[Uztaritze iraultza garaian XX] Andre de Haitze, auzapez berria
Andre de Haitze, auzapez berria –
Errabia horrek Marithurriren posizioa gero ta ezin atxikiagoak bihurtzen zuen. Aiherkundeak metatzen ari ziren beraren eta Munduteguyren kontra. Honek bere Bakezko Jujearen ofizina jarri zuen Arruntzako « Eliza ohi »an.
Marraza[1]erori zen. Herriko kontseilua desegina izan zen eta Administrazio berria osatua 1795ko martxoan eta apirilean.
Tarbeseko presondegian egon zen Andre de Haitze izan zen auzapez berria eta Heraitzeko gazteluaren Joachim Larreguy aristokrata Bakezko Jujea. Agente nazionala Antoine Scholtus izan zen. Distriktaren Zuzendaritzak Dominique Garat Komisarioa mandatu zuen Autoritate berrien juramentua jasotzeko. Izendatze horren karietara, orduz geroztik Udalkontseilua bilduko zen Auzitegi zaharrean egin zuen hitzaldi bat biziki ohargarria nun gaitzetsi zituen « Robespierrek, Couthonek eta Saint-Justek osaturiko hirukotearen krimak eta desastreak » Goraipatu zituen Thermidorreko 9 eta 10eko bilaldiak «hiru tiranoak eta haien konplitzio lehenak guilotinara bidali zituenak». Azpimarratu zuen funtzioan zeuden autoritateen baztertu beharra, txalo arazi zuen Lozereko Monestier ordezkariaren deitura, presondegiak hustu zituena eta oso moderatua agertu zena kudeaketa zaharraren gainean, haren deklarazio honetan agertzen den bezala:
«…Populuaren aitzinean, udalkontseilari berriei zerbait erran nahi diet aurrekoek konpontzeko utzi dizkieten gaitzetaz, egiteko utzi ongietaz, eta, hobeki egiteko utzi eginbideetaz… »
Udalkontseilari ohiek berriei beren txapeltxo iduriko ikurrak eman zizkieten.
Marithurryk zuhur jokatu zuen. Lehenetarik izan zen Lozereko Monestier eskertzeko bozka araziz mozio bat, aldarrikatzen zuena:
«nork, bada , egin dezake hain justu eta hain egoki den gauza baten kontra ?» Dudarik gabe, gerora «Uztaritzeko tinpla» deitua izanen zen Dominique Joseph Garatek bazuen aurrekari bat ederra bere herrian !
1795ko elikagaien krisialdia (65.orrialdea)
1795ko udaberrian, frantziak izigarriko gosetea berriz nozitu zuen. Zergatiak anitzak ziren : gerlan zeuden armadek lehentasunez beretzen zituzten elikagai guziak, 1794ko udako idortea eta ondoko neguaren[2]gogortasuna, azkenean, paperezko monetaren %90ko despreziatzea diru idorrari begira.
Basses Pyreneesko Zuzendaritzak 6 milioi liberako mailegu bat altxatzeko baimena ukan zuen, bihiak atzerrian erosteko eta horrela biztanlegoaren beharrak asebetetzeko. Herritarrak Kapito Harrin bilduak izan ziren, mailegu horri buruzko suskripzioa publikoa izan dadien :
Prestatzaile handienak hauek izan ziren :
- Uhaldereneko Jean Larren alarguna 1000 libera
- Haitzeko Pierre 800 libera
- Haitzeko Andre 600 libera
- Abartachipiko Rideau Anderea, Haraneder sortua 600 libera
- Jatsu Lurmintoko Jean Gastambide, Notarioa 400 libera
- Etchepareko Dibasson apotikarioa 350 libera
- Latxaldeko Pierre Garay 250 libera
- Pierre Dithurbide deputatu ohia 200 libera
- Bernard Duhalde auzapez ohia 200 libera
- Hirigoineko Dominique Dibarrart 200 libera
- Papiabaitako Pierre Dassance grefier ohia. 200 libera
- Aldiz, 1795ko uztailaren 5an, horra Udaletxeak zer itzultzen zien biztanle hauei :
- Haitzeko Andreri 2094 libera
- Haitzeko Suzon Andreren arrebari 2000 libera
- Dominique Garati 2000 libera
- Antoine Scholtusi 2000 libera
- Campaineko Salaberryri 94 libera
Elikagaien erosteko( irrisa, gasna, gurin, asukre eta abar) egin zituzten abantzetarik.
Urte bat baino gehiagoz, Udalerriko Deliberamenduen Erregistroak ez du deus hautemangarririk agertzen. Emaiten du bilerarik ez zela gehiago egiten eta udalerriko bizitzaren erabakiak goragoko maila batean hartuak zirela. Alta gauza inportanteak gertatzen ziren. 1795ko uztailaren 22an, Bâleko bakeak Espainarekiko gerla eten zuen. Urte bereko irailean, hautesleak erreferendumera deituak izan ziren III.urtearen Konstituzioa zela eta. Urrian, Lege Asanbladarako hauteskundeak izan ziren. Horietarik guzietarik deus ez da agertzen liburuetan.
- Direktorioaren garaian (67.orrialdean)
1795ko azaroaren 26an, esplikazio gehiagorik gabe iragarria da, Konstituzioko lege berriaren araberan, Uztaritzeko kantoinamenduak edukiko zituela Uztaritze, Bilafranga, Jatsu eta Arbona. Dominique Garat Udaletxeko Administrazioaren Presidenta izendatua zen, Bernard Duhaldekin axuantatzat.
Falta zen Exekutiboaren Komisarioa. Departamenduko Administrazio Zentraleko erabakiaren arabera, harek berak behar zuen hautatu Uztaritzeko Udaletxeak proposaturiko zerrenda batean. Garatek proposatu zituen Uztaritzeko 3 lege gizon, denek fama ona zutenak:
Pierre Dithurbide
Simon Sorhaitz
Pierre Harriet, desterrutik itzulia eta Salha bere etxea errekuperatu zuena.
- Munduteguyren itzultzea. 1795ko abendoa- 1796ko urtarrila. (67.orrialdean)
1795ko abendoaren 21an, handia izan zen Udalkontseiluaren eta seguraz ere biztanlego guziaren harridura, jakin zutelarik Departamenduko Zuzendaritzak Jean Martin Munduteguy zuela hautatu. Gaitzitua, Garatek segituan idatzi zuen protestazio gutun bat zeinean, besteak beste, idazten baitzuen :
«Udal kontseilariek Goiko Autoritateari erran behar dio intentsio onez zituztela hiru pertsona horiek proposatu berak haien artean hauta dezan, eta zergatik intentsio on berarekin ez zutela Munduteguy proposatu»
Munduteguy hasi zen bere funtzioan, bainan ez zen luzaz egon bere izendatzeak sortu zituen protestengatik. 1796ko urtarrilaren 23an, Pierre Laborde Peyrehoradeko auzapez ohiak ordeztu zuen. Iduri du Pabeko Administrazioak ez zuela nehundik ere nahi Garatek proposaturiko hiru uztariztar horietarik bat.
Munduteguy Herriko etxean egon zen zenbat aste horietan, bere betiko usaian bezala jo ta ke aritu zen. Zerga bortxatua ordaindu behar zuen aberatseneen herenaren erregistroak egitera bultzatu zuen Zabal arazi zuen Kontseiluaren idazkaritzaren bulegoa. Berrantolatu zuen erregistroen sailkapena.
[1] BC : « couperet ( guillotine) » testuan.
[2] Negu horretan, frantses armadak izotzetan preso zen Holandiako flota harrapatu zuen Helderen.