Aro berria hasi du PuntuEUS Fundazioak

Aro berria hasi du PuntuEUS Fundazioak

  • Iñaki Goirizelaia izango da PuntuEUS Fundazioaren lehendakari berria, Joan Mari Torrealdairen lekukoa hartuta
  • 2020 Plan Estrategikoan jaso denez, .EUS domeinuaren bidez, euskara, ingurune digitalean, baliagarri, erabilgarri eta ikusgarri egitea da PuntuEUS Fundazioaren xedea
  • Domeinuak izan duen hazkundeari esker, prezioa jeistea lortu da: 50 eurotik 30era

 

Bilbon, 2016ko otsailaren 1ean

10 urte bete dira PuntuEUS proiektu-ideia jaio zenetik. 10 urte hauetako lorpenik handiena .EUS domeinuaren onarpena bera izan zen, 2013an. 2016a ere garrantzitsua izan da: domeinua egonkortu eta bideragarri egitea lortuta, 2020. urtera bitarteko erronken lanketa egin eta lan-ildoak definitu dira.

Testuinguru horretan, eta aro berriari begira, patronatua berritu du PuntuEUSek. Horrela, erakunde hauek dira PuntuEUS Fundazioaren patronatua osatzen dutenak: Kontseilua, Euskal Idazleen Elkartea, EKE, ESLE, Euskaltel, Euskaltzaindia, EHU, EITB eta PuntuEUS Elkartea. Patronatu berriaren lehen egitekoa lehendakari berria hautatzea izan da eta aurrerantzean Iñaki Goirizelaia izango da PuntuEUSen lehendakaria EHUren izenean. Orain arte, Euskaltzaindiak izan du beti PuntuEUSen lehendakaritza, Andoni Sagarnarnak lehendabizi eta Joan Mari Torrealdaik ondoren.

Iñaki Goirizelaiak PuntuEUS 2020 Plan Estrategikoa aurkeztu du, zeinetan datozen urteetarako oinarri eta helburu estrategikoak ezarri diren, .EUS domeinuaren eta Fundazioaren erronkak. Xedea .EUS domeinuaren bidez, euskara, ingurune digitalean, baliagarri, erabilgarri eta ikusgarri egitea da. Xede honen garapenaren bidez PuntuEUS Fundazioak Ingurune digitalean euskara lehen mailako hizkuntza izatea lortu nahi du.

Hau errealitate bihurtzeko lau erronka estrategiko identifikatu dira:
• INGURUNE DIGITALA: Ingurune digitalean euskararen erabilera indartzea
• DOMEINUA: .EUS izatea Euskal Herriko 3. domeinua
• KOMUNITATEA: Komunitate zabalagoa, handiagoa eta biziagoa lortu
• MARKA: .EUS izatea euskal Ingurune Digitaleko lehenengo erreferentzia

Aro berria hasi du PuntuEUS Fundazioak

Prezio jaitsiera

PuntuEUS domeinua merkaturatu zenetik, 2014ko abenduan, 6.300 domeinu-izendik gora eregistratu dira. Josu Waliñok, PuntuEUSen zuzendariak azaldu duenez, “.EUS domeinuaren hazkundea euskal komunitatearen inplikazio eta bultzadari zor diogu. Domeinuaren jaiotzatik komunitate handia izan dugu babesle eta sustatzaile, eta sostengu horri esker orain domeinuaren prezioa jaisteko moduan gaude”.

PuntuEUS Fundazioaren bideragarritasun ekonomikoa Interneteko domeinuen salmentan oinarritzen da, eta ondorioz, domeinu kopuru altua izatea ezinbestekoa da .EUS domeinuaren prezioa jaitsi ahal izateko. “Domeinua publikora zabaldu zenean 50 euro izan zen oinarrizko prezioa eta hala mantendu da azken bi urteotan. Askotan eskatu digute prezio hori jaistea, .com, .net eta gainerakoek dutenaren antzeko prezioa ezarriz, baina orain arte ezinezkoa izan da, hori egiteko erregistratutako domeinu kopuruak handiagoa behar zelako”.

Orain ordea, komunitatearen laguntzari esker 6.000 domeinuen langa gainditu da eta horri esker prezioa jeitsi da erabiltzaile guztientzat, erregistro berrientzat eta lehendik .EUS domeinu-izena zutenentzat.

Gaurtik aurrera, honakoa izango da .EUS domeinuaren oinarrizko prezio berria:

• Erregistroa: 29 €
• Berritzea: 35 €

Waliñok azaldu duenez kontuan izan behar da “.EUS domeinuaren azken prezioa ez duela Fundazioak ezartzen. Domeinu-izenen salmenta zuzena Interneteko erregistratzaileek egiten dute, eta haiek ezartzen dute erabiltzaileek ordaindu beharreko prezioa”.

Erabiltzaileei aurkeraketan laguntzeko erregistratzaile nagusiek eskaintzen dituzten prezio eta zerbitzuak aurkezten dituen prezio-taula publikoa da eta PuntuEUSen webgunean ikus daiteke:
https://www.domeinuak.eus/eu/erregistratu/

Aro berria hasi du PuntuEUS Fundazioak

PuntuEUS Fundazioaren ibilbidea: 2007 – 2017

2007: .EUS domeinuaren proiektuaren jaiotza
2008: PuntuEus Elkartea eratu zen, Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatea egituratzeko helburuarekin
2008-2012: PuntuEUS Elkarteak zabaltze prozesu bat bizi zuen eta guztira 58 elkarte eta erakundek osatzen dute PuntuEus Elkartea
2012: PuntuEus Elkarteak PuntuEus Fundazioa sortu zuen eta azken hau izan zen ICANNen aurrean .EUS domeinuaren eskaria aurkeztu zuena. Joan Mari Torrealdaik hartu zuen lehendakaritza.
2013ko ekainaren 14an: eskari horren ebaluazioaren ondoren jakin genuen .EUS domeinua onartua izan zela
2014ko udaberrian .EUS domeinua Interneten ikusgai
2014ko ekainaren 28an: 92 aitzindari online
2014ko udazkenean .EUS domeinuaren abiarazte aldia
2014ko abenduaren 3an .EUS domeinuaren irekiera orokorra
2016ko urtarrilean: 5.000 domeinu-izen erregistratuta
2017ko otsailaren 1ean: prezio-jaitsiera orokorra eta lehendakari aldaketa: Iñaki Goirizelaia lehendakari berria EHUren izenean.

Aro berria hasi du PuntuEUS Fundazioak

Plan Estrategikoa 2020

PuntuEUS Fundazioak 2016-2020 Plan Estrategikoa landu du komunitatearen parte-hartzearekin. Plan Estrategiko honetan datozen urtetarako oinarri eta helburu estrategikoak ezarri dira, .EUS domeinuaren eta Fundazioaren erronkak finkatuz.
2020 Plan Estrategikoan honako xedea definitu du PuntuEUS Fundazioak:

.EUS domeinuaren bidez, euskara, ingurune digitalean, baliagarri, erabilgarri eta ikusgarri egitea

Xede honen garapenaren bidez PuntuEUS Fundazioaren ikuspegia betetzea dugu helburu, honakoa:

Ingurune digitalean euskara lehen mailako hizkuntza izatea

Hau errealitate bihurtzeko lau erronka estrategiko identifikatu ditugu:

• INGURUNE DIGITALA: Ingurune digitalean euskararen erabilera indartzea
• DOMEINUA: .EUS izatea Euskal Herriko 3. domeinua
• KOMUNITATEA: Komunitate zabalagoa, handiagoa eta biziagoa lortu
• MARKA: .EUS izatea euskal Ingurune Digitaleko lehenengo erreferentzia

Eta erronka horiek garatzeko, Fundazioaren balioak dira gure oinarria:
• AUSARDIA: Erronken aurrean ausarta eta egiteko moduetan eta emaitzetan berritzailea
• KONPROMISOA: Euskara eta euskararen herriarekin konpromisoa
• ELKARLANA: Egituratik hasi eta edozein ekimenetan elkarlana eta gardentasuna abiapuntu eta helburu
• INKLUSIBITATEA: .EUS komunitatea askotarikoa da eta izaera hori naturaltasunez onartu eta sustatzea
• PRESTIGIOA: Egiten duguna ongi egin behar dugu

Ondoko grafikak laburbiltzen du modu bateratuan PuntuEUS Fundazioaren 2020 Plan Estrategikoa:

Aro berria hasi du PuntuEUS Fundazioak

Iñaki Goirizelaia Ordorika (Mungia, 1958 – )

Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan egin zituen ikasketak eta Euskal Herriko Unibertsitate publikoari lotuta egin du ibilbide osoa. EHUko ikerlari eta irakasle 1981etik Bilboko Goi Ingeniaritza eskolan. Euskaraz idatzi zuen doktore tesia, 1987ko maiatzean: Arkitektura berria eta algoritmoa ikuspegi artifizialaren bidez partzialki ikus daitezkeen piezak ezagutzeko.

Ingeniaritza Telematikoan katedraduna. EHUren Bizkaiko Campuseko errektoreorde izan zen. 2008ko abenduaren 4ko EHUren errektoretzarako hauteskundeak irabazi zituen. 2009ko urtarrilaren 9an izendatu zuten errektore. 2012an hautetsi bakarra izanik, berriro ere errektore atera zen eta lan horretan aritu da 2016ko abendu arte.

PuntuEUS proiektuari lotuta egon da sorreratik eta Fundazioko kide da, EHUren izenean, 2012an PuntuEUS Fundazioa sortu zenetik. Sarri adierazi izan duenez, “PuntuEUS ilusio bat izan da. Gaur egun errealitatea den ilusioa”.

Aro berria hasi du PuntuEUS Fundazioak

".eus" domeinua, Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da. Bere helburua euskara eta euskal kultura sustatu eta Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatea kohesionatzea da.