[Uztaritze Iraultza Garaian XXI] Laborde kantoinameduaren komisioaren arazoak 1796-1797
Laborde kantoinameduaren komisioaren arazoak –
Munduteguy ordeztu zuen Laborde herritar hori zinez pertsonaia xelebrea zen. Departamenduko Administraziotik geratu gabe jasotzen zituen aginduez eta kontra aginduez nazkatuta, bere omore txarra erakutsi zuen. Ahantzi zuen Administrazioarekiko harremanetan ironia ez dela gainetik behera baizik egiten.
Bordeu Departamenduko Zuzendaritzako Komisario Exekutiboak, Kantoinamenduetako komisario guziei igorri zien zirkular bat zeinean agintzen baitzuen egun guzietako aktibitate guzia xehe xehean idatz zezaioten hamar egunetik behin.
1796ko abendoaren 10an, Labordek erantzun hau egin zion:
«Jaun guziz ederra, hilabete honen 1eko, zure zirkularra Uztaritzera iritsi da ximisten eta ekaitzen artean erortzen den ihurzuria bezala!
Idatzi ditutzun letren bitartez ulertzen dut denak apaldu behar garela zure aurrean, deus ez dela eskapatuko zure inkestei, dena prestatu duzula begi kolpe batez zure esklaboen falta handienak behala ikusteko!
Jaun guziz miresgarria, zure oinak musukatzen ditut umiltasun sakonenarekin, eta, etorkizunean ene egin ahal guziak eginen ditut eginbidea beteko dutenei hitz eman duzun zure babesaren onurak merezitzeko»
Eta huna bere aktibitate txosten baten zenbait lagin :
«Primidi: aro ederra zen, jende anitz lurra arakatzen ari ziren, zer egiten zuten galdegin diet, erantzun didate garia ereiten ari zirela»
«Quartidi : 8 mando handi eta kargatu ikusi ditut auzo baten bortaren aurrean, erran diot mandoak lekuz aldatzeko pasaia oztopatzen zutelako»
«Septidi: Izan naiz Bakezko Jujearen Moleresenean, urrun urrunean dena, ikarragarriko lohia bazen»
«Octidi: bi jendarma pasatu dira paper orri handi bat aurkeztu dutenak, galdegin didate ene deitura idazteko karratu tipi batean, eta, horixe egin dut»
Bordeuk hasarre, beherala idatzi zion Zuzendaritza Exekutiboaren Administrazio Zentralari, gehituz jaso zuen dokumentua eta erranez:
«Nehoiz ez da funtzionari publiko bat bere funtzioetaz jostatu horrelako lotsagabekeriarekin»
Eta erreklamatu zuen gaztigu eredugarri bat[1].
Laborde gaizoak bere soldata segituan galdu zuen eta lanpostua ere 6 hilabete berantago, 1797ko ekainean
Laborden joaitea sentiturik ere, Uztaritzeko Udal kontseiluak ez zuen guti baizik egin hura defendatzeko Departamenduko Administraziaoen aurrean. Izan ere, Paueko Direktoriak inposatua izan zitzaion pertsonalitate bat zen eta.
Udalerriko arazoak. Plaza publikoa. 1795ko abendoa.(69.otrrialdea)
1795ko abendoaren 20an, Udalkontseiluak erabaki zuen eraikuntzako lan bat Hiribehereko plaza berrantolatzeko. Orduan ez zen gehiago Iraultza plaza deitzen.
Interesgarria da erabaki horren aurrekariak irakurtzea:
«Udalerri honen biztanleek egindako Lur kontsezio galderaren aurrean…
Ikusita galdera horrek egokiro zabaltzen duela funtzio asko bete dezakeen Udalerriko plaza publiko bakarra. Izan ere baliatzen dugu, eskuko pilota partidoetarako, Herriko gazteriaren arintasuna eta sendotasuna mantentzen duen gimnaztika bakarrerako eta diziplinerako beharrezkoak diren Gardia Nazionalaren martxa ariketak egiteko.
Ikusita Udalerriak plaza publiko bakartzat erabiliko duen lur hura neurri berdintsuko zenbait herriko larre agor batzuen kontra trukatzean asko irabaziko duela.
… boz bakar batez erabaki du gomitatzea Bernard Duhalde eta Gracieuse Detchegoyen senar emazteak… galdegin diegun kontsezioa onartzera »
Bernard Duhaldek eta bere emazteak, Sortha beren etxearen ondoan oraiko Hiribehereko plazaren erdian, bazaukaten beste etxe bat Sorthaenea deitua, seguraz ere aurritua. Bi etxe horien artean, bazen kapera pribatu tipi bat Santa Madaleni dedikatua. Proiektua beraz plaza zabaltzean zetzan Sorthaenia eta kapera lurrera botaz. Errekuperatutako harriak erabili beharko ziren arrabote jokorako behar zen murrua eraikitzeko.
Bilaldi berean, Udal Kontseiluak Udalerrian gauaz gertatzen ziren fenomeno bitxietaz arduratu behar izan zuen.
Anabasa eta galarrotsak. (69.orrialdean)
«Azken denbora hauetan, gauetan noiznahi, tiroak entzuten dira Uztaritzeko etxe guzien inguruetan. Denbora berean, lapurketak biderkatzen dira, Udalerriko oihanetan, oihan partikularrenetan, haien etxaldeetan, karriketan, bazter batimenduetan eta haien etxeen barnetan beretan. Lehenagotik ere ere gazte tropa batzu gauean lasterka ibiltzen zen hitz biziki larriak oihukatzen dituztela neska gazteei edo berdin ere emazteki adinekoei buruzko difamazio lazgarrienak. Bi buruetarik idekitako idi adarrekin tronpeta bezalako musika tresnak egiten dituzte difamazio horiek ikaragarriki ozenagoak izan daitezen gauaren ixiltasun sakonean… jakinda Naturak gizona egin duela sendimenduz eta eginbidez emaztekien eta haren generoaren babesle izaiteko eta beharra gertatzen balinbada mendekatzaile ere izaiteko, jakinda gizonarentzako Naturaren xede hain ohoragarri eta hunkigarri horren kontra egitea korrupzioaren manifestaldi miserable bat dela, euskadunaren ohizko bihotzberatasunarekin ezin elkartuzko koldarkeria agertzea dela»
Udal kontseiluak galarrotsak debekatu behar izan zituen, bainan urte luzeetan zehar jarraiki zuten oraindik.
Departamenduko Administrazio Zentralak jarraitzen zuen biziki meskontent agertzen Udalerriek «Iraultzaren etsaiei» buruz ereman behar zuketen politika zorrotzari dagokionez. 1796ko urtarrilaren 28an, utzikeriazko gaitzespen jakin batzu entzun eta Garatek Paueko Komisario Exekutiboari lehiatu zen erantzutera :
«Pasaporteak ez ditugu sekulan eman ongi ezagutzen ginituen gure kantoinamenduko jendeei baizik eta haien artean ez eiki ziren ez noble ez apaiz desterraturik. Bi jende mota horien alderako sendimendu guziak partekatzen ditugu… eta baldin gure kantonamendua preseski salatua izan bazaitzu baizik eta gaizkile horiek aterbetu edo babestuko ginituzkeela, aurretik egozten dugu salaketa hori kalumnia lazgarri bat bezala »
[1] MD : Artxibo nazionala F le III Basses Pyrenees 9, par Pierre Bayaud, gure herria uztaila abuztua 1954.