Vox kanpora; «hic hoc fas est dictu»
Vox kanpora –
Otsailaren lehena Ezkabapean, Berriozarren. Voxeko bost lagun, hamaika foruzainen babesarekin eta neurrigabeko kargak auzokideen kontra; foam pilotakada eta borrakaden ondorioz kolpatu andana Berriozarren igande goiz honetan, anbulantziaz eraman duten neska gazte bat eta artatu behar izan dituzten beste bi, besteak beste.
Voxek ez du ordezkaririk Berriozarko Udalean, eta bere presentzia eta lana herrian hutsaren hurrengoa dira. Haatik, bezperan Iruñeko Arrotxapean gertatu bezala, aski dira bost faxista eta Foruzaingoaren jarrera oldarkorra aspaldi gertatzen ez ziren istiluak eta zaurituak gertatzeko. Istiluen berri izan ondoren, herriko alkatea eta alkateordea bertaratu ziren, eta polizien arduradunari egoerari buruzko informazioa eskatu zioten, baina ez zuten erantzunik jaso. Une horretan, foruzain arduradunari berari jakinarazi zitzaion Voxen ekitaldiak ez zuela Berriozarko Udalaren berariazko baimenik.
Igandeon foruzainak tonto utilak izan dira, zeren karga bortitz horiei esker Voxen mesederako propaganda egin diote taldetxo faxistari. Bitxia da, zeren eta Voxek ez ditu Nafarroaren foruak maite eta, boterera helduko balitz, ez luke inolako arazorik izango Foru Komunitatearen eskuduntzak kentzeko, Foruzaingoa bera ere desagerraraziz.
Foruzain horiek berek euren buruari galdetuko zioten zeinen alde ari ziren. Zizeron zaharrak zioen hau: Hic hoc fas est dictu? Zilegi da hemen aldarrikatzea?: faxismoa kanpora.