Zaborra
Nork esango zuen zaborra hain modan jarriko zenik, orain balkoiek ere luzitzen dute, batzuetan gauza ederra da mugaz honanzko aldean bizitzea. Jendea bere alderdiarekin hain maila absurduraino lerrokatzen ez den lekuan. Hendaian zaborra beste gisa batera biltzen da; badira kontenedore klasikoak, jendeak zernahi botatzen du hara, baina bada atez ateko sistema bat ere, aspaldian martxan jarri zena. Herriko Etxeak etxe bakoitzari kutxa hori bat eta berde bat eman zizkion, horira botatzen ditugu papera eta ontziak, eta berdera beira, astean behin etxe aurrera ateratzen ditugu, eta herriko langileek biltzen dituzte. Ez da derrigorrezkoa eta birziklatze kopuru aldetik ez da oso emankorra izango, ez dut beraz eredugarritzat jotzen. Baina argumentu bat desaktibatzeko balio du. Nik, Hendaian, ez dut inoren ahotik entzun kutxa horiek gure etxeetako intimitatea urratzen dutenik, eta urteak dira darabilzkigula. Zer da intimitatea, erosketak denen bistan egin, eta gero zaborra konfesategian apaizari entregatzea? Nik Hendaiatik esango nuke argumentu barregarri hori bota litekeela errefusara.
Beharbada, sentiberatze lan askoz handiagoa, eta informazio osatua eta objektiboa zabaltzen ahalegin askoz handiagoa egingo balitz, ez litzateke neurri horretako erantzunik gertatuko atez-atekoaren aurka.
Baina herri honetan badira sakon errotutako bi ohitura behinik behin: bata, norbere alderdiarekin lerrokatzearena zer gerta ere, nor jausi ere. Eta bestea, behin boterea eskuratuta, zernahi eta nolanahi egin dezakegula uste izatea, aniztasunari, parte hartzeari eta herri ekimenari buruz esaten genituenak hurrengo hauteskundeetara arte giltzapean gordeta.