Armada profesionala eta ordaindutako haurdunaldiak (eta II)

Armada profesionala eta ordaindutako haurdunaldiak (eta II) –

Armada profesionala eta ordaindutako haurdunaldiak (I)

Honen aurreko artikuluan egindako galderei erantzuteko, Robert Wilentzen arabera, ez zen benetako adostasunik egon ama besterentzat ekartzea hitzeman zuenaren aldetik. Kontratuaren arabera, hark konpromiso ezeztaezina hartu zuen, aurrez jakiteke zer-nolako loturak izango zituen umekiarekiko. Amak umea jaio aurretik ezin du erabat boluntarioki eta jakinaren gainean erabakirik hartu. Umea jaio zenerako amaren erabakia ez zen askea, kereilaren mehatxua eta hamar mila dolarren eraginak baldintzatua zegoenez. Dirudun emakumeek gisa horretako erabakirik hartuko lukete? Wilentz epaileak honela adierazi zuen: “Zalantza handiak ditugu diru-sarrera gutxiko bikote antzuek diru-sarrera handiak dituzten alokairuko amak aurkituko ote dituzten”.

Armada profesionala eta ordaindutako haurdunaldiak (eta II)
Arg: SeppH

Beste bigarren arrazoi funtsezkoago bat ere eman zuen: gizarte zibilizatu batean badira diruak ezin eros ditzakeen gauzak. Amatasunaren subrogazio komertziala ume bat erostearen baliokidea da, edo behintzat, amak umearekiko duen eskubidea saltzea eta aringarri bakarra da erosleetako bat aita izatea. Eta enpresa bitartekari batek sustatzen du salmenta.

Egun, ugalketa-teknika berriek ordezkapen-haurdunaldiaren ekonomia aldatu dute, eta horrek berekin dakarren dilema etikoa areagotu. In vitro ernalketa agertzearekin batera, obulua emakume batek eman dezake eta beste batek sortu. Hornikuntza-katea “pakete” bakar batean ez etortzeak subrogazio-merkatuaren hazkundea bultzatu du. 2008an, Indiako Anand hirian 50 emakume baino gehiago haurdun zeuden Estatu Batuak, Taiwan, Britainia Handia eta beste lurralde batzuetako bikoteentzat. Emakumeek irabazten zuten dirua, 4.500 dolarretik 7.500 dolarrera, hamabost urtean irabaziko zuketena baino gehiago izaten zen. Egungo egunean, Ukrainan gertatzen ari da. %40 pobreziaren atalasean dira eta gero eta eskari gehiago dago eta sabel-eskaintza ere goraka ari da. 20.000 euro ematen dizkiete alokairuko amei ume bakoitzeko. Erditzean, umerik ez dute ikusten, afekturik ez sortzeko.

Filosofo morala den Elizabeth Andersonek dio amatasunaren subrogazio-kontratuek haurrak eta haurdun dauden emakumeak degradatzen dituztela, salgaiak balira bezala tratatzen dituztelako. Degradaziotzat jotzen du pertsona bat dagokion balioespen-modua baino apalago tratatzea. Gauzak ez ditugu soilik “gehiago” edo “gutxiago” baten arabera baloratzen, baizik eta kualitatiboki maila goragokoan edo beheragokoan. Haurrei afektua eman beharrean, maitasuna eta arreta merezi duten pertsona direnez, onura ekonomikorako tresna gisa erabiltzen dira. Eta emakumeak ere degradatzen ditu kontratu mota horrek beren gorputzak ume-fabrikak balira bezala trataturik, eta haiei ordaindurik umeekiko atxikimendua senti ez dezaten.

Andersonek arrazoi du, baina munduan dauden desberdintasunek dirauten bitartean, negozio degradatzaile horrek jarraituko du, Ukrainan, eta leku askotan. Baina horrek zer ikustekorik du armada profesionaleko “boluntarioekin”? AEBetako Charles Rangel kongresista demokrata Irakeko gerraren aurka agertu zen. Haren ustez, gerra hura inoiz ez zen hasiko politikarien seme-alabek joan behar izan balute. Estatu Batuetako gizartearen aukera-desberdintasuna dela eta, zerbitzu militarra merkatuaren bidez esleitzea ez da bidezkoa alternatiba gutxien dituztenentzat: “Iraken herrialde honen alde armekin borrokatu duten gehienak landa-eremu pobreetakoak eta gure hirietako auzo xumeenetakoak dira”. Derrigorrezko soldadutza berriz ezartzeko eskatu zuen: “gerrara eramango dituzten amerikarrak dauden bitartean, guztiak eraman beharko lituzkete, ez bakarrik egoera ekonomikoagatik hezkuntza-pizgarriek eta errekrutatzeagatik ematen diren hobariek erakartzen dituztenak.” Handik hona etorririk, Afrikako gerratik (1911-1927. 1921eko Annual-eko borrokatik, besteak beste) libratzeko 2.000 pezeta behar omen ziren.

Bi afera hauek justiziaren kontzepzio ezberdinak bereizteko balio duten bi galdera dakarzkigute: zenbateraino gara aske, merkatu librean aukeratzen dugunean?; ba al dago diruak erosi ezin duen bertute eta ondasun goragokorik?

Justiziaren gaineko teoria nagusiak honelako artikulu batean ondo laburbiltzea ezinezkoa da. Halere, behin-behinean, hirutan bil litezke: gehienon ongizatea maximizatzea goiburu dutenak (utilitarista); guztiaren gainetik norbanakoaren askatasuna errespetatzearen aldekoak (liberala), eta komunitatean nagusi diren balioak errespetatzea proposatzen dutenak (komunitarista).

John Rawlsek -Sandelentzat Estatu Batuetako filosofo politiko handiena- 1971n Justiziaren teoria argitaratu aurretik, ikuspegi utilitarista zen nagusi AEBetan, eta filosofia politikoa lozorroan zegoen. Rawls inflexio puntua izan zen. Bi mota nagusi bereizten dira AEBetan liberalen artean: liberal libertarioak eta liberal igualitaristak, eta Rawls igualitaristen artean kokatu izan da.

Eta artikulu hauetan itsuaurreko darabilgun Michael J. Sandel? Komunitarista gehiago da liberal baino; gehiago zehaztuz, ordea, Aristotelesen ildotik, teleologista, hau da, eskubideak helburuen garrantzi moralaren arabera justifikatzea proposatzen duena. Bere artikuluetako batean (Filosofía pública. 2020:337), honela dio:

Liberalek, zeinentzat eskubideen defentsa doktrina moral eta erlijioso substantibo guztiekiko argudio neutral batean oinarrituta egon beharko litzatekeen, eta komunitarioek, zeinentzat eskubideak gizartean nagusi diren balio sozialetan oinarritu beharko liratekeen, antzeko akats bat egiten dute: eskubide horiek sustatzen dituzten helburuen edukiari buruzko iritzi edo judizio oro saihesten saiatzen dira biak. […] Hirugarren aukera, nire ustez gomendagarriagoa, da eskubideak justifikatzea haiek asebete nahi dituzten helburuen garrantzi moralagatik.

Teoria utilistaren eta liberalaren arabera, erabat harturik, armada profesionalaren auzian edo alokairuko amen aferean, garrantzizkoena izango litzateke deliberatzea ea nola aterako litzatekeen irabazten gehienon ongizatea, eta ea soldaduak beren borondatez joaten diren armadara -hark eskaintzen dituen pizgarriek akuilaturik-, eta herrialde pobreetako emakumeen kasuan ere antzera, ea beren borondatez eskaintzen duten beren sabela, alde batera utzita eztabaida publikoan, arazo moral eta erlijiosoak. Sandelen ikuspegiak, aldiz, armadaren helburuaz, eta halaber, umeak zertarako ekartzen ditugunaz hausnartzera garamatza.

Zertarako du estatu batek armada? Bere lurraldea defendatzeko, eta etsai izan daitezkeenen aurrean, disuasio moduan?, hots, NATOn parte hartzeko, gu geopolitikoki gauden tokian gaudela?, euskaldun gisan, oraindik beste galdera bat gehiago planteatzen zaigu: armada propiorik ez dugunez, izan arte ez dugu kezkatu behar?, egia da praktikan euskaldun gisa ezin dugula ezer erabaki baina horrek ez du esan nahi horretaz gogoetarik ezin dugunik egin. Gagozkigunerako, Sandel zerbitzu militar derrigorrezkoaren alde dago eta armada profesional eta gerra egiteko kontrata pribatuen, hots, mertzenarioen aurka. Bat natorkio.

Alokairuko amen auzira etorriz, horren aurka dago. Sabela eskaintzen dutenei dagokienez, uste izan liteke gehienek aurretik beste ume batzuk izango dituztela, eta baliabide ekonomikorik ezak eraman dituela langintza horretara. Umeak ordainduta ekartzen dituztenei, berriz, ez zaie iruditzen nonbait horrela eskuratzeak kalte egin diezaiekeenik guraso gisa, hots, merkatuaren legeetara plegatuz gero, horrek salgai kutsua eman liezaiekeela direlako ume horiei eta guraso eta umeen artean harreman egokiak izateko kaltegarria izan litekeela. Kasu ezberdina da, noski, umeak adopzioan hartzea, hau da, tramitazioa soilik ordaindu beharra izatea.

Umeak zertarako ekartzen ditugu? Afektua emateko. Zaintzeko eta maitatzeko eta hezten ahalegintzeko -gero eta eginkizun zailagoa ikus-entzunezkoen mundu teknokratiko-digital honetan!-. Eta ume-ekartze kontuan, nago salerosketak degradaziorako bide segurua ematen duela. Zeren merkatuak ezin du dena erosi, ezta?

Armada profesionala eta ordaindutako haurdunaldiak (eta II)  Armada profesionala eta ordaindutako haurdunaldiak (eta II)  Armada profesionala eta ordaindutako haurdunaldiak (eta II) 

Armada profesionala eta ordaindutako haurdunaldiak (eta II) 

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude