XXI. mendeko moralistak

Gizatalde bakoitzak bere moralistak ditu eta gaurkoa ez da salbuespena. Zer ikusi eta zer egin behar dudan esaten didatenez ari naiz. Egun, sare sozialetatik higitzen dira; batzuek futbolak sena jango digula ohartarazten digute (futbola ikustea pekatua omen), beste batzuek, ordea, ohiko TTak ikusita burua galtzen dute eta munduaren aurka astintzen dituzte txioak, Jainkoaren aurrean gurturik gizartearen pekatuak salatuz.

Jendaurrean agertzeko era ezberdinak dituzte moralista berriek, izan ere, mundua aurka dute. Estonagarriena hauxe da: Estatu Batuetan hildakoak egoten diren bakoitzean, munduko ez dakit nongo herrietako lagunak hil direla sarraski batean gogora ekartzen digute. Biziki aztoratzen nauen jarrera da, zeren eta ez baitut susmatzen zer onik egiten digunik hildakoen lehiaketa egiteak. Baiki, hildako guztiak begirunea merezi dute eta koherentziaz jokatzeko, ahaide bat hiltzen zaigunean, bera bakarrik ez, baina eskeletan agertzen diren guztiak gomutan izan behar ditugu.

Zoritxarrez, mundua jende arruntez beteriko lur eremua dela-eta, haraindikotasunik bako gizartea alderraia dugu. Ganorabakoak gu ez garenok konturatzen kontent egoteko arrazoi gutxi omen dagoela! Bizitza “ezjakintasuna” uxatzeko xenda korapilatsua delako. Horregatik, Hanneckeren azken filmea BSO-n ikusi eta Bob Dylanen argitaratu gabeko abesti eta poesiak dasta ditzagun, hori delako geure burua salbatzeko modu bakarra.

Bestela, guk, bekatariok, futbola ikusten dugunok eta best-sellerrak irakurtzen ditugunok ezjakintasunaren inpernura kondenatuta gaude, arruntegiak bide garelako eta onartezina da zeren ez baikara konturatzen “egiazko” norabidearen kontra goazela.

El blog de seiren-dik ateratako irudia

Jon Intxaurraga

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.