Zahar jaio eta gazte hil

Zahartze prozesua putakeria latza dela badiot, ez nabil jokoz kanpo, ezta? Gauza bat eta bakarra du ona zahartzeak: bizirik zauden seinalea dela.

Esperimentu zientifiko bat abiatuko balitz, zeinak albo-kalteak eraginda bada ere, gaztetu egiten gaituen, leihotik ikusiko nuke jende-ilara. Gaztea eta zaharra, eguna eta gaua. Gizakion desirak gaztaroa amestu du, beti edabe magikoaren bila. Zer beste du hobe zahartzeak? Bizitzako arrakasta txikiak perspektibatik ikusiz harro sentitzea? Amildegitik pauso erdira zaudenean paisaiari gorazarre egitea bezain aringarri hutsala. Bizitzako azken urteak kontsolamenduz betetzen dira? Sendatzeko modurik ez eta zainetatik morfina. Burmuina asmakizun bila, dena eta ez dena nahasteko borondatez. Auto-iruzurra.

Ez dakit zerk bultzatu nauen hau idaztera. Gazte alu inbidiagarria bainaiz. Helduak direnek bekaizkeriaz begiratzen nautela iruditzen zait. Sumatzen dut hori. Ni ere ari naiz eta aurre-zahartzearen sintoma horien lehen arrastoak ikusten eta. Igartzen dut bizilagunek kaletik agurtzen ez nautenean. Nik, gazte ta errebelde, agurtuko ez ditudala aurreikusten dutelako saihesten naute. Ez behin, ez bitan, ezta hirutan. Sarri agurtu ditut, erantzunik jaso gabe. Hor konpon.

Sabelaldean soberan duzun ilea buruan falta zaizula sumatzea ez da egunari ekiteko modu ederra. “Atzera bueltarik ez duen bidean nabil”; ez pentsa denboraren kontzeptua ulertu ez dudanik, baina horren ondorioak barneratzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Gaurko agureak indioen eta bakeroen filmeekin hazi eta hezi dira. Pena emango die lumazko apaingarriak jantzitako lider gurtuak ez direla ikusteak. Edo filma ez dutela muxu ezti batekin amaituko. Gaztetasunaren apologia eta zahartzaroaren ukazioa eskutik doaz gizarte txatxu honetan. Moda da gazte izatea, moda den bezala galtzak tarrata handi eta guzti erostea. Ezberdintasuna: gaztetasuna ez dela pentsioaren diruarekin erosi ahal.

Gorreriak jo ditu, haurren gisan tratatzen dituzte eta ez dute internet zer den jakin nahi, piperrik ez ulertzeko beldurragatik. Fisikoki eta mentalki etxe zuloan daude erosoen. Kalean gero eta gutxiago dira ezagun, lagunak traje beltzarekin agurtu zituzten. Mundua aurrera doa, “nerekin edo ni gabe”. Zahartzeko ikastaro bat nahi dut, ez itxura gazteari nola edo hala eusteko errezetarik.

Eta, zahar izatearen zorigaitzaren azken paradoxa: Arazoa ez zara zu. Arazoaren muina da nola ikusten zaituzten besteek. Zahar jaio eta gazte hil. Horra, goitiarrari helarazi beharreko proposamena.

ARGAZKIAZ

Zahar jaio eta gazte hilAgurea ikuslea da: bakartia, ahulkiaren albo batean eseri da lagunen bat hurbilduko zaion itxaropenez. Bizitza ikusi egiten du, baina ez bizi; biziraun akaso. Aurrean bi gazte ditu, hesirik gabeko jokalekuan etzanda, elkarri lotura. Agureak eta gazteek bi ordu egin dituzte leku berean, denok hilko garela bezain egia da hau.

“Dena, izan dena eta inoiz izango ez dena. Duena, zuena eta inoiz izango ez duena”.

Tximiniaren eta bastoiaren arteko paralelismoa zeuon esku. Eman buruari. Pentsatzea neurrian zahartzeko ariketa paregabea dela esan didate.

Zahar jaio eta gazte hil

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra