Paraguay: Estatu kolperik ez!

Askapenak lehenik eta behin, pasa den ostiralean Paraguayen izandako estatu kolpea salatu eta gertaera hauetan kaltetuak izan diran nekazariei gure elkartasunik beroena bidali nahi genieke, herri langile osoa agurtzearekin batera.

Beste behin ere agerian geratu dira kapitala eta oligarkiaren interesen defentsan guztiak balio duela. Paraguayko gertakarietan hain zuzen ere, aspalditik zetozen prestaketa lanak,gobernuaren aurkako erasoak, nahiz eta zoritxarrez, Lugoren agintadian sozialki egindakoonarpenak baino gehiago nabarmendu eskuinari eman beharreko kontsezioak.

Hala ere eta egiari zor, Lugok nekazal erreforma eta bestelako eskaera zenbait alde batera utzi bazituen ere, hezkuntza eta osasungintzan besteak beste, herrialde honek azken hamarkada luzeetan ezagutu gabeko eskubideak berreskuratu zituen. Eta itxura denez, herri sektoreetatik gobernuak egindakoa gutxi zela aladarrikatu arren, eskuinari, kapitalismoa ordezkatzen dutenei, aski zitzaien, egindako gutxiak ere erantzun irmoa behar zuen nonbait.

Honela, beste behin ere, estatu kolpe batek esnatu gaitu Latinoamerikan, azken urteetan berriz ere mekanismo basatiagoei, albo batera utzi zituzten lanabes zaharrei heldu diete gobernu aurrerakoien egin ahala mozteko desiotan eta demokrazia faxismoz mozorrotzen da ustekabean. Zenbaitetan militarki inbaditu beharrean izan dira, 2009an Hondurasen egin zuten bezala, edo duela hamar urte Venezuelan egin zuten gisan. Beste zenbatetan ordea, inbasio edo estatu golpeak humanitarismoz jantzi beharrean dira, Haitin egin zuten eran. Bolivia eta Paraguayko kasuetan berriz, istilu batzuk sorrarazi behar dituzte lehenik, ondoren gorbernuaren aldaketa eta estatu golpea gauzatu ahal izateko.

Gertaera hauek baina, irakaspen eta argibide zenbait eskaintzen dizkigute eta ezin dugu gertaera hauen gaineko irakurketa hutsean geratu. Lehenik eta behin, Paraguayko gertaeriek, Libia nahiz Sirian izaten ari direnek, erakusten digutena da, prestau beharrean gaudela, eraso inperialistak, edo kapitalismoaren ofentsiba berrituak, mozorroak mozorro, egiteko historiko bati erantzuten diolako, klase pribilegioak mantentzeari alegia. Desinformazio eta manipulazioek ez gaitzatela ezkutatu azpian, mamian dagoena!

Bigarrenik, herri langileak jakin behar dugu, gure interesen alde egindako aurrerapausu bakoitza defendatu beharra izango dugula, izan ere, emandako pausuen araberakoa izango da etsaiaren erantzuna. Beraz, lege aldaketa edo hauteskundeetako emaitza soilak ez dute balio lorturikoa mantentzeko, lorturikoa defendatu beharko da eta Venezuelan egin zuten gisan, kaleak hartu eta herri antolakuntza bidez berreskuratu beharko da estatu golpe edo inbasio bidez osturikoa.

Espero dezagun beraz, bere onerako Paraguayko herriak bide honi eustea, zorterik onena opa diegu eta gure elkartasunik beroena.

Estatu kolperik ez!

Gora Paraguayko herria!