Zalantzen amaiera? Argien mendetik Irudiaren Arora
“Zalantzen amaiera? Argien mendetik Irudiaren Arora” liburua –
“Zalantzen amaiera? Argien mendetik Irudiaren Arora” izeneko liburua argitaratu dute UEUrekin Aitor Zuberogoitia Espillak eta Josu Zuberogoitia Espillak. Saiakera honek azaltzen du zelan igaro garen garai bateko logozentrismotik (erregistro idatziaren nagusitasunetik) gaur egungo ikonozentrismora (Irudiaren Arora), narrazioa ardatz biren inguruan harilkatuta: komunikazioa eta filosofia. Egileen esanetan, “teknologiari buruzko hausnarketa beharrezko dela begitantzen zaigu; guk geuk gida dezagun garapen teknologikoa eta ez gaitezen izan hark markaturiko erritmoan dantzan dabiltzan txotxongiloak”.
Lehen ardatzak komunikazio-arloko teknologia moderno nagusien sorrera-testuinguruaren eta ondorengo bilakaeraren berri ematen du eta bigarrenak teknologiok garaian garaiko gizarte zein ideologiekin izaniko harreman dialektikoa deskribatzen saiatzen da, nola Euskal Herrian hala mundu zabalean. Liburuak gogoeta egiten du, era berean, Giovanni Sartorik Homo Videns: Televisione e Post-Pensiero saiakeran planteaturiko hipotesiaren inguruan: benetan ahultzen al ditu Irudiaren Aroak arrazoibidea eta logos-a? Zertzuk dilema planteatzen dira irudiz gainezkaturiko gizarte geroz eta teknologizatuagoan? Pertsonok ezaugarritzen gaituzten hautu eta borondate askeak kolokan jartzen ote ditu Google erraldoiak bere desanbiguaziorako eta zalantza ezabatzeko joerekin? Aldaketa ebolutibo baten aurrean gaude teknologiok erdi ziborg bihurtu gaituzten honetan? Euskal Herrian zein munduan modernitatetik postmodernitatera egin den bidea aztertzeko beste modu bat da, azken beltzean, saiakera honetan planteatzen dena, Euskal Herriaren zein Mendebaldearen historia garaikidean barrena bidaiatuta.
Irakurri egileei BURUXKA liburutegi digitalean egin diegun elkarrizketa.