Zaku bete intxaur

Zaku bete intxaur –

Iñigo Urkuiluk azken hilabete historiko hauetan izandako jarrerak ez du, beste behin ere, PNV zertan ari den eta zertara doan zalantzarako toki handiegirik utzi. Auzo-lotsa pasatzeko moduko ekintzek eta adierazpenek gure ezein hitzek baino garbiago erakusten dute hori:

Zaku bete intxaurKatalunian, urriaren 1ean, Europan inoiz egin den erreferendum erradikalki demokratikoenaren atarian, erreferendum horrek legezko bermerik ez zeukala aldarrikatu zuen lehendakariak behin eta berriz, Kataluniako parlamentuak demokratikoki onartutako legediari trufa eginez.

-Urriaren 26ko gauean unionismoaren morroi lanetan Kataluniako askapen prozesu demokratikoa birrintzeko egindako ahalegin itzela (horri bitartekaritza deitzea ere!), azkenean, zorionez, unionismo guztiari bezalaxe, aurka bueltatu zitzaiona.

-Hura zuritzeko “elkarrizketa eta akordioa” sustatzeko ahalegina izan zela esan zuten. Betiere Espainolei ez baina urteetan negoziazio eske ibili diren katalenei zuzenduta, beti ere Espainiako batasunaren markoan hortik kanpo ez omen da ez elkarrizketarik ez akordiorik, Raxoi Espainiako presidenteak berak ere askotan gogoarazi digun bezala.

ETAren armagabetzean izaniko jarrera pasibo ez ezik, ia boikotatzailea ere izan zen, Madrilen zegoen jarreratik hain hurbil.

ETAren azken komunikatuan ere, PNVk erakutsitako urduritasuna ageri-ageriko izan da eta itogarria komunikatu hari egin zitzaion markajea: baldintzak eta langak jartzea Madrili ikasi dion lezioa ezin hobeto ikasita zein hitz erabili behar zuten ere inposatze saioetan ez dute atsedenik hartu.

-ETA desegitean Kanbon egindako ekitaldian Eusko Jaurlaritzaren absentzia justifikaezina eta aspaldian menpean duen protagonismo behar patologiko batek bultzatuta Bertizen antolatu zuten antzezpen patetiko hura. Beste aldetik denoi erakutsi digute Kanbo ez dagoela Euskadin.

-Zoriondu ere, oso modu protokolarioan zoriondu zituen Urkulluk egindako lanarengatik zorion guztiak ondo merezita zituzten nazioarteko eragileak. Baina, hura guztia portura eraman duen gizarte mugimenduari buruz hitzik ere ez. Ez da berria herritik ateratako gizarte mugimenduak Urkulluri eragiten dizkion ezinegon eta urduritasuna.

Gaitasun falta eskandalagarria, benetako politika egiteko ezintasun erabatekoa eta herriarekiko errespetu falta azkengabea besterik erakusten ez dituzten egitate eta adierazpenok ikusita, hauxe esango nuke:

Harrigarri sortatzen da zein urduri jartzen diren batzuk herri honetan bakerako benetako urratsak ematen diren bakoitzean; edozeinek antzemateko izu laborria erakusten dute, orain artekoarekin gusturago baleude bezala. Hori gertatzen da hala unionismoa osatzen duten alde guztietan nola egungo PNV honen baitan, beti unionistekin hain estu lotuta. Ibarretxe lehendakariak nik baino hobeto azaldu zuen hau motz-motzean: “Baina ez al zen hau berrogei urteotan eskatu duguna?”.

PNVk bere historia guztian zerbait erakutsi badu zera da: intxaurrak bere zakura doazela ziurtasun osoz ez duen bitartean ez duela intxaurrondoa astintzen; herria intxaurrik gabe uzteko batere eskrupulurik ez duela ere behin eta berriz erakutsi digu. Beste aldetik PNVri intxaurrak Madriletik etorri izan zaizkio beti, Espainiako markoan, eta hori oso garbi daukate, nonbait.

Honezkero ez gaitu batere harritzen PNVek nola jokatzen duen Espainia hori arriskuan ikusiz gero. Urriaren 26ko gau hark edo bake prozesuan izan duen jarrerak, edo hemendik gutxira ikusiko diegun 155. artikuluaren ezarleen presupuestoen aldeko botoak ederki erakusten diguten bezala.

Beste aldean dago, -denok dakigu PNV zein abila den bi aldetan batera jokatzen- estatus berrirako idatzi duen ponentzia Euskal Herriko (edo Euskadiko) nazioa aitortuz eta abar, ziurrenik hori inora ez doala garbi daukalako. Zakua intxaurrez lepo bete dion jokoari segida eman nahian dabil, kosta hala kosta, ez dadila ezer alda, berak ez du aldaketa txikienerako ere zirkinik ere egingo.

Bukatzeko, galdera bat ezker abertzaleari: Kataluniarekin batera mugimendu subiranista erradikalki demokratiko eta desobedientea sustatzeko aukera aparta dagoen honetan, ezker abertzaleak ez al du PNVrekin paktatzea ez den beste proposamenik?

Zaku bete intxaur
Zaku bete intxaur

2 pentsamendu “Zaku bete intxaur”-ri buruz

  • -EAJ-k Kataluniako parlamentuak hartutako erabakiei errespetua erakutsi zien, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan Errepublika aitortu zuten. Bermerik ez zuela izan argi dago, ez Generalitatearen erruz, Espainiako Gobernuaren eta poliziaren erruz baizik.

    -Bitartekaritzaren helburua aldebakarreko independentzia-deklarazioa eta horrek ekarriko zuen 155.artikulua saihestea zen. Huts egin zuen, baina seguru nago orain duten egoera ikusita agintari katalan batek baino gehiagok nahiago lukeela deklarazioa egin ez balitz. Izatez Generalitateko zenbait kontseilari ados zeuden hauteskunde automikoak antolatzearekin, eta ez Santi Vila bakarrik, baita ERC-ko Carles Mundó eta Dolors Bassa ere.

    -“Elkarrizketa eta akordioa” alderdi katalanek egunero darabiltzaten hitzak dira, eta EAJ-ren bitartekaritza alderdi hauek eskatuta burutu zen.

    -ETAren amaieraren aurrean gizartearen gehiengoak paso egin du, atzean utzi nahi dugun zerbait da eta nahikoa egin zuen EAJ-k Kanbora joaten.

    -ETAren azken komunikatua txalotzeko modukoa iruditzen zaizu? EAJ libre da bere iritzia adierazteko, eta noski ez zela ETAri eskerrak emanez hasiko, Arkaitz Rodriguez jaunaren antzera.

    -Josu Erkorekak Kanbo ez dagoela Euskadiko Autonomia Erkidegoan esan zuen, hau da, administratiboki Eusko Jaurlaritzaren lan-eremutik kanpo. EH Bildu Nafarroako Gobernuko kide da, eta Nafarroako Gobernua ere ez zen Kanbon izan.

    Penagarria iruditzen zait espainiar eskuin muturrak hainbestetan aurpegiratzen dion el arbol y las nueces delako metafora erabiltzea, baina hori alde batera utzita asko hobe geundeke ETA existitu ez balitz edo lehenago bukatu balitz. Eta benetan lekuz kanpo ETAk bere komunikatuan erabakitze-eskubidea aipatu izana.

    Kataluniarekin batera diozu, baina ez zara ohartu guztiz galduta daudela urriak 27tik eta abenduaren 21etik. Estrategiak, epe laburrean, huts egin die eta ez dugu Errepublika berehalakoan ikusiko. ERCtik estrategia guztiz aldatu behar dela dioten ahotsak ere entzuten dira. Nik behintzat ez diot etorkizun handirik ikusten Govern berriari, CUPek berehala pikutara bidaliko dituelako. 155aren ondorio kaltegarriak ikusita eta 9 agintari kartzelan dituztela, ez dira desobedientziarekin tematuko. Beraz oraindik gutxiago espero genezake halako prozesu bat hemen.

  • Kaixo Martitz:

    -Bai, egia. PNVk ohituta gauzka inora ez doazen deklarazio protokolarioekin, normalean oinarriei begira egindakoak. Kasualitate ote Gipuzkoan izatea eta ez Araban eta ez Bizkaian? Tira, zure baimenarekin, ni ez naiz fidatzen. “Bermerik ez zuela izan” diozunean, urriaren lehenaz ari zarela uste dut. Hemeroteka hor da, Urkulluk esandako guztiak Kataluniako agintariei zuzenduta zegoen eta mezua garbi zegoen: Zuek ez daukazue berme legalik horrelako erreferendumik antolatzeko. Esan beharrik ez dago legalitate espainolaz ari zela eta errespetu falta ikaragarria erakutsi ziela Kataluniako parlamentuan aprobatu berri zituen legeei. Hor, beti bezala, Raxoirekin izan zuen sintonia erabatekoa izan zen.
    -Gau hartan gertatutakoaz informazio konfidentziala baduzu, oso ondo iruditzen zait baina horrek ez du nire iritzia batere aldatzen: 1-Iñigo Urkulluren ezinegona agerikoa zen: “ni ez naiz besaulkian eserita geldituko”. 2-Bere helburua PNVri hain ondo joan zaion establishment kosta ala kosta defenditzea zen eta ez 155.artikulua saihestea. Hori saihestea ere interesatzen zitzaion baina ez Kataluniako herriak jasango zuen zapalketagatik, izatekotan ere, ondoren EHko parte batean gerta zitekeenagatik baizik. Estatuarentzat proba-zelaia interesgarria zen Katalunia. 3-Bitartekariak, bitartekari bada, gatazkatik erabat kanpo behar du, parteekin inolako zerikusirik ez daukana. PNVk egun hartan Raxoik berak bezainbesteko interesa zeukan, errepublikarekin aurrera ez egiteko, egun haietan hartu zituen lanek erakusten digute hori garbi. 4-Puigdemont bera esana da guztiz damutzen dela hurrengo egunean errepublika deklaratu ez izanaz, horra hor zer gertatu zitzaion bitartekari horiekin. 5-Kataluniako prozesu honetan herria eta gizarte mugimendua izan da ardatz nagusia, palazio panpoxoetan edozein erabaki hartzeko unean bazter ezin utzizkoa eragilea da hori. Hemengo klase politikoari -guztiari- kostako zaio hori bere egitea eta zer esanik ez Iñigo Urkullu bezalako agintari baten buruan sekulan sartuko ez den ideia da hori.
    -”elkarrizketa eta akordioa” beste hitz asko bezala klase politikoak eta komunikabideek guztiz maiztuta, debaluatuta eta mami gabetuta daudenetakoak dira. Kasu honetan (elkarrizketa eta akordioa), PNV da hitzen endekatze horretan sekulako ekarria egin duena.
    -Kanbon, armagabetzean bezala eta bake prozesu guztian bezala, PNVek ezin izan du bere lidergoa ezarri eta berak kontrolatzen ez dituen gauzetan galdu egiten da. Herri mugimenduaren bultzada duen guztietan bezala hemen ere lekuz kanpo ibili da erabat galduta. Hortik egin duten ridikulu historikoa. Beste kontuetan inoiz ahaztuko ez zitzaientxo bat ahaztu zitzaien gainera oraingo honetan: eusko jaurlaritza ez da PNV. PNVk nahi zuena egin zezakeen (beti edukitzen du Egibar bat horrelakoetara bidaltzeko) baina eusko jaurlaritzak han behar zuen.
    ETAren komunikatuaren harira nik salatzen dudan bakarra Eusko Jaurlaritzatik eta PNVtik egin zitazaion markaje itogarria. Ohituta gauzkate beste batzuei zer esan behar duten eta nola esan behar duten inposatze saioetan. Baina hemen ere norabidea beti bat eta bera da. Raxoiri ez diote zer esan behar duen eta nola esan behar duen exijitzen. Botere-orekaren kontuak dira horiek.
    -Josu Erkorekak “Kanbo ez da Euskadi” esan zuen literalki. Sarean dago.
    -Ez da CUP katalunian gobernuak, parlamentuak onartutako legeak, parlamentua bera, inbestidura saioak, giza eskubideak, elkarbizitza, bakea… “pikutara” bidali dituena estatu espainiarra baizik. Katalunian deskonexioa eginda dago aspaldian eta horrek ez du bueltarik. Bidea luze eta gogorra izango da aurrean tankeen indarra (edo bertsio modernoan legeen indarra) besterik ez daukan munstro bat daukalako baina Errepublikaren eraikuntza lanek ez dute atzera bueltarik.
    Izan ondo.