aranburuk, ordea, kendu egin zion eta berekin omen zeukan Beasainen.
Katalina Iztueta: 26 urteko nekazaria. Martin Etxeberria zaldibiarrarekin bi seme izan omen zituen, baina biak hil zitzaizkion. Lau urterekin zaharrena eta zazpi hilabeterekin gazteena. Ezkonduko zirela hitz eman arren, promesa hura bete gabe lapurtu omen zion birjintasuna. Bi urte izango ziren berarekin hitz egiten ez zuela.
Maria Gartzia Jauregi: 32 urteko nekazaria. Bizirik balego bi urte izango zituzkeen haurtxoa izan zuen Juan Murua zaldibiarrarekin. Murua ezkondua zen, eta herritik aparte zegoen bide batean topo egin zuten gau bakar batean utzi zuen haurdun. Jaio eta zortzi egunera hil zen haurra.
Maria Arroiz Mendiola: 31 urtekoa eta ardatzean aritzen zena. Itsasondoko Juan Iturriotzekin izandako lau urteko semearekin bizi zen. Iturriotzek ezkonduko zirela zin egin omen zion Mariari, eta emandako hitza beteko zuen esperantzan, engainatuta izan omen zituen harekin haragizko harremanak. Iturriotzek —Mariaren gogoz kontra— berarekin gozatu eta denbora gutxira Itsasondoko Mariana Urkiarekin ezkondu zen. Gerora ez omen zuen gehiago harremanik izan; ez Iturriotzekin, ezta beste inorekin ere.
Mariana Mendiola: 30 urte ingurukoa eta ardatzean aritzen zena. Hiru seme-alaba izan zituen Martin Loinaz zaldibiarrarekin: zazpi eta ia lau urteko bi seme, eta bi hilabeteko alaba. Loinazek ezkonduko zirela esan zion arren, ez zuen emandako hitza bete, Marianaren etsipenerako. Aurrez, beste gizon batekin izan zuen haragizko harremana, haren izena oroitzen ez bazuen ere.
Epaiketan -metaforikoki bada ere- biluztu eta gero, hamar emakumeek idatzi bat aurkeztu zuten. Sinatu gabeko idatzia, ez baitzekiten idazten. Bertan zioten inongo arrazoirik gabe kartzelaratu zituztela. Gainera, aitorpenak hartu zitzaizkiela eta haietan ez zela zigortzeko moduko ezer aurkitu. Horregatik, guztiak libreki aske uztea eskatzen zuten, edo gutxienez fidantza ordainduta, zilegi zen eran.
Zorionez, idatzian eskatu bezala, aske utziko zituztela erantzun zieten. Hori bai, baldin eta fidantzak ordaindu eta epaiketan juzkatua eta erabakia ordaintzen bazuten lehenbizi. Lauzpabost egunera libre ziren denak, azken baldintza batekin: alkateak edo beste edozein epailek emakumeek kartzelara itzuli behar zutela erabakiko balu noiznahi, beraien kabuz itzuliko ziren.
.
GOGOETA
Testu hau irakurtzea bera zaila egiten bazaigu, pentsa zenbat sufritu behar izan zuten beraiek bizitzan zehar: emakumeek orokorrean, eta istorio honetako hamarrek bereziki. Engainatuak, jazarriak, bortxatuak izan, eta guztia ezkutuan eraman behar gainera. Beti gizonen menpe, izan bikote, maitale, herrikide edo agintari. Hori gutxi ez, eta hainbat seme-alabaren galera bizi behar izan zuten, XVII. mende erdialdeko gizarte eta errealitatearen egoera estu eta larriaren erakusgarri.
Azken xehetasun bat: emakumeengan ezezik, hauek deklarazioetan aipatu zituzten gizonengan ere jarri nahi nuke azpimarra. Ez dugu ahaztu behar, bortxatzaileak, adulteriogileak, iruzurgileak, eurenak ere baziren haurrez arduratzen ez ziren axolagabeak izanda ere, ez zirela sekula epaituak izan eta ez zutela horregatik kartzelaren itzalik ezagutu.
Amaitzeko, eta 375 urte berandu bada ere, 2022ko martxoaren 8an, jaso bezate omenaldi txiki hau Barbara Agirrek, Maria Bauptista Agirrek, Maria Albisuk, Maria Bartzelonak, Margarita Eleizegik, Maria Juaniz Iraola-Agirrek, Katalina Iztuetak, Maria Gartzia Jauregik, Maria Arroiz Mendiolak eta Mariana Mendiolak.
Zaldibian, 1646ko ekainaren 4an Zaldibian, 1646ko ekainaren 4an
Zaldibian, 1646ko ekainaren 4an Zaldibian, 1646ko ekainaren 4an