Vascofonoak eta vascofoboak

Vascofonoak eta vascofoboak

Vascofonoak eta vascofoboakDuela denbora dezente adiskide batek mesede bat eskatu zidan. Bere herriko lagun batzuk musika talde bat ari ziren sortzen, eta luzatu zidan gonbidapena zera izan zen, ea ni, beste askoren artean, animatuko ote nintzen abestiren bat idaztera. Ariketa berria zen niretzat, baina gustura heldu nion, eta horrela idatzi nuen “iraultza sirokoak”. Ez dakit sortu nuen kanta harren ondorioz izan ote zen, baina oraindik izenik ez zuen talde horrek “Siroka” bataiatu zuen bere burua.

Parentesi txiki bat zabalduko dut. Aurreko astean, utzikeria luze xamar baten ondoren, nire gelako liburutegia ordenatzeari ekin nion. Garai batean apaletan liburuak ez ziren beste gauza askok zeukaten tokia, esaterako argazkiek edota musika ekipoak; orain lehenak hormara pasatu ditut, bigarrena mahaira. Tokia egin nahi diot, besteak beste, Aingeru Epalzaren trilogiari; lehen liburua irakurri berri dut, eta bikaina da zinez, hurrengoak irakurtzeko gogoz utzi nau, zorionak benetan. Garbiketa horretan nenbilela, “iraultza sirokoak” idatzi nuen orria agertu zitzaidan, zirriborro, tipex eta eranskinekin. Ez dakit zuei berdina gertatu ote zaizuen, baina nire kaligrafia dezente okertu da ordenagailu bat eskuratu nuenetik; ez dakit zer pentsatuko lukeen grafologo batek niri buruz. Itxi parentesia.

“Siroka” Enkarterrietako musika taldea da, eta beren sorkuntza osoa euskaraz egiten dute, testuinguru ia erabat erdaldunean. Bigarren diskoa kaleratu aurretik ere beste kanta bat idatzi nien, hau ia ekimen propioz, duela urte batzuk. “Hi vascofona” deitu nion kantari, eta hurrengo lerroen azalpena emango dut:

Izatez, euskaraz eta odolez hustu nahi dizkigute zainak.
hala balitz, ba al dakizu ze aroma lukeen zure mingainak?
hildakoek joatean arropetan utzi ohi duten usaina.

Vascofonoak eta vascofoboakAutokritika egitea tokatzen zait. Izan ere, Enkarterrietako talde batentzako abestia goierritar baten begiradatik idatzi nuela ohartu naiz. Letra hau idaztean hartzaile profil batengan pentsatu nuen: euskara ama hizkuntza, etxeko edo herriko hizkuntza izan arren, gazteleraz bizitzeko hautua egiten duena. Hori Goierrin dezente ikusten da, baina ez dut uste Enkarterrietan hala denik.

Inoiz etxeko norbait galdu baduzue errazago ulertuko duzue esan nahi dudana. Gertuko norbait hil ondorengo egunak oso zailak dira guztiontzat. Hildakoa agurtu ondoren, etxera itzuli eta hutsune handia nabaritzen da, baina hutsune horretan bada, niretzat behintzat, beste elementu guztiei gailentzen zaien ezaugarri bat: usaina. Oraindik ere galdu berri dugunaren usaina nabaritzen da etxean, bereziki bere arropetan. Hor dago kantan planteatzen nuen alderaketa: bere hizkuntza alde batera uzten duenaren hatsaren usaina, eta hildakoek atzean uzten duten arroparena.

Nafarroan beste batzuei antzeko ideia entzun diet beste hitz batzuekin, “Retegi sindromea” esaterako.

– Zergatik ez diozu euskaraz erakutsi semeari?

– Amak ez daki eta…

– Amak ere ez du jakingo pilotan jokatzen baina hori primeran erakutsi diozu ba mutilari!

Kontua da berea baztertzen duten vascofonoez gain, euskaraz ez dakiten vascofobo asko ere badagoela gure herri okupatu eta kolonizatuan. Akitanian eta Gaztelan jende xume gehienari bost axola euskara, baina Euskal Herrian hizkuntzarekiko gorroto handia erein da mendeetan zehar. Aurreko astean Zuhaitz Ordokik idatzi zuen, ZUZEU bertan, euskararen gaia lanabes nagusi bezala erabiliko dutela erregimenaren jarraitzaileek, hedabideek barne; iruzkinetako batean diote hedabideek jendeari entzun nahi dutena ematen dietela. Biekin nago ados. Mendeetan gutxietsi eta baztertu da euskara Nafarroan (eta Euskal Herri osoan) botere guneetatik, eta horrek jende askorengan utzi duen vascofobia ezingo da denbora laburrean irauli. Arnas luzeko borroka baten aurrean gaude.

Horrelakoetan ardatzak kokatzea izaten omen da gakoa. Vascofoboek demokrata-inposatzaile ardatza ezarri nahiko dute, eta kosmopaletoek kosmopolita-paleto; euskara hauspotu nahi dugunok non kokatu behar dugu? Iruditzen zait vascofono eta vascofobo artean kokatuz gero galtzen aterako ginatekeela. Apartheid-demokrazian dago indargunea, eta diskurtsoa ongi zaindu, hartzailearen profila aintzat hartuz; ez nik kanta idatzi nuenean bezala.  

Amaitzeko ahotsa.info hedabideak aurreko astean egindako bideo hau ikustea gomendatzen dizuet, entzun dezazuen (gaztelania batuan) zer dioten beste aldekoek, baita bukaeran kazetariak berak luzatzen duen hausnarketa. Kontzentrazioa UGT eta CCOO sindikatuek deitutakoa da (hasperena), lan eskaintza publikoaren gehiengo lotsagarria gazteleraz eskaintzen denean (aspermena). Larunbatean plazan kontzentrazio hori, eta herenegun ez ziren grebaren alde posizionatu TRW enpresan. Hauek ere sindikalismoaz hizketan entzuten ditudanean hildakoek arropetan utzitako usainaren antzeko zerbait datorkit, aspaldi zendu zen zerbaiten oihartzuna.

Vascofonoak eta vascofoboak
beñat, euskara, hach embarek, nafarroa, siroka, vascofoboak, vascofonoak
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

5 pentsamendu “Vascofonoak eta vascofoboak”-ri buruz

  • Gauz askorekin bat nator, baina nik ez dut uste hartzailea hain aintzat hartu behar danik, aintzat hartu gintuzten euskara lapurtzeko? Ez lapurtu ziguten ta lapurtuak izan diren asko hori hobetsi dute.
    Beraz niretzako gehiago egin daiteke behartuz ezer haintzat hartuz baino.

    Enpresa bat baldin badut ta euskara derrigorrez dakien jendea kontratu behar badut, jendea euskara ikasiko du, funtzionario izateko derrigorra eginda, jendea onez edo txarrez, ikasiko zun.

    Lagunekin nagoenean, gazteleradunari zerbait azaldu behar badiet, ez zait besterik gelditzen, gazteleraz egin beharko diet.
    Aintzat hartzen nau ez dakienak? Ez, behartzen nau.
    Hori bai, taldea geranean, euskaldunari euskaraz egingo diot, bestea izorratzen dela? Bale, baina askotan gertatzen bazaio, onez edo txarrez, euskara ikas dezan aukerak biderkatzen dira.

    Nekeza ta liskartsua izan daitekeela? Bale, baina gauz asko lortzen dira ere.
    Ta gune erdaldunetan, zailagoa izango zuten ados, baina gero ta gehiago horrela jardunda, erdalunek ikusiko zuketen euskararik jakin ezean, ezin direla denetaz ohartu.

    Zuk kanta “saltzeko” haintzat izan beharko dezu bestea, zerbait legez jartzeko ez, boterea badezu.
    Ta jada ikusentzunezkoak badituzu zure jarrera babesteko….
    Ongi izan.

    • Beñat Hach Embarek
      Beñat Hach Embarek 2016-02-25 13:27

      Aupa Sugar! Arrazoia duzu, inork ez zigun baimenik eskatu gure lurra okupatu eta gure hizkuntza zokoratzeko. Baina begira Gipuzkoari. Kapital handien mesedera jokatu beharrean, erraustegiaren aurka egin eta herritar eta ingurumenarentzako hautu onena babestu eta bultzatu zen. Beraz aurrera eta kito. Orain Markel Olano da ahaldun nagusia, diputazioa utzi baino egun batzuk lehenago SWAP iraingarri hura sinatu eta denon kontura angulak jatera joan zena.
      Gipuzkoako esperientziak zerbait erakutsi badu, zera da, batzuetan gehiengo instituzionalak eta sozialak ez daukatela zerikusirik. Zilegi da zuk diozuna? Noski baietz, erabat ados nago zurekin. Horrek praktikan ahalbidetuko du aldaketa Nafarroan, errotik? Ez dakit. Horretarako herri mugimenduak bultzada handia eman behar dio gaiari, eta instituzioek borondatea izanda ere (eta Ezkerra zein Podemos hasi dira errenka) lau urte baino gehiago beharko dituzte 500 urtetan okupatzaileak kakaztu duen afera bati buelta emateko.
      Oroitzen naiz herrietan sortu ziren aldi baterako plataformez, “atez-atekoa ez, birziklapena bai”. Bideoan diskurtso hori presente dagoela baiezta dezakezu: “euskara bai, inposizioa ez”. Zu eta ni erabat ados gaude hori astakeria bat dela, eta euskara beharrezkoa bihurtu behar dugula biziraun nahi badu. Baina kontua da Nafarroako gizartearen gehiengoa gure alde posizionatu behar dugula epe luzera lan egin ahal izateko, eta hor nahitaezkoa da hartzaile profil ezberdinak aintzat hartzea.
      Ondo izan!

  • Niretzako Nafarroako gizartea euskararen alde pozizionatzeko egin daitekeen hoberena (zuk aipatutakoaz aparte) euskara erabiltzea da, ta euskara erabiltzeko nahikoa litzateke euskaldunak barra barra hasiko baziran erdaldunak deseroso sentituz.
    Gauz bat da NFEko gobernuak egin dezakena herritar erdaldunak ere kontuan hartuz, ta bestea herritar normalak egin dezakeguna.
    Ta euskara erabiliz beraien aurrean behin ta berriro, haiek ikastea eragingo luke, ez maitasunarengatik baizik ta denaz ohartzeagatik, baina gaur egun gaztelerarekin nahiko dutenez denetaz ohartzeko….

    Alderdiak jendearen ezjakintasunari, babukeriei… egin behar dio men, ikusentzuenzkoak alde badin badituzu gutxiago, zuk sortuko zenukelako iritzia, baina herritar soilak?

    Nik ez diot inor ezer zor, ni ez naute gazteleradunek haintzat hartzen, beraz zergatik hartuko ditut nik haintzat? Guk zergatik ikasi genun gaztelera? Ez zan gehiengo sozialak nahi zuelako ez? Orduan ez da hain beharrezkoa besteak haintzat hartzea.

    Gauza da oso ondo gelditzen dela euskararen aldeko festa orotara joatea, beraien alde zaudela erratea (gehienetan gazteleraz gainera) ta gero kontrakoa egitea (nik hala jardun dut askotan betiko aitzakiak dela medio).
    Baina noiz lortu dut euskara (hitzegiterakoan behintzat) gaztelera bezain beste edo gehiago erabiltzea?Noiz lortu dut bakarrik ulertzen dutenak euskara egin dezan eskatu nazaten?
    Erabiltzen, besteak haintzat hartuz bakarrik besterik gelditzen ez zitzaidanean.
    Guztiz ezin dala? Bale baina bai jende morod uste duena baino askoz gehiago.

    Jendea ez du ikasten gustoko duelako (ez gehienak behintzat), beharko dutelako baizik.
    Beraz edo beharra sortzen diegu ahal degun heinean, edo gureak egin du.
    Ta ez dirudienez behar hoiek politikariek sortuko dituztenik , EAEn sortu ez dituzten bezala,beraz…

    Haserretzen direla? Ta? UPN bozkatuko dutela? Ta? Gurearekin jarraitzearekin hobeagoa litzateke nire iritziz.

    Hori ez du erran nahi beste ekintza asko egin behar ez direnik, politikariei ez diegunik gehiago eskatu behar….
    Ongi izan.

    • Arrazoia duzu, jendearen borondatea erakundeek euskara sustatzeko gastatu duten dirua baino askoz erangikorragoa da, baina Euskal Herrian “erakundetitis akutua” daukagu eta jaurlaritza diruaren bidez arazo guztiak konponduko dituela uste dugu.

  • Ahaztu zait, Gipuzkoan birziklatzearen alde daudnak diotenak zaborra banaduko bazuten, naiz ta borondatezkoa izan, gaur egun 60 mila zabor tona sortuko lirateke bakarrik, errautskailuaren beharra guztiz ezeztatuz, gauza da jendea ez dula birziklatu nahi.
    Birziklatzea jarri dudan lekua euskara jarri ta….
    Gauz da besteak ezin ditudala birziklatzera derrigortu, baina bai nire euskara entzutera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude