Etengabeko oztopoak sareko hedabideentzat

Etengabeko oztopoak herri ekimeneko sareko hedabideentzat

Euskal kazetaritza atxiloketa edo zentsura bezalako hitz zatarrekin elkartzean Egin eta Egunkaria kasuk datozkigu gogora. Ezin uka euskalzale ororen oroitzapenetan bi egunkarion itxiera iltzatu denik, baina sarearen garaiotan ere horiek bezain ilunak diren pasarte ilunak ezagutu ditugu. Azkena aste honetan bertan, Gazte Danbadari buruzko informazioa zabaltzeagatik Topatuko hiru kide auzipetu baititu Auzitegi Nazionalak. Ez da herri ekimeneko sareko herri hedabide bat erasotzen duten lehenengo aldia ordea, ezta gutxiago ere. Hona memoria freskatzeko adierazpen askatasunari berriki Espainiako botere judizialak egindako hiru eraso, Ardi Beltza eta Gaztesarearen itxiera ere gehitu dakizkien arren.

Apurtu.org

Errepresioa mintzagai zuen albistari hau 2007an sortu zuten, eta orduan ere, ikus-entzunezko lanak zituzten oinarri. Pituren hitzetan, euskarriari dagokionez “aitzindariak izan ziren”, albistegi bat eta LiveStream bidezko telebista kanal bat jarri baitzuten martxan. Trabak ere izan zituzten ordea, eta ez nolanahikoak. 2011n webgunea itxi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, Askatasuna erakundearen komunikazio tresna zela argudiatuta. ABC eta La Razónek besteak beste kriminilizazio kanpaina egin zuten hedabidearen kontra. Lau kide atxilotu zituzten, eta epaiaren ostean, horietariko bat espetxeratu. Miguel Angel Llamas “Pitu”-k 18 hilabete egin zituen espetxean. Apurtu proiektua bertan behera geratu zen arren, kazetari eta herritar talde batek Ateak Ireki sortu zuen webgunearen itxieraren aurkako elkartasun ekimen gisa.

Itxieraren aitzakia: Ilegalizatutako Askatasunarekin harremana izatea.

Ateak Ireki

2011n sortu zen Ateak Ireki, Apurturi jarraipena eman nahian baina jende berriak ere lagunduta, Nafarroako herri mugimenduen ahotsa izateko erronkarekin. Batez ere ikus-entzunezkoak oinarri hartuta, beste hedabideek arretarik jartzen ez dioten hainbat informazio landu zuten, CANeko ustelkeria esaterako. 2013ko azaroan ordea, Herrirarekin harremana zuela argudiatuta webgunearen itxiera agindu zuen Auzitegi Nazionalak.

Itxieraren aitzakia: Ilegalizatu berri zuten Herrirarekin ustezko harremana.

Topatu.info

Aste honetan bertan izan dugu Topatuko hiru kideren auziperatzearen berri. Zabaldutako oharrean adierazi dutenez: “2013komartxoaren 29tik apirilaren 1a bitarte Urduñan ospatu zen Gazte Danbada jaialdian egindako ekitaldi politikoaren inguruan informatzeagatik deitu gaitu deklaratzera Eloy Velasco epaileak inputatu gisa”. Ez da ordea botere juduzialak Topaturen lana oztopatzen duen lehen aldia. “Aurretik ere 2014ko martxoan Auzitegi Nazionalak ekitaldiko hitzartzeak eta laburpena biltzen zituen bideoak ezabatzeko agindu zigun, kasu egin ezean webgunea itxiko zutela mehatxu eginez”.

Hona 2010ean Topaturen berri ematen zuen bideoa. Geroztik bide luzea egin du hedabideak, hamaika kolaboratzailaren laguntzarekin ehunka ekimenen berri emamenz.

Etengabeko oztopoak herri ekimeneko sareko hedabideentzat

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude