Zalantzatiak

Zalantzatiak –

Legez, kanpainak egun batzuk daramatza abian. Izatez, bi hilabete pasatxo. Botoa erabakita izan edo ez, herritar askori kanpainak ekitaldi astun eta hutsalak iruditzen zaizkio.

Zalantzatiak

Izan ere, kanpaina-ekitaldiak telebistarako pentsatutako esketx bihurtu dira. Ateraldi xelebreen enkante iraingarriak, askotan. «Ea, jaun-andereok, ea nork gainditzen duen gaurko eskaintza hau!». Patetiko samar, gehienetan. Denetik biltzen da propio atondutako antzeztoki txiki horretan: irribarre leloa erakusten duten kartoizko figuranteak, hautagaiak jaurtitako mezu neurtua —txinatar erara— txalotzen duten alderdikideak… den-dena aldez aurretik kanpainako aholkulariek pentsatua eta garatuta. Minutu gutxi batzuen kontua da dena: gertakarien lekura iritsi, euskarriak zabaldu, kamerak non doazen erabaki, protagonista prestatu, kazetariei abisatu eta, momentua ailegatzen denean, hautagaiak mezu kapsulatua bota. Kito. Gero, telebistan, arrapaladan mezu guztiak elkarren segidan ikusiko ditugu, ezeren gusturik ez duen mazedonia tutti-frutti hori osatu arte. «Nork zer esan duela? Non? Topoaren obrak noiz amaituko direla?». Eta jarraian… kirolak.

Kanpainak eraginkorrak al dira? Zerbaitetarako balio al dute? Botoa erabakita daukagunontzat kontrakoa iruditzen bazaigu ere, ikerketek diote baietz; kanpainak funtsezkoak direla, batik bat botoa azken orduan erabakitzen dutenentzat. Are eta garrantzitsuago dira garai nahasi eta berezi hauetan, non abstentzionista eta zalantzatien kopuruak oso handiak diren. Beno, ez beti, ezta modu berean ere.

Ikus dezagun. Esaterako, EITBk egindako azken makro-inkestako datuak xehe-xehe aztertuz gero, konturatzen gara alde handiak daudela EAE eta Nafarroaren artean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zalantzatien kopurua %21ekoa den bitartean, Nafarroa Garaian, berriz, soil-soilik %8koa da. Itxuraz, gizarte nafarrak argi dauka zer duen jokoan. Suspertuago daude gure etxeko abaroa den lurraldean. Botoa ez ematea erabaki duten nafarrak %14 dira. Azken horien profilak ez du aparteko berezitasunik eskaintzen. Ez da alde nabarmenik sumatzen sexu, adin edo ikasketen arabera. Agian, abstentzionisten presentzia zertxobait handixeagoa da soilik lehen mailako ikasketak dituzten boto-emaileen artean. Nafarroan, interesa eta presa sumatzen da bozkatzera joateko. Sorpresak izango al dira?

EAEn, berriz, mantsoago daude kontuak. Iragarriago edo. Piper eta gatza falta da. Adi: zalantzatien kopurua %21ekoa bada, abstenituko direnen portzentajea askoz handiagoa izango dela pentsa daiteke. Hemen zalantzatien profila markatuago dago: %63 emakumeak dira, bereziki nabarmenago 45-64 adin tartekoen artean.

Inkestak inkesta direla esan ohi digute. Kasu honetan lagin benetan handia izan da —Hego Euskal Herrian inoiz egin omen den handiena dela esan digute—. Denera, 7.853 pertsonak erantzun baitute joan den otsailean eta martxoan egindako telefono bidezko inkesta horretan. Lagin errorea txikia da (%2koa) eta konfiantza maila handia (%95ekoa). Baina, sorpresak izango dira, zalantzarik gabe.

Toki askotan —bai Nafarroan, baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere— zerrendarik bozkatuena oso boto gutxiren bueltan erabakiko da. Zeren arabera erabakitzen du pertsona batek, azken unean, botoa ematera joatea? Belaunaldi hiper-ideologizatuan hezi (edo hesitu?) garenok oso kartesiarrak gara. Den-dena logika perfektuaren emaitza dela pentsatu dugu beti. Uste izan dugu alderdi batetik bestera joan diren boto-emaile horiek oso hautu kontziente baten ondorioz hartu dutela beren erabakia eta horrexek bata edo bestea esan nahi duela eta bla bla bla. Ez. Gure analisi burutsu eta trinkoek, sarritan, kale egiten dute gaur egungo gizarte likido hauetan azken orduko erabaki horiek nola hartu diren oraindik ulertu ez dugulako.

Herritar gehienentzat hauteskundeak, alderdien dinamika, diskurtso politikoa… ez da beren kezka nagusia. Ez da beren agendan sartzen den hizpide nagusia. Botoa nori eman bigarren edo hirugarren mailako kontua da. Gogoan izan 2019an EAEn abstentzioa %34koa izan zela eta Nafarroan %24koa. Hautesleriaren herena eta laurdena hurrenez hurren. Ikaragarria da datua. Eta horri gehitu behar zaio bozkatu ezin dutenen kopurua, eskubide guztiak onartuta ez dituzten migratzaileak direlako edo paperik gabekoak direlako (guztira %8 eta %13 artekoa da tarte hori, tokian tokiko errealitatearen arabera). Populazio horri parte-hartze politikoa ukatzen zaio, galarazten diogu. Kalean begi bistakoak izan arren, demokraziarako ez dira ezer. Guk nahi ez ditugun lan zikin guztiak, oso modu prekarioan, egiten dituzte —gurasoen edo aitona-amonen ipurdia garbitu, pizza etxera eraman, errepideetako lanak egin…—, baina ez dute ezer erabakitzen.

Botoa nori eman edo nori ez eman erabakitzeko unean, faktore eta aktore askok hartzen dute parte: alderdi edo hautagai horrek helarazten dituen emozioak, transmititzen duen sinesgarritasuna edo faltsutasuna, duen begirune konplizea edo uxatzailea; azken batean, transmititzen digun inpresio pertsonala… Ingurukoen iritziak ere oso garrantzitsuak dira, noski. Horren guztiaren ondorioz pertsona batek erabaki dezake azken momentuan hautagai honi edo besteari bozka ematea. «Besterik gabe, atsegin dudalako», edo «beste hori ez ateratzeko». Eta azken orduko zalantzati horiek erabakiko dute, adibidez, Gasteiz edo Iruñeko alkatea nor izango den. Erabaki hori arina edo despolitizatua dela? Ez. Zergatik? Ohartuki ala ohartu gabe, modu batera edo bestera, pertsona horrek bere subkontzientean duen balio-sistema aktibatu egin da hauteslekura joaterako orduan.

Horregatik guztiagatik, sarritan, eskola zaharrekooi, oraingo narratiba elektoralak gezak eta grisak iruditzen zaizkigu. Gatza falta zaie. Alderdietako estrategek, ordea, garbi daukate zein den beren helburua: zalantzatiak erakarri. Fidelenak ez dira konbentzitu behar. Periferiako sektoreak, bai.

Zalantzatiak Zalantzatiak Zalantzatiak Zalantzatiak

Kazetaritzan doktorea eta gizarte komunikazioan ikertzailea, EHU