Zabalik langabezian dauden gazteentzat sormen poloetan izena emateko epea

• Formazio programan, gazteek enpresa batek proposatutako egiazko erronka bati irtenbidea aurkitu beharko diote

• Sormen Poloen xedea Kultura eta Sormen Industrien alorrean gazteen artean enplegua sustatzea da

• Izena emateko azkeneko eguna urriaren 14a da

trancreativa_prentsaurrekoa_baja

TRANSCREATIVAko Sormen Poloetan izena emateko epea zabalik da gaurtik aurrera. Horrela eman du jakitera Javier Castrok, SINNERGIAK Social Innovation Center (UPV/EHU) ikerketa saileko arduradunak, Donostia 2016ko egoitza nagusian eskainitako agerraldian. Formazio programa doakoa da, eta izena ematen duten gazteek Kultura eta Sormen Industriaren alorreko (diseinua, publizitatea, ikus-entzunezkoak…) enpresa batek proposatutako egiazko erronka bati irtenbidea aurkituko dion lan-taldean parte hartuko dute. Izena emateko azkeneko eguna urriaren 14a da.

Sormen Poloak langabezian dauden 18 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta daude, eta bete beharreko baldintzak hauek dira: langabezian egotea, Goi Mailako formazioa edo Unibertsitate mailako ikasketak izatea (edo laugarren mailako ikaslea izatea). Formazio programa honen xedea da gazteak Kultura eta Sormen Industrien alorrera gerturatzea, eta bide batez, sektorean enplegua sustatzea.

Sormen Poloak TRANSCREATIVA egitasmoan kokatzen dira, Europar Batasunako Interreg IV B SUDOE (SOE3/P1/E529) finantzatutako egitasmoa. Egitasmoaren lidergoa SINNERGIAK Social Innovation-ena da (UPV/EHU). Euskadiko, Akitaniako eta Portugaleko bederatzi bazkide biltzen ditu 3 ekintza nagusiren bidez:

1) Kultura eta Sormen Industrien mapa orokor bat egiteko xedearekin hiru herrialdeetan ikerketa akademikoa;

2) Sormen enpresei zuzendutako transferentzia teknologikoa (prototipoen garapena);

3) Berrikuntza soziala, langabezian dauden gazteen artean enplegua sustatuz.

TRANSCREATIVA proiektua bi ardatz nagusiren baitan sortzen da. Horrela adierazi du Javier Castrok, SINNERGIAK-eko ikerketa saileko arduradunak: “alde batetik egungo krisi ekonomikoaren testuingurua dago, gazteei zuzenean eragiten diena; eta bestetik, sormen industrien sektorearen egoera, hots, hazkundean dagoena eta etorkizun handia duen sektore batena. TRANSCREATIVAREN helburua egungo arazo bat etorkizuneko estrategia batekin lotzea izan da”.

Donostia 2016 eta Tecnalia, SINNERGIAK Social Innovation Center-ekin (UPV/EHU) batera, dira egitasmoan parte hartzen duten Euskadiko bazkideak. Eneko Garate Donostia 2016ko Nazioartekotzeko arduradunak egitasmoaren garrantzia azpimarratu du, batez ere Europako hiru estatuko bazkideen parte-hartzea nabarmenduz. “Kultura eta Sormen Industrien sektorea sustatzeko ekimen oro babesten dugu, kultura sustatzeko garrantzitsuak direla uste dugulako. 2016tik kulturen arteko ezagutza trukea behar beharrezkoa iruditzen zaigu. Era berean, nabarmentzekoa iruditzen zaigu TRANSCREATIVAk bost hizkuntza hitz egiten dituela”. Eneko Garateren hitzetan, Kultura eta Sormen Industriak beharrezkoak dira ekonomia sustatzeko eta, norabide berean, gazteak hezteko beharraz hitz egin du.

Prentsa agerraldian Sormen Poloen lehenego edizioan aritu ziren bi gaztek bere esperientzia kontatu dute; biek ala biek esperientzia “positiboa” izan zela azaldu dute. Joseba Undianoren hitzetan “Sormen Poloek aurrerapauso bat emateko aukera eskaintzen dute, izan ere, bertan egoera erreal baten aurrean nola jokatu ikasten duzu”. Maria Pratek, berriz, adierazi du berarentzat esperientzia berritzailea izan zela eta langabezian dauden gazteak parte hartzera deitu ditu “jendea ezagutzeko eta networking-a egiteko aukera paregabea delako. Eta hori oso garrantzitsua da gaur egun”.

Formazio programa: Sormen Poloak

Formazio saioak urriaren 23an hasi eta irailaren 20an amaituko dira; guztira bederatzi saio egingo dira (astearteetan eta ostegunetan). Bi talde aurreikusten dira:
• 1 TALDEA: goizez, 10:00etatik 13:00etara.
• 2 TALDEA: arratsaldez, 15:00etatik 18:00etara.

Ikasleak talde-lanean ariko dira, bosnaka, eta aholkulari baten laguntza izango dute. Lan metodologiari dagokionez, “learning by doing” eta “solving problems” (egiten ikasi) lan-ildoak baliatuko dituzte ikasleen ezagutza maila aberasteko; beti ere proiektu praktikoak eta parte-hartzaileak bultzatuz, tartean, benetako enpresa batek proposatutako egiazko erronka bati irtenbidea bilatzen.

Egitasmoan parte hartzeko beharrezkoa da eskaera formularioa betetzea www.transcreativa.eu webgunean. Izena eman duten guztien artean, SINNERGIAK Social Innovation Center-ek (UPV/EHU) lan-taldeak osatzeko hautaketa egingo du.

Informazio gehiago: poloscreativos.transcreativa@gmail.com / 943 21 88 99.

Zer duzu buruan “Zabalik langabezian dauden gazteentzat sormen poloetan izena emateko epea”-ri buruz