(Post-scriptum) Youtuberrak, zentsura eta elipse irrigarriak

Youtuberrak, zentsura eta elipse irrigarriak

Garbi geratu da: youtuber euskaldunei ez die kukuak makur jo. Azken egunotan hedabideei begirada bat ematea besterik ez dago, eta noski, hedabideez gain, igotako edukiek daukaten bisita kopuruan. Berria egunkarian youtuberrak zituzten hizpide Angel Errok eta Zaldieroak. Erroren arabera, “Youtuber fake-aren ondoren, merkatu kuota dagoela ikusita, gehiago etorriko dira”; ea egia den.

Youtuberrak, zentsura eta elipse irrigarriak

Panorama hankaz gora jarri zuena SuperTxope izan zen, lantalde baten laguntzaz, eta komunikazio politikoari dagokionez aurrerapauso ausarta eta originala izan zen. Dakigunez, esperientzia hori bertan behera geratu da jada, bat baino gehiago sarean hori horrela izan ez zedila saiatu arren.

Nerea Arriola elkarrizketatu du Irutxuloko Hitzan Nerea Lizarraldek, eta besteak beste, honakoa dio Arriolak: telebistara jauzi egiterako garaian (Euskalduna naiz, eta zu?) SuperTxope atzean uztea erabaki zuela, helburu zehatz batzuetarako jaiotako pertsonaia baitzen, eta Katixa sortu. Gidoilari lanetan Kepa Matxain dabil, Hiru Damatxo ideia faktoriako kidea.

Baina euskaraz aritzen diren youtuberrena ez da fenomeno berria. Etxe honetan bertan SuperPagola erabiltzeari buruz idatzi dute duela gutxi; Berria egunkariak Zuriñe Darceles aipatzen zuen, besteak beste, pasa den azaroan egindako erreportaje batean. Berriki ezaguna egin den youtuberra da Aiora Mujika (@probatxoa), eta herenegun zerrenda hau jarri zuen Twiterren: aurretik aritu diren edota egun diharduten euskarazko youtuberrak. Angel Errok honakoa zioen bere zutabearen amaieran: “Etorriko direnek zilegitasuna emanen ahal diete lehenagotik eta oihartzunik gabe aritutako euskal youtuber frikiei…”. Beno, frikie edo ez frikie, doakie aitortza txiki bat hemendik, ez baita nolanahiko zerrenda.

Youtuberrak, zentsura eta elipse irrigarriak

Nik uste etorkizun hurbil batean guztien inguruan egin daitekeela errepaso bat, baina gaurkoan SuperTxoperen eboluzioaz, Katixaz, hitz egin nahi nuke, gustuko baitut: hizkuntza erabiltzeko modua, jartzen dituen aurpegiak, pelikula estatubatuarretan agertzen diren haserretutako emakume beltzen gisan lepoa mugitzeko daukan manera hori… Katixa ona da, baina…

Bai, baina bat dago, eta ez da, inondik inora, Katixaren ingurukoa. Arriolak honakoa dio elkarrizketan: “(Katixa) Super Txope baino zakarragoa da, bihurriagoa. Ez da Txope bezain maitagarria”.  Ziur baietz, eta ziur EITB-ko norbait ohartu dela hortaz.

Aurreko batean Katixak kontatzen zigun oso dibertigarria dela klase-kideak alderdi politiko batean sailkatzea (39:12 minututik aurrera).

  • Klaseko protestoia, eskua altxatzen du beti irakasleari kontra egiteko, baina ez du lortzen klase-kide gehienak arrazoia ematerik. BILDU.
  • Klaseko berria. Guaiarena egiten du, ondo erortzeko, baina beno, ia, zure lekura… PODEMOS.
  • Klaseko alferra, hasieran irakaslea engainatu egiten du lanak azkeneko unean entregatzen, baina bere notak geroz eta okerragoak dira. PSOE.

Oso ondo dago guztiez barre egitea. GUZTIEZ. Zeren eta, jada ohartu ez bazarete, lehen klasekidea ez da izendatzen; definitu bai, baina sailkatu ez, eta bere hutsuneak Katixaren hitzartze osoa betetzen du.

  • Badaki ikasle protestazaleengana gerturatzen, baina irakaslearen kutunena izaten ere badaki. ELIPSEA. ISILTASUNA. TXISKOLA PASA.

Youtuberra librea da sarean sudurraren puntan jartzen zaiona esateko, eta ziurrenik Katixak bere horretan dihardu kate publikoan ere; baina agian, kate publikorako bideo bat grabatu ondoren “norbait” guraizeak sartzen hasten da, gustatzen ez zaiona kentzeko. Modu narratsean, gainera, elipsi irrigarriak sortuz.

Akats bat izan da? Baliteke. Katixari pasa egin zitzaion EAJ esatea? Harritzen naiz, baino beno, demagun posible dela. Flipatzen ari naiz eta ispilatze hutsak ikusten ditut ez dauden tokian? Akaso. Adierazpen askatasun eskubidea bortizki urratzen den mundu honetan txikikeria bat da? Apika, baina niri detaile txiki bezain esanguratsua iruditzen zait. Aukerak aukera, dirua jokatu beharko banu apustu egingo nuke EITB-ko komisarioren baten filtroa pasa eta gero sortu dela hainbeste esaten digun isilune hori; baina beno, beti izan naiz gaizki pentsatu eta konspiranoikoa.

Zer esango nioke komisarioari (arrazoia banu, kasu hipotetikoren batean)? Laboa eta Artzeren abestia egokitzea besterik ez zait geratzen.

Youtuberrak, zentsura eta elipse irrigarriak

Iritzia kendu izan banio nerea izango zen,

ez zuen alde egingo,

baina horrela ez zen gehiago youtuberra izango,

eta nik, youtuberra nahi nuen

(zuk ez dakit).

 

(Post-scriptum)

Idatzi hau argitaratu eta ordu batzuetara txio hau idatzi didate.

Gauzak diren bezala onartu behar dira, dirua jokatu dut eta galdu. Ez da zentsura izan, edizio akats bat baizik. Hala eta guztiz idatzian agerikoa den zerbaitetan berresten naiz: ez naiz fido gure telebista publikoaren objektibitateaz (albistegietatik hasita).

Youtuberrak, zentsura eta elipse irrigarriak
Youtuberrak, zentsura eta elipse irrigarriak

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.